Konponbideari begira

Analisiak

Eta orain indarrak hartu aurrera egiteko

 

2020-01-23 / Patrizia Velez eta Urtzi Errazkin - Etxerat elkarteko iraunkorraren izenean

Urteroko manifestazioa egin ostean, beti bezala jendetsua izan dena, eta beharrezko interpretazio eta balorazioak egin ostean, galdera bera dugu guztiok: Eta orain, zer? Nola jarraituko dugu, nola ikusaraziko dugu euskal jendartearen borondatea, nola emango diogu segida milaka pertsonak adierazitako konpromisoari? Manifestazio hau egiten daramagun urte hauetan guztietan argi geratu da estatu espainolari eta frantsesari euskal gizartearen borondatea ez zaiela axola. Aurten ere milaka pertsonak Bilboko eta Baionako kaleak bete dituzte manifestazio jendetsu eta pluralean; alderdi politiko guztiak bertan ez egon arren Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta soziala ordezkatu zuela esan dezakegu. Eta aurten ere amaitzean galdera bera dugu: eta orain, zer?



Gizarte hau, bere eragile politiko, sozial eta sindikalak, bere udaletxe eta parlamentuak, kultura eta kirol munduko pertsona ospetsuak, juristak, ETAren biktimak, giza eskubideen aldeko ekintzaileak eta baita Europako parlamentariak, bitartekariak eta nazioarteko beste eragile askok ere presoen eta haien senideen sufrimendua areagotzen duen salbuespenezko espetxe politikaren gaitzespena erakutsi dute, bakea eta elkarbizitza lortzeko oztopoa baita. Euskal presoei sistematikoki ezarri zitzaienetik 31 urte igaro dira, eta gaur egun, oraindik ere, salbuespenezko espetxe politikak indarrean jarraitzen du; Frantziako Estatuak hurbilketak egin dituen arren, salbuespen penitentziarioa bi estatuetan ematen dela esan dezakegu.



Orain, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari hurbilketen plan bat aurkeztuko diola iragarri du. Hedabideek emandako informazioa besterik ez badugu ere, positibotzat jasotzen dugu Lakuak euskal gizartearen eskakizuna kontuan hartzea, salbuespenezko espetxe politika amaitzeko pausoak ematea positiboa baita. Askotan esan dugu: ez dago inongo arrazoirik gure senide presoak Euskal Herriko espetxeetan ez egoteko, sufrimendua instrumentalizatzeko besterik ez baitu balio dispertsioak. Urrunketaren amaierak ezin du kontrapartidarik izan, ez baita sari bat, eskubideak errespetatzea baizik.



Eusko Jaurlaritzak berak esan duen bezala, bere planteamendua ez da berria. Horregatik, planak, itxaropenak, hitzak eta eztabaidak ez dira nahikoak, premiaz behar duguna ekintzak dira. Guk behar ditugu, euskal preso politikoen senide eta lagunek, haurrek, helduek, adinduek, urrunketak asteburuero eragiten dituen ehunka biktima potentzialek, maitatzeagatik kondenatutakoek, bidaia luze horiek egin ezin dituztenek eta baita euskal gizarteak ere. Salbuespenezko espetxe politikaren amaiera eskatzen duen gehiengo sozialaren atzean manifestazio jendetsu bat baino askoz gehiago dago. Bileretan emandako ehunka ordu daude, eztabaidak eta adostasuna bilatzeko ahaleginak, konpromisoa eta esfortzua, helburuak zehaztea eta une oro etorkizun bati begira, ez dena erabat osatzen, oraindik ere sufrimendua dagoelako.



Eta orain, zer? Orain indarrak hartu aurrera egiteko. Orain indarrak hartu lanean jarraitzeko, sufrimendua eta bere instrumentalizazio behingoz amaitzeko, bakearen eta elkarbizitzaren bidea egin ahal izateko, euskal gizartearentzat helburu duina baita. Eman diren eta etorkizunean emango diren aurrerapausoen meritua euskal gizarte zibilarena da zalantzarik gabe, lanaren eta esfortzuaren emaitza delako, gutxi batzuek hartu nahi izan ez duten konpromisoarena.



Gure aldetik, gure konfiantza osoa euskal gizartearengan jartzen dugu berriz ere. Eragile politiko, sozial eta sindikalekin lanean jarraitzeko konpromisoa ere hartzen dugu, zabaldutako bideak sakonduz eta eraikitzen jarraitzeko aukera emango diguten bide berriak bilatuz.



Amaitzeko, urtarrilaren 11n Baiona eta Bilboko kaleak betetzen lagundu zuten pertsona bakoitzari eskerrak eman nahi dizkiogu, beraien parte-hartzea eta konpromisoa erakusteagatik. Kaleetan zehar ibili zirenei, pankarta eraman zutenei, amaierako komunikatua irakurri zutenei, Mirentxineko gidari solidarioei, lehenago, egunean bertan eta ondoren dena ondo atera zedin lanean jardun ziren pertsona guztiei, ibilbidearen hasieratik bukaera arte txaloekin babesa adierazi zeniguten guztioi; laburbilduz, bi manifestazioak indarrez, konpromisoz, duintasunez eta emozioz bete zenuten guztioi, mila esker.