Konponbideari begira

Analisiak

HIZPIDEAK

Zortzi urte

 

2018-05-05 / Mikel P. Ansa

Su-etena erabaki zuen aurrena, jakinarazi egin zuen gero, negoziatzeko zain esperoan egon zen, armak utzi zituen azkenean, barkamena eskatu die biktima batzuei eta dolumina agertu besteei —guztien gustura izan ez bada ere—, eta desegin egin da. Ia hamarkada bat kostatu zaio ETAri desegiten. Bide horretan, eragile batzuentzat sekula ez da nahikoa izan ETAren agirietako edo urratsetako bakoitza: ez zen nahikoa su-etena, ez zen nahikoa armak entregatzeko modua, ez zen nahikoa barkamen eskea, eta ez da nahikoa izan azkeneko agiria. Baina bukatu da. Hemendik aurrera alferrik da eskatzea ETAri ezer, desegin egin baita. ETAk gauzak beste era batera egitea desio zutenek aukera galdu zuten; negoziazio bide batek aukerak eman zitzakeen ETAri zenbait gauza exijitzeko, baina ez zuten negoziatu nahi izan. Hemendik aurrera alferrik izango da ETAri ezer eskatzea: bukatu da. Hobeto egin zezakeen guztia hobeto egin gabe geldituko da; egin dituenak egin ditu, berak bakarrik. Kito. Eragile politiko izateari ere utzi diola esan du; beraz, ez du zentzurik hemendik aurrera hari zuzentzeak. Eta, horrekin batera, aitzakia izateari ere utzi dio; Altsasukoa «terrorismoarekin» lotzeko aitzakia, adibidez; euskal presoen eskariak atzera botatzeko aitzakia, adibidez. Eta itxi gabe eta adostu gabe gelditu diren gainerako auziei ez heltzeko aitzakia ere bai: biktimak, memoria, egia, aitorpena... Herritarrek egin beharko dute, berriro, instituzioek hamar urteotan asmatu ez dutena. Zikloa ixtea zortzi urte kosta zaion bakarra ez baita ETA izan.

Publizitatea