Konponbideari begira

Elkarrizketak

Adolfo Perez Esquivel. Bakearen Nobel sariduna

«Hau da Euskal Herrian konponbidea eta bakea lortzeko garaia»

«Euskal Herrirako bake justu eta iraunkorra» eskatu du Adolfo Perez Esquivelek ere Argentinako manifestuaren bidez. Konponbiderako garrantzitsua deritzo lanean jarraitzea eta nazioarteak babesa ematea.

2014-12-06 / Iñaki Aramaio

Euskal Herriko bake prozesuarekin engaiatuta jarraitzen du 1980ko Bakearen Nobel saridun Adolfo Perez Esquivelek (Buenos Aires, 1931). 1990eko hamarkadan, adibidez, ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean bitartekari lanetan aritu zen —PPk eten zuen saio hura, 1996an Madrilgo gobernura heldu zenean—. Iazko urrian, berriz, Mexikoko topaketa batzuetan, Latinoamerikako hamabi presidente ohi eta Oscar Arias Bakearen Nobel saridunarekin batera Euskal Herriko bake prozesuaren eta gatazkaren konponbiderako babesa agertu zuen. Herenegun, Argentinako manifestuaren sinatzaileetako bat izan zen Perez Esquivel.

«Bakea ez da gatazkarik eza. Elkarren arteko errespetuan oinarritzen da. Herrien, haien kulturaren eta nortasunaren errespetuan oinarrituta ere egon behar du. Bestela, ezinezkoa da bakea egotea», adierazi zuen bere izenean Buenos Airesen, Argentinako Senatuan egindako ekitaldian. Gainera, Nora Cortiñas Maiatzeko Plazako Amonen Elkarteko presidenteak eta biek eman zuten «Euskal Herrirako bake justu eta iraunkorra» aldarrikatu duen manifestuaren berri. EH Bilduk atzo adierazi zuen «lehen mailako erreferentzia» gisa jo behar dela agerraldia.

Horretaz guztiaz aritzeko BERRIAri elkarrizketa bat eskaintzeko tarte bat ere hartu zuen Perez Esquivelek ostegunean.

Argentinak bat egin du Euskal Herrian abian den bake prozesuarekin. Zu prozesu horretan parte hartutakoa zara; 1990eko hamarkadan bitartekari lanetan aritutakoa, alegia.

Urte asko dira gai horren gainean lanean ari ginela. ETAk orain jarduera armatua uzteko hartutako erabakia oso garrantzitsua da, elkarrizketarako espazio bat ireki duelako, konponbide politikorako espazio bat ireki duelako eta, azken batean, bide bat zabaldu duelako arazoak bukatzeko, izan euskal presoen egoera konpontzeko, biktimen arazoak konpontzeko, edo Espainiako eta Frantziako gobernuekin dagoen egoera konpontzeko.

Lehen ere egin izan dira ahalegin batzuk.

Bere garaian ahalegin handiak egin ziren, baina porrot egin zuten bata bestearen atzetik. Horregatik da horren garrantzitsua hemen, Argentinako Senatuan egin dena. Euskal jatorria duen komunitate handi bat dago Argentinan, eta urte asko daramatza hemendik bakearen eta herrien arteko elkar ulertzearen alde negoziazioa eskatzen [elkarrizketaren une horretan, aitona euskal herritarra zuela aipatu die Perez Esquivelek ingurukoei, eta jakan Gernikako arbolaren pin bat daramala eraskutsi die].

Zergatik uste duzu oraingo saioak fruituak emango dituela? Aipatu duzun bezala, ETAren erabakiagatik, adibidez?

Asko eta asko erabaki politikoak dira. Espainiako Gobernuak —PPrenak— ez du ezertxo ere negoziatu nahi. Hori hasiera-hasieratik ikusi genuen: Jose Maria Aznar presidentearekin, Mariano Rajoy presidentearekin, Jaime Mayor Oreja Barne ministroarekin... Egiten ari ziren gauza asko atzera bota zituzten PPko agintariek, eta gaur egun ere horretan jarraitzen dute, behin eta berriro ikusten denez. Espainiako Estatuak antagonismoak gainditu behar ditu, eta Euskal Herriarekin duen arazoa konpontzeko hitz egitera eseri. Hamarkada askoko gatazka bat da, eta hau da garaia bake eta konponbiderako. Euskal presoak aske uzteko ere eskatu behar da. Arnaldo Otegi dago haien artean. Pertsonalki ezagutzen dudan gizona da Otegi, eta beti iruditu izan zait bakearen alde lanean aritu dela.

Esan liteke aditua zarela bake prozesuetan eta ezagutzen duzula euskal gatazka. Egungo jokalekua ezberdina delakoan al zaude? Oraingo hau ezberdina al da?

Garaiak sekula ez dira berdinak. Etenik gabeko eraldaketa prozesua egoten da beti. Nire itxaropena da oraingo honetan lortuko dugula euskal gatazka konpontzea. Horretarako, oso garrantzitsua da nazioartearen elkartasuna. Orain, Argentina izan da bere elkartasuna adierazi duena, Senatuan aurkeztutako manifestuaren bidez, eta 2011ko Aieteko bake konferentziako adierazpenarekin bat eginez. Aurretik beste horrenbeste egin dute Mexikoko eta Uruguaiko ahaideek. Ez da itxaropenik galdu behar; lanean jarraitu behar dugu, Euskal Herrian ere bake justua eta iraunkorra posible baita. Ipar Irlandako gatazka konpondu da, Erdialdeko Amerikako gatazkak ere bai, Afrikako hainbat egoera ere bai. Segitu egin behar da lanean, amore eman gabe.

Publizitatea