Konponbideari begira

Elkarrizketak

ETAren desarmatzea. NEBko bozeramaileari elkarrizketa. Ram Manikkalingam. Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko bozeramailea

«Desarmatzea laster etor liteke, gobernuek ahalbidetzen badute»

ETAk egindako urratsa oso esanguratsua dela dio, egiaztatzea egin ahal izateko arrisku asko hartu dituelako. Erakundea erabat desarmatzeko prest dagoela iruditzen zaio, baina gobernuek lagundu egin behar luketela horretan; bestela zaila izango dela.
Ez da erraza izan Manikkalingamen agendan zirrikitu bat topatzea. Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko zuzendariak hedabideekin egoteko tartea gordea zuen, baina murritza, mugatua. Lortu du azkenean Sri Lankako Presidentearen aholkulari izana den eta munduko hainbat desarme prozesuetan eskarmentu handia duenarekin egotea. Euskal Herriko prentsa gehienekin taldean egindako elkarrizketa bateratuaren emaitza da honakoa:

Zenbat arma geratu dira inbentariotik kanpo? Zein epeetan gauza daiteke desarmatzea?

Ez dakigu zenbat arma geratu den haiek erakutsi diguten horretatik kanpo. Eta orain ez dugu epe zehatzik.

Urkullu lehendakaria sei hilabeteko epeaz mintzatu izan da.

Uste dut [Urkullu] zuzen dabilela, posible izango litzatekeela hilabete batzuetan arma horiek zigilatzea eta erabileratik kanpo uztea, gobernuaren aldetik kooperazioa egongo balitz.

ETAk eskatu al du gobernuek urratsen bat egitea?

Urrats hau aldebakarrekoa da, aldebakarreko prozesu batean. Baina badago alde bat. Su eten bat aldebakarrekoa da, erakundeak bere kideei agintzen dielako armarik ez erabiltzea, baina oraingoan bestelako eragile batzuek hartu behar dute parte, armak bildu, sailkatu eta suntsitu behar direlako. Guk, batzorde gisa, ez daukagu gaitasunik hori egiteko.

Azken urtean, Frantziako edo Espainiako gobernuei prozesuan sartzeko eskatu diezue?

Ez, eskaerarik ez diegu egin, baina uste dut bi gobernuek dakitela zer behar den, auzi honetan aurrera egiteko.

Espainiako edo Frantziako gobernuetakoren batekin hitz egin duzu?

Ez.

Lehendakariak esan du urrats txikia dela, baina ez nahikoa. Zer diozu?

Guk ere uste dugu urrats bat dela, baina ez nahikoa. Askoz arma gehiago daude, eta horregatik elkarlanean jardun behar dugu denek. Baina ETAk ere esango luke asko dagoela egiteko.

Ez dirudi arma asko erakutsi dutenik. Kopuru txikia iruditzen zaizu?

Ez zait txikia iruditzen. Ulertu beharko genuke arma horiek klandestinitate egoeran bildu zirela, eta haiek ere oztopo handiak izan dituztela arma horiek erabileraz kanpo uzteko. Baldintza horiek kontutan hartzen baditugu, esan dezakegu esanguratsua dela.

Gutxi barru beste arma multzoren bat zigilatzea aurreikusten duzue?

Espero dugu arma gehiago erabileraz kanpo uzteko bidean aurrera egitea, baina aldi berean, uste dugu klandestinitatean aurrera egitea oso zaila dela. Egin daiteke, baina askoz denbora gehiago beharko litzateke; hobe da gobernuen kooperazioarekin egitea, ahalik eta azkarren amaitzeko. Horregatik uste dut orain ETAk pausu esanguratsua eman duela: 50 urtean lehen aldiz erakutsi ditu bere armak, eta erabileraz kanpo utzi ditu. Baina ez soilik hori: trukean ordainik espero gabe halakorik egin duen talde armaturik ez dut ezagutzen. Horri buruz oso argi mintzatu ginen: aldebakarreko prozesua da, eta ETAk ezin du eskatu gobernuek edo agintariek zerbait egin dezaten prozesuarekin jarraitzeko.

Zein pauso emango ditu orain batzordeak?

Denok uler dezakegu egiteko konplexua dela, eta ezingo dugula kooperaziorik gabe gauzatu. Uste dut ETA desarmatzeko prest dagoela, oso egoera konplexuan bildu zirelako gurekin, arrisku asko hartu zituztelako. Hasi ginenean, egiaztatzea nola egingo zen eztabaidatu genuen, eta guk ETAri esan genion ezin dugula egiaztatu [armak] zuzenean ikusi gabe. Prestaketa hori egitea oso zaila zen, eta haientzat oso arriskutsua, baina arriskatzeko nahikoa ausartak izan ziren. Ez lirateke arriskatuko, prozesuan serio jarraitzeko prest ez baleude.

Desarmeaz gain, esan dizuete desegiteko pausurik eman dezaketen?

Desagertzearen inguruan ikuspegi ezberdina daukagu. ETAk, desarmatzea nahi badugu, lidergo koherente bat behar duela uste dugu; buruzagitzaren erabakiak jarraituko dituen antolakuntza bat. Ez badago antolakuntza koherente bat, zaila da esatea non dagoen armategia, nola bildu ditzakegun eta nola baliatu.

Zer egin da bideoan ikusten den armekin?

Ez dugu zehaztapen horietan sartu nahi. Baina eurek horietara iristeko aukera izango balute, gu izango ginateke lehenengoak horretaz jabetzen.

Aurkeztutakoari balioa kendu diotenei zer esango zenieke?

Prozesuan aurrera egiteko borondatea balego, kontuan izan beharko litzateke testuinguru batzuk behar ditugula. Esaterako, kideek armak jaso behar badituzte, horien bila atxilotuak izateko arriskurik gabe joateko aukera izan behar dute.

Zaila izango da, beraz, Espainiako Gobernuak aurrerapausurik ematen ez badu?

Gu bezalako talde batentzat zaila izango litzateke. Guk lagun genezake, baina babes bat behar dugu.

Esan duzu desarmerako itxaropentsu zeundela, euskal gizarteak eta erakundeek laguntzen badute. Zertan lagundu dezakete?

Gu hemen gaude ia alderdi guztiek eskatu digutelako etortzeko. Babes ona jaso dugu euskal gizartetik. Horregatik gatoz. Baina triste gaude, hemen dagoen jarrera positibo hori ez dugulako beste leku batzuetan ikusi. Hori bestela balitz, gaian aurrera egiteko aukera handiagoak leudeke. Momentu honetan zerbait egiteko aukera on bat dagoela ikusten dugu, norbaitek fitxak mugituz gero gauzak egin daitezkeelako. Halako aukera historikoak ikusi ditugu herrialde askotan, eta ausardia politiko handia, determinazioa behar da. Hemen, agian, borondate, determinazio eta ausardia pixka bat besterik ez da behar aurrera egiteko. Pixka batekin asko egin daiteke.

Inor mugitzen ez bada geldiune bat egon daiteke orain?

Bai, izan daiteke. Baina ezberdintasuna dago amaiera ordenatu edo desordenatu baten artean. Eta amaiera desordenatu baten arriskua da ez dakizula non amaituko duten arma horiek. Horrekin ez dut esan nahi ETAren eskuetan jarraituko dutenik, baizik nahi ez den eskuetan amai dezaketela, edo istripuak egon daitezkeela. Horregatik, material hori hartu, giltzapetu eta baliogabetu behar da.

Publizitatea