Konponbideari begira

Elkarrizketak

Nagore Lopez de Luzuriaga eta Izaskun Abaiga. Etxerat-eko kideak

«Aldaketarik ez dugu ikusten, eta horrek ezinegona sortzen digu»

Preso, iheslari eta deportatuen egoera «lehen bezain krudela» dela diote Lopez de Luzuriagak eta Abaigak, eta horri buelta emateko «gizarte osoaren babesa» funtsezkoa dela uste dute.

2013-02-19 / Edurne Begiristain

Etxerat elkarteak igandean egindako XII. nazio batzarrean aztertutako lan ildoak azaldu dizkiete BERRIAri elkarteko kideek.

Zeintzuk dira igandeko batzarretik atera dituzuen ondorio nagusiak?

IZASKUN ABAIGA: Espetxeetako egoerak okerrera egin duela jakinda, senideok prest gaude egoera horri aurre egiteko, eta bitartekoak jarriko ditugu hori lortzeko. Egoera honi aurre egiteko, lan handia dago egiteko, eta gizarte osoaren babesa behar dugu.

NAGORE LOPEZ DE LUZURIAGA: Espetxe politikak presoei ez ezik, senideoi ere eragiten digu, gu ere bagarelako espetxe politikaren biktima, gure eskubideak ere urratu- ak direlako. Eta batzen gaituen horretatik egungo egoera iraultzeko egin beharreko lana adostu dugu.

Hausnarketarako txostena eztabaidatu zenuten, baita senideek egindako hainbat ekarpen ere. Zein gogoeta jaso dituzue?

I. A: Senideon artean sentsazio nagusia da ez dela nahikoa egiten, zentzu guztietan. Ezinegon hori dute. Eta ezinegon horretatik sortzen diren beharrak dira ekarpen gehienak, hau da, egoera hau desblokeatze aldera zer egin daitekeen galdetzen dute. Ezintasuna oso nabaria da.

N. L: Egoera politikoak berak isla zuzena dauka senideon ekarpenetan. Izan ere, gatazka egoera batean ulertezinak badira eskubideen urraketak, are gutxiago orain. Espero genuen preso, iheslari eta deportatuen auzia desblokeatzen hastea, baina geneuzkan aurreikuspenak ez dira bete, eta hortik sortu da ezinegona. Kontuan hartu behar da Etxerat osatzen duten senideak nagusiak direla, urte asko daramatzatela egoera hau pairatzen, eta zain daudela senideak etxera ekartzeko. Denborak ez du gure alde egiten, eta jendeak aldaketak ikusi nahi ditu. Horrez gain, senideek sentitzen dute eskubideen aldeko lanean subjektu garrantzitsua direla, eta euren espazioa eskatzen dute, erreferentzialtasun hori nahi dute eta talde izaera lantzearen beharra ikusten dute.

Eragile sozial eta politikoekin izandako hartu-emanen inguruan balorazio gazi-gozoa egin duzue.

N. L: Orain arte hartu nahi ez gaituzten eragileekin bildu gara, eta gure aldarrikapenen berri eman diegu. Iparraldean aukerak zabaldu dira hainbat pentsaeratako jendea batzeko, eta uste dugu eredu hori baliagarria dela hegoaldearentzat ere. Hemengo ordezkari politikoek badute zer ikasi eta zer ereduri jarraitu hau dena konponbide fase batean jartzeko eta urratsak egiten hasteko. Uste dugu positiboa dela komunikazio harreman horiek eraikitzea eta mahai baten inguruan elkarri entzutea. Eragile politikoen aldetik borondate oneko hitzak entzun ditugu maiz, baina guk baloratzen duguna aldaketak dira, eta alde horretatik, ez dugu urratsik sumatu. Pentsatu nahi dugu eragiten ariko direla bestelako esparru diskretoagoetan, eta hala bada, ongietorriak izango dira urrats horiek, baina gaur-gaurkoz errealitatea neurtzen dugu, eta errealitatea, gaur egun, lehen bezain krudela da.

Aurten ere eragile sozial eta politikoekin biltzen jarraitzeko asmoa duzue. Zein ate joko dituzue? Zein eskaera egingo diezue?

I. A: Etxerat-ek guztiekin biltzeko prestasuna dauka. Guk ate guztiak joko ditugu. Eragileei gutxieneko batzuk eskatzen dizkiegu beti: gure egoera aldatu beharra dagoela eta aldatzen ez den bitartean gure sufrimendua leundu behar dela.

Espetxeetako egoerak okerrera egin duela salatu duzue. Zertan egin du okerrera ?

