Konponbideari begira

Berriak

Polizia operazioa. Euskal presoak

Sortuko lau kide atxilotu dituzte, presoen harrerak antolatzea egotzita

Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendia izan dituzte atxilotuak. «Terrorismoa goratzea» eta «biktimak umiliatzea» leporatu diete. Aske gelditu dira deklaratu ostean
Haimar Altuna, polizia etxetik irtenda, aldamenean Arkaitz Rodriguez duela, atzo, Intxaurrondon.
Haimar Altuna, polizia etxetik irtenda, aldamenean Arkaitz Rodriguez duela, atzo, Intxaurrondon. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Guardia Zibilak Antton Lopez Ruiz , Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendia atxilotu zituen atzo goizean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio aretoak agindutako operazio batean, auzitegiko fiskaltzarekin elkarlanean, euskal presoei eginiko 95 harrera ekitaldi «antolatzea eta koordinatzea» leporatuta. Guardia Zibilak Bilbon, Donostian eta Gasteizen dituen polizia etxeetara eraman zituen deklaratzera, eta ondoren libre utzi zituen.



Zarautzen (Gipuzkoa) duen etxebizitzan atxilotu zuten Lopez Ruiz, eta Garmendia, berriz, Gernikan (Bizkaia), lanera zihoala. Biak Kalera Kalera dinamikako kideak dira. San Vicente, berriz, Sortuko arduradun politikoa da Araban, eta Agurainen (Araba) atxilotu zuten, Gasteizera bidean zela. Haimar Altuna Sorturen Gipuzkoako arduradun politikoa Tolosa inguruan (Gipuzkoa) atxilotu zuten, lanera iristen ari zela, kontrol batean.



Espainiako Barne Ministerioak agiri baten bidez adierazi du «terrorismoaren goratze» eta «biktimen umiliazio» delituak egozten dizkietela, hiru urtean euskal presoen ehundik gora harrera ekitaldi antolatzeagatik. Ministerioaren arabera, lau atxilotuek harrera ekitaldien «benetako burua» osatzen dute, eta, ustez, hainbat erakunde erabiltzen zituzten ekitaldien benetako antolatzaileak nor ziren ezkutatzeko. Harrerak hirugarren pertsona batzuek egiten zituztela adierazi du, baina atxilotutako «taldearen ildoari» jarraituz.



Kabat izena jarri diote operazioari, eta adierazi dute Guardia Zibila duela urte eta erdi hasi zela gaia ikertzen. Guardia Zibilaren arabera, 2016ko abenduaren eta 2019ko urriaren artean, 95 harrera egin dira Hego Euskal Herrian, «gehienak Kalera Kalera dinamikaren bitartez».





Gernikan atxilotuak askatzeko atzo arratsaldean egin zuten bilkura. / Monika del Valle, Foku



Aske geratu ostean, Haimar Altunak adierazi dio Naiz Irratiari atxiloketak ez direla «kasualitatea» izan: «Herri honek aspaldi luze honetan erabaki du konponbide oso baten aldeko jarrera duela, eta berriro ere badatoz Guardia Zibila eta salbuespenezko Auzitegi Nazionala berea esatera. Berriro datoz iraganera lotuta nahi gaituztelako. Ikusiko dute, alfer-alferrik dabiltza».



Atxiloketak gaitzesteko elkarretaratzeak egin zituzten atzo iluntzean Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan.



«Eraso politikoa»



Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek adierazi du atxiloketek ez dutela «inolako logika juridikorik», eta «eraso honen izaera politikoa» nabarmendu du. Esan duenez, atxiloketak egin dituzte, noiz, eta «Euskal Herrian inoizko adostasunik handiena dagoen honetan presoen sakabanaketaren kontra eta espetxe politikaren errotiko aldaketa baten alde», eta «independentismoaren zati batek ahalbidetuta konponbiderako aukera leiho bat zabaldu den honetan».



«Estatu sakonari», hau da, «ultraeskuin juridiko, polizial eta mediatikoari» egotzi dio Rodriguezek operazioa, eta, haren hitzetan, helburua da «egoera lokaztea, baldintzatzea eta konponbiderako edozein aukera oztopatzea». Presoen harrera ekitaldiak «aitzakia huts eta merkea» baino ez dira xede hori lortzeko. «Parez pare estatu sakon bat daukagu, edozer egiteko prest dagoena aukera berri hau zapuzteko», azaldu du.



EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek esan du «oso larria» dela Sortuko lau kideak atxilotu izana, «politikan eta, batez ere, bakearen eta elkarbizitzaren esparruan aritzen diren lau lagun» atzeman dituztelako. «2020. urtean, oraindik ere, arduradun politikoak atxilotzen jarraitzea oso larria da», erantsi du.



Iriartek nabarmendu du atxiloketen testuingurua aintzat hartu behar dela: «Bide demokratikoetatik aurrera egiteko norabidea hartzen den bakoitzean, estatu aparatuaren erantzuna atxiloketak eta errepresioa dira. Hori gero eta argiagoa da, bai Euskal Herrian, bai Katalunian».



EH Bilduren iritziz, «estatuaren aparatuek EH Bildu bultzatzen ari den agenda demokratizatzaileari emandako erantzuna» dira atxiloketak, eta «salbuespen demokratiko baten» adierazgarri.



Erkoreka: «Zantzurik ez»



Euskadi Irratiari emandako elkarrizketa batean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak esan du «ikusteko» dagoela atxilotuei zer leporatzen dieten, baina gogora ekarri du epaileek ez dutela terrorismoa goratzearen zantzurik ikusi presoei egiten dizkieten ongietorrietan: «Ikusi dute beste zerbait izan litekeela, baina ez terrorismoa goratzea».



Erkorekak gogorarazi du biktimen zenbait elkartek salaketak jarri dituztela ekitaldi horien harira, «baina epaileek esan dute tartean adierazpen askatasuna ere badagoela, eta gauza bat dela omenaldi horietan delitu zantzurik aurkitzea, eta beste bat ikuspegi etikotik edo biktimekiko gertutasunetik eska daitekeena».



«Iraganera begira jarri gaituzte berriz Guardia Zibilak egindako atxiloketek», azaldu du Sarek. Harrera ekitaldiei dagokienez, nabarmendu du demokrazia batean inoiz ezin dela «lapurtu pertsona baten senide eta ingurukoen poza azaltzeko eskubidea».



ELAk «onartezintzat» jo ditu atxiloketak, eta esan du horien xedea dela «zilegizko eremu politiko bat kriminalizatzea». Harrera ekitaldien auziaz, sindikatuak adierazi du «zilegi» direla, eta haien egokitasunaren inguruko eztabaida «beste plano batean» ebatzi behar dela, «eztabaida eta iritzi publikoaren planoan, ez polizia etxe eta auzitegietan».



LABen ustez, atxiloketak «Euskal Herriko gehiengo sozialaren nahien kontrako erasoa» izan dira, eta AEMk, aldiz, Guardia Zibilaren «jarduera terrorista» salatu du.



Terrorismoaren Biktimen Fundazioa, ordea, «pozik» agertu da polizia operazioa dela eta.

Publizitatea