Konponbideari begira

Analisiak

HIZPIDEAK

Ia dena egiteko

 

2018-05-13 / Jakes Goikoetxea

Bukatu da ETA, baina korapiloz betetako hari mataza erraldoi bat dago askatzeko. Korapilo kolektiboak, herri edo gizarte oso bati dagozkionak, baina baita norberaren baitakoak ere, egindakoenak eta egin gabekoenak, zuzenean edo zeharka bizi izandakoenak. Urteotan, herri batzuetan batez ere, eskertu eta txalotu beharreko saiakerak egin dira elkarrekin gaiztotutako korapiloak askatzen saiatzeko, gutxienez, berriro begietara begiratzen hasteko eta hitz egiteko.

Guztiek partekatutako gutxieneko kontakizunaz, errelatoaz, hitz egiten da. Argitu beharko litzateke errelatoaz hitz egiten denean zertaz ari den. Zeinek egin beharko lukeen. Eta zertarako. Gainera, atzera begiratuta, balantzea egiten hasita, eta zer, zergatik eta zertarako galderei erantzuten saiatuz gero, zein da guztien multiplo komunetako txikiena egindakoaz, eragindakoaz eta gertatutakoaz? Ba ote dago halakorik batzuek gatazka egon dela bera ukatzen badute, ondokoaren eta ez hain ondokoaren sufrimendua onartzen ez badute, kontakizuna sufrimenduen sailkapenetan oinarritu nahi badute?

Halako ariketa kolektibo bat egiten hasita, ba ote dago guztiek edo ia-ia guztiek partekatzen duten esaldi bakar bat? Bakarra? Nekez. Eta, izatekotan, guztiek onartzeko beharraren beharraz, indarrik, kargarik eta esanahirik gabekoa ia. Ia dena dago egiteko.

Publizitatea