Konponbideari begira

Analisiak

DARWIN ETA GU

«Zer zen ETA?»

 

2018-10-13 / Jose Mari Pastor

Galdera hori egiten hasi zaizkie etxeko gazteenak gurasoei. Zer esan? Nola?

Eusko Jaurlaritzak Herenegun! programa sortu du, ikastetxeetan kezka horiei erantzun eta hausnarketa egiteko.

Talde parlamentariei helaraziko dizkiete egitasmoaren oinarriak, haien iritzi eta ekarpenak jasotzeko asmoz.

Nik, horretaz gain, beste ariketa bat egitea proposatuko nuke: batzoki, herriko taberna, casa del pueblo eta Elkarrekin Ahal Dugu eta PPren egoitzetan galdetegi bat banatzea, hango alderdietako jarraitzaileek modu anonimoan erantzuteko. Galdera hauek jarriko nituzke: zer sentitu zenuen Carrero Blanco hil zutenean? Zergatik? Zer sentitu zenuen Argala hil zutenean? Zergatik? Zer sentitu zenuen GALen lehen hilketaren berri izan zenuenean? Zergatik? Zer sentitu zenuen ETAk Miguel Angel Blanco hil zuenean? Zergatik?

Parte hartzeko adin jakin bat izan beharko lukete herritarrek, bistan da. Erantzunak ontzian sartu baino lehen, poligrafoaren proba egin beharko lukete, adierazpenak zintzoak ote diren frogatzeko. Gero, erantzunak hartu, eta nahastu gabe aztertu. Sorpresa bat baino gehiago egongo lirateke. Emaitzak ikusita, diskurtso ofizialaren eta errealitatearen arteko sintonia norainokoa den ohartuko lirateke gazteak.

Komeni da iraganari modu kritikoz begiratzea. Hori egiteko modu desberdinak ditugu, baina. Zeren eta ETAk eragin zuen sufrimenduak merezi izan ote zuen galdetzearekin batera beste galdera bat egin bailiteke, nire ustez: zer egin beharko litzateke diktadura baten kontra? Konbentzimenduz, apatiaz edo beldurrez egoera onartu edo era pasiboan jasan zutenak zenbateraino daude legitimatuta altxatu zirenei etika eskolak eman eta horiek larrutzeko? Gogo-jardun aberasgarriak, Arantzazura joan gabe. Baina galdera bakarra borroka armatuak merezi izan ote zuen baldin bada, nerabe guztiak eskolatik injustua izan zen mantra buruan irteteko, biziatua da eztabaida. Izan ere, nor ausartuko da, hutsak huts edo astakeriak astakeria, dena negatiboa izan ez zela esatera, etxean hala entzun duelako edo bera ondorio horretara heldu delako? Nor, pentsamendu bakarraren garai hauetan?

Espiritu kritikoan hazi behar ditugu umeak. Haien buruari galderak eginarazi. ETAren jarduerari buruz, bai. Eta orain eta geroko beste kontu batzuei buruz. Etorkizunean izango duten hainbat erronka eta arazori nola egin aurre hausnartzea ere komeni da. Hauxe esatea: dena ez dela MTV, futbola eta sare sozialak. Dena ez dela Athletic, Muse, Camila Cabello eta Instagram. Bizitzaren erdialdean astean 50 edo 60 orduz lan egiteko eskatuko diela nagusiak, soilik 40 ordu kobratuta, noski. Eta protesta egiten badute, adina galdetu, eta esango die: «43 urte? Adin horrekin hemendik bazoaz, hilda zaude, jadanik laberako baino ez duzu balio» —ez da asmatua, duela aste pare bat esan zioten lagun bati—. Eta horren kontra ezer ez dela egiten, beldurra nagusi delako eta sistemak berak, askotan, hori ahalbidetzen duelako. Zer egin behar du erregai den pertsona horrek? Mezatara joan, jainko maiteari otoitz egitera, lagun diezaion? Sindikatuei esan, ondorioz ugazabak kanporatuko duela jakinda? Lan ikuskaritzaren bulegoa okupatu ala enpresari eredugarriaren txaletari su eman, hura ere labean erre dadin? Galderak dira, besterik ez.

Another brick in the wall, bai. Hau aitonaren koplak direla pentsatzen duten gazteei hauxe erantzungo nieke: baliteke, baina ez ahaztu East edo West Coast horietako luxuzko etxe bateko urrezko jacuzzian beste aitona bat dagoela, esku batez kopa bat Dom Pérignon-i eusten eta besteaz escort ilehori baten adatsa laztantzen, zuek nola pentsatu, bizi eta kontsumitu behar duzuen erabakitzen eta planifikatzen, etengabe. Horiek bai koplak!

Uruguaiko presidente ohi José Mujica Pepe-ri elkarrizketa egin zion Página/12 egunkari argentinarrak, uztailean. Damutzeko ezer ote zuen galdetu zioten. «Harrapatu nindutelako sartu ninduten kartzelan. Arinago egin beharko nuen korrika»

Publizitatea