Konponbideari begira

Analisiak

Harrera elkartea: behar dutelako

 

2018-05-12 / Sebastian Barinagarrementeria - Harrera elkarte asistentzialaren lehendakaria

Hamarkada honen hasieran gogoeta egiten genuen espetxean edo deserrian egon diren pertsonen itzuleran, etxeratze egokitzapen horren jokaleku berriei aurre egiteko moduari buruz. Koiuntura politikoak baldintzatuta kokatzen genituen gogoeta haiek, eta parte hartzaile askorentzat egoera berri eta zailez ari ginen hitz egiten.



Gure ahalegina eta erabakitasuna indartzen zituen lehen premisa batetik abiatzen ginen: denoi dagokigun eskubidea da gure gizartean duintasunez bizitzea, eta ez geneukan inolako zalantzarik espetxetik kaleratutako edo erbestetik herriratutako pertsonak, espetxean edo anonimatuan urte luzeak egin ondoren, unibertsalki onartutako eskubide horren subjektuak zirela.



Baina eskubide hori kokatzen zuen bigarren premisa bat ere bazegoen. Gure herriarentzat etorkizun baketsu bat oinarritzera deliberatuak geunden. Horregatik, ziur ginen Elkartearen lana guztiz beharrezkoa zela esparru jakin batean, gatazka politikoaren ondorioen baitan; eta esparru hori da espetxetik eta erbestetik herrira eta etxera itzuli diren pertsonen problematika.



Aspektu eta arazo humanoetara eta eremu sozialekoetara mugatzea ere ongi hausnartutako erabakia izan zen, eta erabaki estrategikoa. Ez, ez gara politikoak eta ez gara aritzen politikatik, nahiz eta erabaki politikoek zuzenki eragiten dioten gure eremu asistentzialari. Ariketa horretarako kolore politikoen abanikoan ongi irisatua dago gure herrian.



Pertsona horiei asistentzia emateko eragin-helburu handinahia ezarri genuen, eta asistentzia hori eraginkorra izan dadin eragile politiko, ekonomiko, langile eta sozial guztiek beren aletxoa ematea zen Harreraren helburua, eta gaur egun ere halaxe jarraitzen du izaten. Zinez uste baitugu zeregin hori ez dagokiola gure gizarteko eremu politiko bati soilik. Zeregin hori gizarte osoarena dela uste dugu, ahalegin kolektibo bat behar dutela, espetxetik edo erbestetik auzo eta herrietan komunitate bizitza egitera itzultzean beharrezko asistentzia bat jaso dezaten pertsona horiek.



Horregatik, garai berri baterantz bidea egiten ari garen honetan, ahalegina egingo dugu pertsona horien guztien oraingo egoera erakusteko, eta eragile horiei guztiei inplikazio gogotsuagoa eskatzeari ekingo diogu.



Sei urteko ibilbidea osatu dugu. Gai edo egoera ezberdinetan hutsak egin ditugu eta asmatu dugu, baina komunikazio, elkarrizketa, enpatia eta elkartasun esparruak ireki ere egin ditugu.



Hari fina iruten ikasi dugu eta 2012 hartan aurreikusten ez genituen egoera arazotsuak sortzen ari zaizkigu, 55 urte edo gehiagorekin itzultzen diren guztientzat lan tokiak lortzeko zailtasunak, edo adinaren errealitate gupidagabeari aurre egitea, adibidez, gutxieneko kotizaziorik gabe eta, beraz, pentsio eskubiderik gabe, bazterketa soziala jasateko arrisku nabarmenarekin.



Heltzen goaz, jakina. Gure borondatea iraunkorra da eta badakigu bai euskal gizartetik eta bai bere instituzioetatik aurrera egin dezakegula eta aurrera egin behar dugula, etorkizunak ezinbestean ekarriko digunari fidagarritasunez eta eskuzabaltasunez erantzun ahal izateko lan eginez. Hor egongo da Harrera, zeregin eraginkor batean, zubiak eraikiz, ateak irekitzen saiatuz, espetxetik eta erbestetik itzultzen diren pertsonek behar dutelako.



Honetaz guztiaz hitz egin eta zehaztasunak hartu behar ditugu maiatzaren 12an, 10:00etan Gasteizko Aldabe kultur zentroan, eta horregatik gonbidatzen zaituztegu Harrera Elkarteko Bazkide guztiei gure zazpigarren asanbladara.



Guztion artean zizelkatu behar dugu egin beharreko bidea, helburua atsegina delako.