Konponbideari begira

Elkarrizketak

Iñigo Urkullu. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

«Esaten den baino gehiago egiten ari da presoen gaian»

Ibarretxeren estatutu politikoa eta Ardanzaren bake plana oinarritzat hartuko ditu Iñigo Urkullu lehendakariak, 2015ean Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus berri bat lortzeko.

2013-01-20 / Edurne Begiristain

Eusko Jaurlaritzako lehendakari karguari tamaina hartzen ari zaio, oraindik, Iñigo Urkullu (Alonsotegi, Bizkaia, 1961). Hala ere, zeregin berrietan «gustura» dagoela aitortu du. Ajuria Eneko jauregian erantzun die BERRIA-ren galderei.

Krisialditik ateratzea, bakea sendotzea eta autogobernuan sakontzea dira legealdirako ezarri dituzun erronkak. Lehentasun bera dute hirurek?

Bai, lehentasun berbera dute. Baina epeetan badira ezberdintasunak. Batzuek epe laburrean eta motzean emaitzak behar dituzte, beste batzuk epe ertainean landu behar dira, eta beste batzuk epe luzera begira.

Esan duzu Jaurlaritzak buru-belarri ekingo diola krisialditik ateratzeko lanari. Beste bi erronkei, beraz, beste fase batean helduko diezu?

Ez, lehenengo egunetik lan egin beharko dugu bakegintza eta bizikidetza alorrean eta autogobernuaren esparruan, baina emaitzak luzera ikusiko dira. Berpizte ekonomikoak eskatzen du emaitzak epe motzean izatea.

Akordio zabalen beharra aldarrikatu duzu. Alderdiekiko harremanak lantzeari ekin diozu?

Neronek hilabete eskas daramat lehendakari gisa, eta sailburuek gutxiago. Baina hori horrela izanik, badut asmoa datorren astean ahaldun nagusiekin egoteko eta lurralde bakoitzaren diagnosia egiteko, eta Eudeleko presidentearekin ere bildu nahi dut. Hartu-eman horiek lagungarri izango zaizkigu egoeraren diagnosi zehatz bat irudikatzeko gizartearen aurrean, eta horri lotuta joango da aurrekontuen egitasmoa. Horrez gain, otsailaren 8tik martxoaren 4a bitartean, indar politikoekin biltzekoa naiz.

Inbestidura saioan esan zenuenez, alderdien mahairik eskatu beharrik ez dago Legebiltzarra delako mahaia. Eztabaida politikoa Legebiltzarrean bakarrik landuko duzu?

Niri erakunde esparrua dagokit, eta, alde horretatik, euskal gizartearen eta, batez ere, EAEko gizartearen ordezkaritza Eusko Legebiltzarrean dago. Horregatik uste dut Legebiltzarrak izan beharko lukeela eztabaidarako eta akordioetarako gunea. Baina horrek ez du oztopatzen beste gune batzuk egon ahal izatea.

Bake bidean eta konponbidean aurrera egiteko, zein ibilbide orri taxutu duzu?

Hiru bide dauzkagu. Batetik, Jaurlaritzari berari dagokio indarrean dagoen legedia betetzea, hau da, terrorismoaren biktimen aldeko neurriak jorratzen jarraitzea, eta Poliziak eragindako biktimak ere kontuan hartzea. Bestetik, Espainiako Gobernuarekin espetxe politikaren transferentzia eskuratzeko prozesua landu nahi dut. Eta, era berean, bizikidetza alorrean badira kontzientziazio pedagogikoarekin zerikusia duten gaiak. Bada, beraz, Jaurlaritzari bereziki dagokion esparru bat. Baina badira beste esparru batzuk, Jaurlaritzarekin ere elkarlanean jorratzekoak: adibidez, Legebiltzarrean sortu beharreko bakerako lantaldea. Uste dut ona dela bizi garen egoera honetan txosten bateratu batean txertatzea jorratu beharreko eremu guztiak: biktimen auzia, espetxe politika... Bestalde, oroimenaren, justiziaren eta bizikidetzaren institutua sortzea ere badagokio Jaurlaritzari.

