Konponbideari begira

Berriak

Emakumezko presoak Roazhongo espetxean batzea proposatu dute

Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak eta Frantziako Justizia Ministerioak bi urtean izandako elkarrizketen bilana plazaratu dute. Baionako adierazpena oinarri, bigarren fasera pasatu nahi dute orain
Ipar Euskal Herriko ordezkaritza eta Bake Bideako kideak bakegileekin batera, atzo, Miarritzen egin zuten prentsaurrekoan.
Ipar Euskal Herriko ordezkaritza eta Bake Bideako kideak bakegileekin batera, atzo, Miarritzen egin zuten prentsaurrekoan. BOB EDME
Badira lorpenak, eta badira korapiloak. Frantziako Justizia Ministerioarekin abiatutako elkarrizketen bi urteko bilana eskaini zuten, atzo, prentsa aitzinean, Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak, Bake Bideak eta Bakegileek. Bi urteko epean, 25 euskal presori kendu diete DPS estatutua eta 29 preso hurbildu dituzte Mont-de -Marsan eta Lannemezango (Okzitania) presondegietara. Berriki, emakumezko presoak Roazhongo (Bretainia) presondegira hurbiltzeko adostasuna lortu dute; ikusteko dago emakumezko presoek proposamena onartuko duten. Baldintzapean aske uzteko eskaerek eta larri eri diren presoen egoerak sortzen dute arazo gehien gaur-gaurkoz; bi urteko epean, ez da aitzinamendu anitz egon. Hemendik aitzina, bigarren fasera pasatzeko xedea erakutsi dute, 2014ko urrian onartu zuten Baionako adierazpena oinarri hartuta. Azaroaren 2an jarri dute eguna, gizarte zibila eta hautetsiekin bide orria aktatu, eta «hurrengo pausoak eta mekanismoak gogoetatzeko».



Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak hartu zuen hitza atzo goizean. Bere ondoan zituen Mixel Berhokoirigoin bakegilea, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, Max Brisson, Frederique Espagnac eta Vincent Bru parlamentariak, Alice Leizagezahar eta Emilie Dutoya Akitania Berriko kontseilariak eta Michel Veunac Miarritzeko auzapeza. Gizarte zibileko eragileetako ordezkariek ere parte hartu zuten prentsaurrekoan. Bi urte hauetan lortutakoa eta izandako oztopoak kontatu zituzten.



2017ko uztailaren 10ean egin zuten lehen bilkura Parisen. ETAren armagabetzea gertatu, eta hilabete gutxira. «Armagabetzearen biharamunean plantan jarri zitzaion gobernuari Ipar Euskal Herrian bake prozesuak duen garrantzia eta presoen aferan behar ziren aitzinamenduak mahai gainean jartzeko», azaldu du Funosasek. «Lehen hartu-eman hori egin genuen herrialde oso baten bilana eskuetan; borondate eta kontsentsu oso bat, gauzak urrunago joan zitezen, eta estatuak bere partea egin zezan». Lau puntu nagusi jarri zituzten mahai gainean: DPS estatutuak, presoen hurbiltzea, baldintzapeko askatasunak eta larri eri diren presoen egoera. Elkarrizketak hiru aldetakoak izan direla azpimarratu zuen: Justizia Ministerioa, Ipar Euskal Herriko ordezkaritza —hautesiek eta bakegileek osatua—, eta EPPK-ko ordezkariak.



Hurbilketak hiru bloketan egin dira, eta, egun, «prozesua bukatzear da». Hiru kasu nagusi aipatu zituen Funosasek, oraindik konpontzekoak direnak: Jakes Esnal —Re uhartean dago—, eta Josu Urrutikoetxearena —Parisko La Sante presondegian dago—, batetik, eta emakumezko presoena, bestetik. «Gaur egun, ez dago hurbilketa horiek egiteko zentro egokiturik. Baina, bada adostasuna emazte presoak Roahzonen biltzeko, baldin eta emazteek onartzen badute», adierazi zuen atzo.



DPS estatutuena ere «nabarmen» aitzinatu den gaia da, atzo bildu zirenen arabera: 36rekin hasi ziren, eta, gaur egun, lau gelditzen dira. «Azpimarratu nahi dugu azken sei DPS estatutuak kentzeko administraziotik eman den pausoa, altxatze horiek bake prozesuaren gakoak onartuz justifikatu baitituzte —ETA desegin dela, hitza errespetatu dela, eta horrek justifikatzen duela egin behar direla horrelako aldaketak—».



Fiskaltza antiterrorista



Baina bi urteko epean dena ez da baikorra izan: baldintzapeko askatasunen onarpenean eta larri eri diren presoen egoeran ez da aitzinamendurik izan. «Egin den zigor etete bakarra Oier Gomezena izan da, baina badakizue zer egoeratan atera zen presondegitik; gaur egun, hila da». Gainerako kasu guzietan ezezkoak baizik ez dira izan. Arlo horretan, fiskaltza nagusiaren eta berriki sortu duten fiskaltza antiterroristaren jarrera deitoratu zuen Funosasek: «Hor dugu arazoa; harresia. Ez dute nahi kontsideratu Euskal Herrian egindako bide guzia, eta ez dute onartu nahi bide horretan ekarpena egitea». Zigorren aplikaziorako Dei Auzitegia ere jomugan jarri zuen, orain arte, ez baitu baldintzapean aske uzteko eskaera bakar bat ere onartu. Horregatik, kezka agertu zuen ondoko egunetan eman behar dituzten erabakiei begira: urriaren 8an, Frederic Haranburu Xistor-en baldintzapeko askatasun eskaerari erantzungo diote; urriaren 15ean, Lorentxa Beirierenari.



Hala ere, bide horretan izandako aldaketak ere azpimarratu dituzte: auzi batzuk zigor auzitegira pasatuak izan dira, bi preso kontrol judizialpean askatu dituzte, Parisko Administrazio Auzitegiak gatazkaren konponbidean egindako urratsak aintzat hartu ditu, eta Zigor Aplikaziorako auzitegiak baldintzapeko askatasunak onartu ditu —nahiz eta ondoren fiskalak helegiteak ezarri—.



Baionako adierazpena



Atzoko prentsaurrekoaren bidez, bereziki azpimarratu nahi izan zuten Aieteko konferentziatik gaur arte Ipar Euskal Herriko hautetsiek eta gizarte zibilak jokatu duten rola. Elkarbizitza helburu, orain, bigarren fasera pasatzeko borondatea agertu zuten, bide horretan kokatuz presoen auziari konponbide integral bat atzematea. «Bide orria Baionako deklarazioa da; gaur deritzogu garaia dela berriz heltzeko». Denen artean kontsentsu berriak eraiki, eta adierazpen hori «freskatzera» deitu zuen Funosasek. «Ipar Euskal Herrian irekitzen den fasea da kontsentsu politiko berri baten eraikitzea, non koadro juridikoa bake prozesurantz eramanen dugun. Hau da epe ertainean dugun erronka».



Bide horretan, azaroaren 2a izanen da lehen geltokia. «Jendarte zibileko ordezkariak eta hautetsiak gonbidatuko ditugu gurekin bide orria aktatu eta ondoko pausoak eta beharko dituen mekanismo guziak gogoetatzera».



Hegoaldeko euskal presoak baldintzapean aske uzteko eskaerak ebazteko garaia



EPPK-ko bi kide egun batez irtengo dira, lehen aldiz

Publizitatea