Konponbideari begira

Analisiak

ARKUPEAN

Neure egia

 
Nik ere botako dut neure alea, nola bizi izan dudan auzi hau guztia. Txikitan jasotako hezkuntzaren ondorioz-edo badakit ez naizela batere originala, kontraesan handi bat sentitu dut beti ETAren izatea eta jarduera zirela-eta. Batetik, ontzat ematen nituen haren helburuak; bestetik, zimiko bat sortzen zidaten haren ekintzek, batzuetan handiagoa, besteetan txikiagoa. Nork bere erara kudeatzen ditu kontraesanak, eta nik ere konpondio antzeko bat egin nuen neure kontzientziarekin, ez dudana inorentzako eredu gisa aurkezten, baizik aitorpen gisa kontatzen: «irabazteko» aukerak ikusten nituen bitartean (estrategia sinesgarri eta gauzagarri baten barrukotzat jotzen nituen neurrian), ez ikusiarena egin nuen erakundearen ekintzen aurrean, batzuetan barruak besteetan baino gehiago mugitzen zitzaizkidan arren: orain Yoyes (1986), gero Hipercor (1987), akatsez edo hoztasunez egindako izugarrikeria batzuk aipatzearren. Estatuaren errepresioak ere (dela GAL, dela tortura, dela beste hainbat kontu) asko laguntzen zuen ez ikusi hori hainbestean eramaten.

Helburuek bitartekoak justifikatzeko, baina, bitarteko horiekin helburuak hurbilago bihurtzen direla sinetsi behar da, eta sinesmen hori pitzatu egin zitzaidan niri. Aljerreko negoziaziora iritsi arte (1989), bide onetik zihoazela pentsatu nuen, eta haraino iritsi izanak berretsi egiten zuen ideia hori. Hura bukatzeko modua, berriz, negargarria iruditu zitzaidan, norberaren indarrak eta etsaiarenak neurtzen ez jakitearen ondoriozko umekeria harroa. Hala ere, 1992ko esperantza geratzen zen: Bartzelonako Joko Olinpikoak batetik, Sevillako Expo erakusketa bestetik, Espainiako estatuak asko zeukan jokoan urte hartan, eta ekitaldi haiek hankaz gora joateko beldurrak berriz ere negoziazio-mahaira eraman zezakeela uste zuen askok (ETAk bai, seguru asko, eta nik ere bai, ez dut ukatuko). Alabaina, usteak erdi ustel, eta kontrako eztarritik joan zitzaizkigun negoziazio-ametsak, poliziak 1992an erakundearen zuzendaritza atxilotu zuenean, lehenengo aldiz.

Eta harrezkero? Ordutik aurrera Frantziako poliziak Espainiakoari laguntza osoa emanda, nazioartean Espainiak erabateko homologazioa lorturik eta poliziak gero eta bitarteko sofistikatuagoak eskura izanik, nire ustez garbi zegoen negoziazio zuzenen bidez konstituzioa aldarazteko, lurralde-batasuna lortzeko edo autodeterminazioa emateko aukera hutsaren hurrengoa zela, estrategia armatu hori utzi beharra zegoela, presoen askatasuna lortu (artean posible zen), eta mugimendu politiko gisa segitu helburu haien aldeko borrokan. Ez nintzen gauzak horrela ikusten zituen bakarra. Badirudi ezker abertzalearen barruan debate sakona egon zela gaiaren inguruan, eta halatsu jokatzea defenditu zuela Antxon Etxebestek txosten batean.

Dena dela, erabakia beste bide batetik joan zen. Hau ez dut inoiz publikatuta ikusi, baina leku batean baino gehiagotan entzuna dut, orduan oso gogorra omen zen eta gero aldendu zen etakide batek, presoen artean komisioarena egiten zuenak, Palestinako Intifadarekin liluratuta, borroka berrindartzea proposatu zuela: komandoek beren ekintzekin ezin bazuten estatua makurtu, gazteek koktelak eta harriak jaurtiz aztoratu zezatela gizartea. Horra hor kale borrokaren hazia, hainbesteko mina ekarri zuena. Horrekin batera etorri ziren politiko hautetsien kontrako hilketak (Ordoñez, 1995), izua gero eta gizatalde gehiagotara zabaltzeko estrategia (epaileak, kazetariak, unibertsitateko irakasleak, ertzainak...), sufrimenduaren sozializazioa deitu zitzaiona... Oinazea zabalduz joan zen, baina etsaiaren erantzuna ere gero eta bortitzagoa bihurtu zen, eta hasierako helburuak, hurbildu ordez, gero eta urrunago.

Nire kalkulu pertsonalean, 25 urte alferrik galduta, gehi milaka kaltetu, alde guztietan. Edozein modutan, amaitu da.

Publizitatea