I. A: Preso gaixoen zerrenda ez da jaitsi, Parot doktrina aplikatzen jarraitzen dute, sakabanaketari eusten diote, urruntzeak ere badira, senideok odoluste ekonomiko, fisiko eta psikologikoa pairatzen dugu...

N. L: Espetxeetako egoera tenkatu egin da, eta horrek ez du lekurik konponbide logika batean.

Martxoaren 20an Ines del Rioren auziari buruz Estrasburgoko auzitegiak dioena garrantzitsutzat jo duzue. Zergatik?

N. L: Batetik, presoaren beraren egoeragatik, bere garaian lapurtutako askatasun data berreskuratu dezakeelako. Baina bere kasuak Parot doktrina ezarri dieten beste presoen kasuan ere izango du eragina, eta garrantzitsua izango da nazioartean ikusiko delako hemen geratzen ari dena, eta eskubideen urraketaren salaketa gure mugetatik harago aterako delako.

Itxaropentsuak zarete Estrasburgok emango duen ebazpenarekin?

I. A: Gu beti tentuz ibiltzen gara, geure burua babesteko joera daukagulako. Ezin gara fidatu, interes politikoen araberako erabakia har dezakeelako auzitegiak.

N. L: Eskubideen ikuspuntutik, ez dugu zalantzarik ebazpena presoaren aldekoa izan beharko lukeekeela. Baina badakigu, zoritxarrez, Espainiako interes politikoek izugarrizko eragina dutela. Oinak lurreak ditugu, beraz.

Elkarteko kideei eman beharreko asistentzia psikologikoan sakontzeko beharra jaso duzue txostenean.

N. L: Aspalditik datorren beharra da, senideok muturreko egoerak pairatzen ditugulako. Hori horrela izanda, beharrezkoa ikusten genuen senideei galdetzea ea asistentzia psikologikoa jaso nahi zuten elkartetik bertatik, eta %85ek baiezkoa eman zuten. Ikusi dugu senideok pairatzen dugun egoerak asko markatzen duela, eta izaera kolektibo horretatik erantzun bat eman behar diogula, muturreko egoeratara iritsi baino lehen. Horretarako gakoa taldea da, eta elkartean, konfiantzazko psikologo taldearen laguntzarekin, hainbat neurri proposatu ditugu: besteak beste, banakako arreta eskaintzea; laguntza taldeak sortzea, konfiantzaz eta isilpekotasunez elkarrekin gertatzen zaigun guztiaz hitz egiteko; material didaktikoa prestatzea, presoen seme-alabekin lantzeko; aisialdirako komunikazio esparru informalak sortzea, tailer psikopedagogikoak antolatzea...

Sufrimenduaren onarpena egitea helburuen artean ezarri duzue. Trantsiziozko justizia garatu nahi duzue. Zertan da hori?

N. L: Ez da guk asmatutako terminoa. Gizarte batek gatazka egoera batetik biolentziarik gabeko egoera batera iristeko egiten den bidea da. Gatazkaren konponbidearen logika batean eman beharreko pausoak jasotzen ditu. Euskal Herrian guk ikusten dugu sufrimenduaren onarpena egin behar dela. Baina etxea oinarrietatik eraikitzen hasi beharko dugu. Adiskidetzea lortzeko, oinarrietatik hasi behar da, bestearen sufrimendua existitzen dela onartu behar da, gerora, denon memoriaz, egiaz, justiziaz eta erreparazioaz hitz egiten hasteko eta, azkenik, bizikidetza egoera batera iristeko. Guk ez dugu ukatzen herri honetan askotariko sufrimenduak egon direla, eta gu ez gara inoren sufrimenduen ukatzaile, baina gurea ere onartu behar da.

Etxean nahi ditugu aldarrikapena da Etxerat-en iparrorratza. Gertu ikusten duzue xede hori?

NAGORE. Etxerat-ek existitzen jarraituko du helburu hori lortu arte. Etxean nahi ditugu denak, baina jakin badakigu hori ez dela egun batetik bestera lortuko, prozesu bat izango da eta lan handia egin beharko dugu; baina lortuko dugu. Ez dauka zentzurik esateak konponbide fase batean gaudela preso, iheslari eta deportatuak oraindik badaude. Aurrerapausoak ematen hasi behar dira, desblokeatzen hasi beharko da egoera, eta guk bide horretan lan egingo dugu, baina badakigu zaila izango dela denbora gutxian.

I. A: Etxean nahi ditugu horrek biltzen ditu elkartean esentzia, muina eta helburua. Etxean nahi ditugu leloa gure minimoa eta maximoa da. Egia da prozesua oso zaila eta abstraktua izango dela, baina gure senideak etxean izan arte ez dugu etsiko.

Publizitatea