Konponbideari begira

Elkarrizketak

Epaiketa parisen

Jean Pierre Massias: "Arriskutsua litzateke prozesua errendiziotzat hartzea"

David Plaren eta Iratxe Sorzabalen aurkako epaiketan lekuko gisa deklaratu zuen atzo arratsaldean Jean Pierre Massias Paue eta Aturri eskualdeko Unibertsitateko Zuzenbide irakasleak (Chamalieres, Frantzia, 1961).

Jean Pierre Massias. ©Juan Carlos Ruiz, Foku
Jean Pierre Massias. ©Juan Carlos Ruiz, Foku
Nazioarteko gatazka ezberdinen konponbidean aditua da Massias, Loiolako negoziazioetan hasi zen Euskal Herriko gatazka prozesuaz interesatzen, eta, geroztik, behin baino gehiagotan agertu izan da Espainiako eta Frantziako gobernuek konponbidearen aldeko urratsak egitearen alde. Atzo ere, justizia trantsizionaleko neurriak beharrezkoak direla defendatu zuen Parisko auzitegiaren aitzinean. «Garrantzitsuena da alde bat ez ateratzea umiliatua».



Zergatik erabaki duzu lekuko izatea?



Eskatu zidaten eta garrantzitsua iruditzen zait: justizia-lekuak gauzak errateko eremuak dira, kontzientziak aldatzeko aukera delako. Epaiketaz gain, entzuna izateko parada da, eta, beharbada, frantziar magistratuengandik ulertuak izateko aukera ere bai. Haientzat ere menperatzen ez duten errealitate bat ezagutzeko aukera delako. Uste dut garrantzitsua dela mintzatu ahal izatea.



Franco hil zenetik konpontzeko aukera bat baino gehiago izan dituen gatazka bat aurkeztu duzu.



Paradoxikoki, berez konponbide erraza izan beharko luketen gatazka batzuk ez dira hain erraz konpontzen, beti pentsatzen delako beranduago konpontzen ahalko dela, eta gatazkak iraun dezakeela. Teknikoki ez da konponbide zaila, baina politikoki, Euskal Herriaren independentziaz harago doa. Uste dut Espainia bere historiako kontradikzioetara eramaten duela, frankismora, Espainiaren lurralde identita- tera, independentzietara... ez dira gai errazak. Uste dut ere, frankistek duten boterera eramaten duela, masiboki amnistiatuak izan baitziren.



Eta euskal gatazkak gizartea masiboki mobilizatu du, besteak beste, biktimen elkarteak; biktimak kontuan hartu behar dira, baina zailtasun bat izan daitezke gatazkaren konponbidean, haien sufrimendua samindua eta politikoki erabilia denean, konponbiderako oztopo izan daitekeelako.



Erran duzu Espainiak ez duela ETArekin negoziatu nahi izan, ez zuelako Amnistia Legea zalantzan ezarri nahi.



Espainiarentzat, negoziazioan urrunegi joanez gero, negoziazio horretan galdera atera daiteke zergatik hainbeste torturatzaile amnistiatuak izan diren. Eta zer gelditzen den, gaur egun, erregimen frankistatik. Ez da bereziki aterabide erraza duen gaia, are gutxiago Espainiako eskuin kontserbadoreak indarra duenean, eta behin baino gehiagotan jarrera neofrankistak hartzen dituenean. Ez da hain erraza. Guardia Zibilaren eta armadaren pisua Espainian garrantzitsua da, estatu kolpe saiakera bat izan zen 1981ean... ez da hain erraza.



ETAren negoziaziorako zailtasunak ere aipatu dituzu.



Negoziazioak suposatzen du momentu batean politikoak militarrari gaina hartzea; negoziazioak afera politiko bat dira. Erakunde bat klandestinoa denean, mugimendu oso bat debekuz joa denean —alderdiak, egunkariak...—, horrek gauzak zailtzen ditu, eta, ondorioz, negoziatzeko buruzagi militarrak daude. Ez dut erran nahi negoziatzeko gai ez direnik, baina ez da logika bera. Eta uste dut, badela kezka hori negoziazioak mugimenduaren bukaera ekarriko duela, eta hori ere ez da gauza erraza. Argiki, huts egin duten azken bi negoziazio saiakerek tentsioak eta zatiketak erakusten dituzte mugimendu independentistaren barruan.



Epaitegiak galdera egin dizu alde bakarreko prozesu bat ala errendizio bat ote den.



Alde bakarreko prozesua da, ezbairik gabe. Uste dut ez dela errendizio gisa ulertu behar, gerorako arriskutsua litzatekeelako. Funtsean, gutxi axola du alde bakarreko prozesua ala errendizioa den. Garrantzitsua da gudari guztiek, indar guztiek, Espainiako gizartean leku bat aurkitu ahal izatea. Espainiako trantsizioa egin zen frankistei leku bat eman zitzaielako; bakerako, trantsizioa egin behar da mugimendu abertzaleari eta ezker abertzaleari leku bat emanez.

Publizitatea