Estatus politiko berria lortu nahi duzu EAErako. Ibarretxek proposatutako Estatutu Berriak balio al du gaur egun?

Bai. Bai Ibarretxerena, bai bere garaian Ardanza lehendakariak planteatu zuen plana, biak dira baliagarriak oinarri bezala. Biak ditut kontuan autogobernu estatus berri bat aldarrikatzeko orduan. Azken batean, biek ala biek autogobernu estatusaren eraldaketa bat proposatzen dute. Eta niretzat ere oso garrantzitsua da Ajuria Eneko Ituna. Gonbidatuko nuke euskal gizartea eta eragile politikoak irakurtzera itun horrek dioena, bizikidetzaren normalizaziorako esparruan eta bakegintzarako esparruan. Horiek guztiak oinarri dira. Urratsez urrats joan behar da autogobernu estatusik handiena lortuz, kontuan hartuta, batetik, Europako Batasuna orain nola eraikitzen ari den, eta, bestetik, zeintzuk izan behar duten Nafarroako erkidegoarekin izan beharreko harreman instituzionalak.

Erabakitzeko eskubidearen gauzatzean noraino iritsi nahi duzu?

Eusko Legebiltzarrak 1990ean autodeterminazioaren eskubidearen inguruan onartutako ebazpena erreferentzia da. Bestalde, EAJko kide naizen heinean, erabakitzeko eskubidearen gauzatzeko aldarrikapenarekin bat nator. Nik 2015erako estatus berria proposatzen dudanean, zera diot: has gaitezen alderdi politikoen artean adostasun bat lortzen, eraman dezagun adostasun hori Legebiltzarrera, eta, Legebiltzarrak ekimen hori gehiengo batez onartzen badu, izan dadila gizarteak berresten duena galdeketa baten bitartez.

Eta Madrilen ezezkoa jasotzen bada: orduan, zer?

Ez dut nahi egoera horretan jarri. Gainera, Estatuan jarrera batzuk aldatuz doazela ikusten ari gara. Adibidez, PSOE orain ari da esaten beharrezkoa dela Konstituzioa bera aldatzea, eta Katalunia eta Euskal Herria ez direla ongi txertatuak izan estatu eredu honetan. Orain hori ari dira esaten sozialistak. Nik ez dut kokatu nahi, beraz, gerta daitekeen egoera horretan. Joan gaitezen urratsak egiten, eta izan dezagun itxaropena gauzak alda daitezkeela.

Kataluniako ereduak balio al du Euskal Herriaren ibilbidea urratzeko? Zein ereduri begiratzen diozu? Eskoziakoari?

Erreferentzia gisa hartzen dut ez bakarrik Eskozian, baizik eta Erresuma Batuan gertatzen ari dena. EAJk planteatu du behin eta berriz galdeketa adostasunaren bitartez egin behar dela, eta hori da Eskozian gertatuko dena, baina gertatuko da Britania Handiko Gobernuak bat egiten duelako planteamendu horrekin eta akordio batera lorti dutelako. Hori bada erreferentzia. Gero zer galdetuko duten eskoziarrek ez dakigu, baina tresna gisa zer erabiliko duten eta tresna hori adostua izan dela, hori eredugarri da. Hori ere hemen gauzatuko den itxaropena badut.

Euskal nazioa Europan aldarrikatzen duzu. Hori Euskal Herri independente bat da? Planteamendu hori uztargarria da Espainian segitzearekin?

