Konponbideari begira

Berriak

Frantziak DPS estatusa kendu die sei presori, testuingurua aintzat hartuta

Belloubetek presoak hurbiltzen segitzeko asmoa agertu du. Sortuk Madrilen jarrera salatu du

2019-09-07 / Jon O. Urain

Azken egunetan DPS estatusa —bereziki zaindutako presoei ezarritakoa— kendu diete beste sei euskal presori. Hala jakinarazi zuen herenegun Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapezak, Nicole Belloubet Frantziako Justizia ministroak Baionara eginiko bisitan, eta Belloubetek berak atzo France Bleu irrati katean eginiko elkarrizketan baieztatu zuen hainbat presori kendu dietela DPS estatusa, horrek erraztu egingo duela preso horiek Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara lekualdatzea eta gobernuak «gerturatze prozesuarekin jarraitzeko» asmoa duela. 38 euskal preso daude Frantziako kartzeletan, eta hogeiri kendu diete jada sailkapen hori. Horietako batzuk aske dira.

Azken egunetan, Iratxe Sorzabal, Alaitz Aramendi, Izaskun Lesaka, Asier Oiartzabal eta Iñaki Esparzari kendu diete DPS estatusa. Baita Marixol Iparragirreri ere, zigorra bete eta Espainiaratu baino egun batzuk lehenago.

Frantziako administrazioak erabilitako argudioetan, ordea, berrikuntza bat dago sei kasu horietan, Sortuk nabarmendu duenez. Izan ere, estatusa kentzeko jakinarazpenetan, administrazioak aintzat hartu du ETA desegin izana, sailkapen horretan sartzeko «arrazoiak» desagertu izana eta «bake prozesu batekiko epe luzeko konpromisoa» izatea.

Sortuk nabarmendu du Espainiak ez duela Frantziaren jokabide berria bere egin euskal presoen sailkapenari eta hurbilketari dagokienez, eta gogorarazi du Espainiako Estatuan preso daudenetatik %90 Euskal Herritik kanpoko kartzeletan daudela, 250 kilometro baino gehiagora. Horrez gain, Espainian sakabanatuta dauden presoetatik %68 (143) lehen graduan daude oraindik, eta horietatik 30etik gora bakartuta daude, «beste garai batekoak diren eta mugitzen ez diren sailkapen arbitrarioen ondorioz», Sorturen hitzetan.

Alderdiak Euskal Herritik urrunen dauden Espainiako kartzelak jarri ditu adibide gisa: Kordoba, Sevilla II eta Huelva, esaterako: «Presoek urte eta erdi baino gehiago badaramate ere Erregimen Itxiko Tratamendu Programetan parte hartzen, graduz aldatzeko eskari guztiak ukatzen dizkiete».

Andreen moduluak

Beste neurri bat ere iragarri du Belloubetek France Bleu irratiko elkarrizketan. Azaldu du Pauen eta Tolosan (Okzitania) emakumezko presoentzako moduluak irekitzeko plan bat duela ministerioak, baina hiru bat urteko epea beharko dute hori gauzatzeko. Hori zen Ipar Euskal Herriko ordezkaritza batek Frantziako Gobernuari bake eta normalizazio prozesuaren testuinguruan eginiko eskarietako bat. Izan ere, Paris euskal presoak gerturatzen hasi zenetik, Lannemezan eta Mont-de-Marsango presondegietara lekualdatu ditu, baina, horietan emakumeentzako modulurik ez dagoenez, gizonezkoak izan dira gerturatutako preso guztiak.

2017. urteko udaz geroztik ari da euskal ordezkaritza bat Frantziako Gobernuarekin harremanetan, presoen auzia konponbidean jartzeko. Urte horretako urrian egin zuten bigarren bilera, eta abenduan hirugarrena, Parisen Bakea Euskal Herrian: orain presoak lelopean 11.000 lagun inguruk manifestazio bat egin ostean. Hirugarren batzar horretan, Frantziako Gobernuak adierazi zuen «DPS estatusa kentzearen aldeko politikarekin jarraitu nahi» zuela. 2018ko abenduan, ordea, euskal ordezkaritzak publikoki salatu zuen hartu-emanak etenda zeudela, baina aurtengo urtarrilean, Belloubetek azaldu zuen lan esparru horretan aitzinatzeko asmoa zuela Emmanuel Macronen gobernuak.

Informazio osagarria

Publizitatea