Konponbideari begira

Analisiak

Asmakeriarik ez, Fernandez jauna

 

2018-05-22 / Txema Matanzas, Antton Lopez - Hurrenez hurren abokatua eta preso ohia, eta Presoen aldeko Batzordearen arduraduna eta preso ohia

Harridura sortu digu igandean BERRIAn Jonan Fernandezek adierazitakoa. Batez ere espetxeetako egoeraz esandakoei erreparatu nahi diegu, desegokiak eta, batez ere, errealitatearekin bat ez datozen baieztapenak egin baititu.



Zehazki, lehen gradutik ateratzeko beharrezkoa zer den galdetuta, emandako erantzuna izan da desegokiena, ez dakigu konturatu gabe ala berariaz. «Epaileek hiru gauza aztertzen dituzte graduen progresioa egiteko: etorkizunera begira zer arrisku dauden, presoak zer jokabide duen, eta egindako delituarekiko kritikoa den ala ez», erantzun du. Hirugarren osagai horretan «sakondu» behar dela gaineratu du, hori dela «bide errealistena»; presoaren iraganaldiko jarrera, militantzia eta egintzak akatsa izan zirela aitortzea, hortxe dagoela gakoa.



Fernandez jaunak, aldiz, presoak hurbiltzeko zein betebehar dagoen itaundurik, ez du aurreko galderan emaniko bidetik erantzun, ez du esan zein den epaileek darabilten irizpidea, ez bada zer den legeak dioena, eta ondorioztatu du ez dagoela inolako baldintzarik hurbildua izateko: «Legeak ez du inolako baldintzarik aurreikusten». Eta honatx gure galdera: zergatik ez dio ikuspegi beretik erantzun lehengo galderari? Ez da zuzena epaileek diotenari erreparatzea legeak zer dioen kontuan hartu gabe.



Ez dago hain argi horixe denik epaileen irizpidea. Esaterako, euskal preso politiko batek berriki lortu du baimen bat, eta horretarako epaileak ez dio horrelako eskaerarik egin. Badirudi laster bigarren baimena emango diotela, horrelako adierazpenik gabe. Beraz, gaia ez da hain sinplea. Bai, batzuetan epaileak eskaera hori exijitzen du iraganeko jarduera akatsa izan zela onartzea, alegia, baina beste batzuetan ez.



Epaileak horrelakorik eskatzen duenean, ez da legeak esaten duena eskatzen ari, Gobernuak eta jarrera politiko batzuek eskatzen dutena baizik. Legea, hortaz, argia da. Lehen graduan egoteko arrazoiak Espetxeen Lege Organiko Orokorraren 10. artikuluak zerrendatzen ditu, eta hauek dira: muturreko arriskugarritasuna, edo erregimen irekiko edo ohiko erregimeneko bizimodura egokitzeko gaitasunik eza. Gainera, horren garapenean beste epaitegiek esanikoa ere argia da: balizko arriskugarritasuna edo bizitza normalean egoteko gaitasun eza zio objektiboetan zehaztu behar dira, hau da, ezin dira arrazoi horiek modu abstraktuan erabili eta datu objektiboetan oinarritu behar dira (ezarritako zigorrak, espetxean bertan suertaturiko liskarrak...). Horrez gain, bada hirugarren aukera bat, lehen graduan mantentzeko: presoaren izaera aztertuta, gabeziak edo anomaliak agertu izana.



Azken batean, lehen gradua salbuespeneko egoera bat da, ultima ratio moduko bat, presoaren jarrera birbideratzeko beste aukerarik ez dagoenean erabat ezinbestekoa izan behar duena; iraupenari dagokionez, ahalik eta lasterrena aldatu behar dena eta behar-beharrezko denboran baino ez dena luzatuko.



Horiek dira, eta ez besterik, lehen graduan egoteko arrazoiak. Legeak ez du fitsik esaten presoaren pentsamenduaz, edo kontzientziaz, edo eginiko kaltearen inguruko jarrera autokritikoaz. Horrexegatik ulergaitza zaigu Fernandezen jarrera. Berak jakin beharko luke legeak ez duela horrelakorik eskatzen. Beraz, nola ulertu behar ditugu Fernandez jaunaren hitzak? Berak ere uste du presoek, lehen gradutik bigarrenera pasatzeko, iraganaldiaren irakurketa autokritiko hori egin behar dutela? Damuketa al da Fernandezek eskatzen diena? Eta zer gertatzen da baldin eta horrelakorik ez badute egiten? Betirako geratu behar dute lehen graduan?



Finean, Fernandez jaunaren esanen atzean xantaia ikusten da. Presoek adierazpen zehatz batzuk egin ditzaten nahi du, eta horrek ez du inolako loturarik ez legearekin ez preso horiek, kalera ateraz gero, ekar lezaketen arriskuarekin. Ez. Adierazpen horiek garrantzi handikoak dira beste borroka-eremu baterako, errelatoaren eremurako, alegia. Presoek bahituak izaten jarraitzen dute, estatuak bere estrategiaren alde erabili nahi ditu, eraiki nahi duen errelatoan lagun diezaioten, eta Estatuaren estrategia horrekin ados dagoela iradokitzen dute Fernandez jaunaren hitzek. Sakabanaketaren inguruko galderarekin egin bezala, askoz zentzuzkoagoa izango zatekeen Fernandez jaunak hauxe erantzun izan balu: «Ez, legeak ez du horrelakorik eskatzen eta, beraz, lehengo gradutik bigarrenera pasatzeko eskatzen den gauza bakarra da arriskutsuak ez izatea eta bigarren graduko bizitzara egokitzen jakitea». Hori egin beharrean, badirudi nolabait (Gobernuaren zerbitzaria den) epailearen jarrera zilegiztatzera datorrela tolosarra. Bide okerretik gabiltza horrela.