Konponbideari begira

Berriak

Jaurlaritzak bizkartzaina eduki zuten 511 zinegotziren «jazarpena» jaso du

Txostena aurkeztu dute, haien bizipenak ezagutarazi eta izandako «ikusgarritasun txikia» salatuz
Jonan Fernandez, Gorka Urrutia eta Jose Ramon Intxaurbe, atzo, txostenaren aurkezpenean.
Jonan Fernandez, Gorka Urrutia eta Jose Ramon Intxaurbe, atzo, txostenaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU

2019-07-13 / Olatz Enzunza Mallona

Eusko Jaurlaritzak «jazarpen indarkeria» jasan zuten zinegotziek bizitako egoerak ezagutzera emateko txostena aurkeztu zuen atzo Donostian. Jazarpen indarkeria pairatutako zinegotziek jasan zuten bidegabekeriari buruzko txostena (1991-2011) izeneko ikerketa lana da eta 2016ko martxoaren 31n aurkeztutako beste txosten baten jarraipena da; hain zuzen ere, ETAk mehatxatutako pertsonek jasan duten bidegabekeriari buruzko txostena (1990-2011) ikerlanaren garapena. Hogei urteko tarte horretan 511 zinegotzik bizkartzaina eraman behar izan zutela izan da ateratako ondorioetako bat.

Lanaren aurkezpenean Jose Ramon Intxaurbe eta Gorka Urrutia egileak egon ziren, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernandezekin batera. 2018. urtearen hasieran, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza nagusiak Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuari eskatu zion lana. Jose Ramon Intxaurbe, Eloisa Gonzalez eta Gorka Urrutia ikertzaileak izan dira txostenaren egileak. Haien arabera, ETAk, guztira, 24 zinegotzi hil zituen: zortzi 1991ra arte eta gainerako hamaseiak 1991tik 2011ra bitartean.

Erreferentzia gisa adierazi zuten 1991-2011 aldian 2.500-2.621 zinegotzi artean zeudela orotara; horietatik 511 zinegotziri jarri behar izan zien bizkartzaina Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, urtebetetik hamahiru urte arteko aldi batez. Gehienbat PSE-EEko eta PPko zinegotziek jasan zuten ETAren jazarpena. Ikertzaileek gaineratu dute 1998ko su-etena mugarri izan zela, eta urte horretatik aurrera zinegotzien kontrako jazarpena «gogortu» egin zela.

«Min handia eta luzea»

ETAren indarkeriaren esparruan mehatxuak eta jazarpena jasan zutenen deskribapen kuantitatibo eta kualitatiboa ematen dute agirian. Kuantitatiboki, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bildutako datuak aurkezten dira, adierazle gisa. Alderdi kualitatiboan, berriz, hamalau elkarrizketa sakon egin dituzte. Hizketaldi horietan, bakoitzaren bizipenen berri emateaz gainera, pertsonen edota ondasunen aurkako erasoek haien bizitzan izandako inpaktua aztertu dute. Elkarrizketatuena ez ezik, senideen ikuspuntua ere jaso dute. Izan ere, biktimek ETAren jazarpena «egunero», eta «etenik gabe» jasan zuten. Fernandezek nabarmendu du jazarpenak eragindako mina «handia eta luzea» izan dela eta «ikusgarritasun txikia» izan duela.

Txostena herritar guztientzako eskuragarri dago. Irakurtzeak «enpatiazko ariketa kolektibo bat» egiteko aukera ematen duela eta «jazarpen fisiko, psikologiko, familiar eta humanoa» nolakoa izan zen ulertzeko baliagarria dela esan du Fernandezek. Gainera, Gogora institutuaren gordailuan geratuko da dokumentua.

Txostenean nabarmendu dute beharrezkoa dela «memoria konpontzailea eraikitzea eta enpatia sortzea biktimek pairatutako sufrimenduarekiko». Izan ere, Intxaurberen hitzetan, gizarteak gertatutakoa bidegabetzat jotzea da elkarrizketatuen asmoa: «Elkarrizketatuek memoriaren alde lan egiteko prest daude, betiere bizitako egoera bidegabetzat jotzen badu gizarteak».

Hildako zinegotzietako bat izan zen Miguel Angel Blanco. PPko kideek atzo omendu zuten Ermuan (Bizkaia), ETAk hil eta 22 urtera.

Publizitatea