Jakin behar dugu zein errealitatetan bizi garen, eta oraintxe bi estatutan bizi gara. Eta batean, Espainian, bi eremu administratibo juridikotan. Hori dena nola uztartzen da? Egun batetik bestera ez da egiten, urratsez urrats egin behar den kontu bat da, eta jakin behar da hori egin ahal izateko gehiengoak eta gutxiengoak zeintzuk diren. Horregatik, akordioak behar dira. Nazioa Europan, beraz, ez da orain estatu independente bat izatea Europan, nahiz eta EAEn eta Nafarroan horretarako tresnak baditugun. Nazioa nahi dugu; beraz, ditugun esparru juridiko administratibo horietako ordezkari instituzionalek izan dezaten kokaleku bat EBko guneetan. Hori da Europan nazioa izateko lortzeko bidea.

Presoen eskubideen aldeko manifestazio erraldoia egin zen joan den larunbatean. Hausnarketarik?

Egiten dudan hausnarketa da konpondu gabeko arazo bat dagoela. Baina arazo hori ez da bakarrik etakideak edo ustez etakideak diren presoen arazoa, preso guztiena baizik. Preso arrunten errealitatea ere hor dago. Baina egia da espetxe politikak EPPKn duen eraginak ondorioak dituela bizikidetza normalizatuan. Larunbateko manifestazioak balio du Espainiako Gobernuko presidenteari ere jakinarazteko hemen arazo bat dagoela eta arazo hori ez dela konpondu behar bakarrik ETAk jarduera armatua utzi duelako, presoei eskubide batzuk onartzen dizkion legedi bat dagoelako baizik.

Presoen aferak, ordea, blokeatuta dago oraindik ere...

Zintzoki diot esaten den baino gehiago egiten ari dela gai horretan, baita Madrilgo gobernuaren aldetik ere, nahiz eta hori gutxi izan. Esaterako, joan den astean mugimendu batzuk izan ziren, eta ez dira jakinarazi, eta ezker abertzaleak ere ez du jakinarazi nahi izan. Gehiago egin daiteke eta egin behar da, baina denen aldetik, ez bakarrik lehendakariaren, Espainiako Gobernuaren edota alderdien aldetik, baita presoen aldetik ere.

Herritarrek Ertzaintzarekiko konfiantza berreskuratzea nahi duzu. Galdu egin da konfiantza hori?

Sortu zenean, Ertzaintzaren oinarrietako bat zen herritik sortutako Polizia izatea, herrizainak izatea, alegia. Hori horrela, sailaren izena ere aldatu egin dugu, eta Herrizaingo Saila deitu beharrean, Segurtasun Saila deitu diogu. Urte luzeetan Ertzaintza indarkeriari aurre egiteko egon da, eta uste dut bizi garen egoera honetan beste zentzu bat izan behar duela, sortu zenean izan zuen planteamendua berreskuratu behar duela. Horrekin ez dut esan nahi herritarrek Ertzaintzarekiko konfiantza galdu dutenik, baina bai hurbilago sentitu behar dutela. Kalean egon behar du Ertzaintzak, segurtasuna bermatu ahal izateko. Segurtasuna helburu izanik eta herriarekiko gertutasuna adierazita, prebentzioak, gaizkileak atxilotzeak eta ikerketek beharko lukete ezaugarri nagusiak.

Uste duzu Cabacas auziak eragina izan duela Ertzaintzarekiko konfiantza galtzeko?

Horrelako gertakariek beti dute eragina. Ez bakarrik gertakari tamalgarria izan zelako, tartean hildako bat izanda, baizik eta horri buruzko ikerketa kudeatu den moduagatik.

Argituko al da auzia?

Nahiko nuke argitzea.

Arartekoak salatu du aurreko Herrizaingo Sailaren laguntzarik ez zuela jaso Cabacas eta Nafarrateren auziak argitzeko. Hori aldatzeko neurririk hartu duzue?

Segurtasun Saila auzia aztertzen ari da. Kontuan izan behar da aurretik izandako arduradun batzuk badirela, beste goi kargudun batzuk berriak direla... Beraz, guri ez zaigu erraz egingo gertatu zena jakitea, baina gogoeta horretan dago Segurtasun Sail osoa.

Informazio osagarria

Publizitatea