Konponbideari begira

Elkarrizketak

Josemi Arrugaeta. Deportatu ohia

«Gure borroka nekaezinak zerikusi handia du egungo Euskal Herri honekin»

Auzitegi Nazionalak 2010ean zabalduriko sumario batek zapuztu egin zion Arrugaetari Euskal Herrira itzultzeko ametsa; sumarioan, ETAk FARCekin zituen harremanekin lotu zuten. Azkenik, FARCeko gerrillariei ezarritako amnistiari esker itzuli ahal izan da.

2020-02-09 / Iñaki Petxarroman

Martxoan urtebete izango da Josemi Arrugaeta (Bilbo, 1958) Euskal Herrira itzuli zela. Kuban deportatuta egon ostean 35 urtez, arlo fisikoz ez ezik sozialki ere sumatu du Bilbo itxuraldatua. Iraganaz eta etorkizuneko egitasmoez jardun du BERRIArekin.



Berrogei urte pasatu dituzu Bilbotik kanpo. Nola aurkitu duzu hiria?



Oso aldatuta, baina ez bakarrik arlo geografikoan, baizik eta gizartea bera ere. Arlo fisikoan, esango nuke onerako aldatu dela, hirigintza, esaterako. Hobetu da garraioa, komunikazioa... Hiriak nahiko zainduak eta erosoak dira. Bestalde, gizarteari dagokionez, antzematen da ongizate maila bat: kontsumoan, mentalitatean... Gizarte zaharkitu bat ere ikusi dut, Kubarekin alderatuta.



Ikuspegi kultural eta linguistikoari dagokionez, nola ikusi?



Joan nintzenean euskarak zailtasun handiak zituen, eta une kritikoan zegoen. Orain, dezente hobeto aurkitu dut, perspektiban ikusita, eta horrek ez du esan nahi arazorik gabe dagoela. Baina, joan nintzenean, hiri ertain eta handietan euskara entzutea nahiko arraroa zen. Bestalde, hizkuntz paisaian ere normalizazio zantzuak sumatu ditut, autobus geltokietan, treneko bozgorailuetan. Eta hori Bilboren kasuan oso esanguratsua iruditzen zait.



ETAn sartu zinen 1970eko hamarkadan. Zergatik?



Gogoan ditut 1975eko fusilatzeak, eta oso zalantzati hasi ziren trantsizioko lehen urteak. Gaztetan bizi izan nuen garai bat zeinean tentsio politiko eta soziala oso gogorra zen. Mobilizazio maila, bereziki gazteriarena, oso indartsua zen, eta errepresio aparatu frankisten erantzuna, oso oldarkorra. Hor dinamika bat sortu zen: ETAk gogor egin zuen hausturaren alde eta benetako demokrazia ekartzearen alde. Testuinguru hartan, ETAk ordezkatzen zuen, nire iritziz, aukera bakarra frankismoak bizirik ez irauteko. Uste dut bazirela baldintzak benetako aldaketa lortzeko.



Uste zenuten benetan lor zitekeela Euskal Herriaren askapen soziala eta nazionala borroka armatuarekin?



Langileen eta gizartearen mobilizazio gaitasuna oso handia zen. Egoera hori deskribatzeko ETApm-ren txosten batean, Lopez Irasuegik iraultza atarikotzat jo zuen 1976tik 1980ra arteko garaia. Egungo ikuspegitik, uste dut lilura moduko bat izan zela, baina garai hartan sentsazioa zen sistema benetan puska zitekeela, ezegonkortasuna hain zen handia.



Eta zergatik ez zen hautsi?



Ez genuelako aintzat hartu Espainiako oposizioko alderdien jarrera. Oso pragmatikoak izan ziren, bereziki PSOE eta PCE. Biek ere sistemara sartzeko itun bat egin zuten, trantsizioari falta zitzaion legitimazioa emateko. Azpimarratu nahi dut hau ere: bortxaren ondorioez hitz egitean, aintzat hartu beharko litzatekeela garai hartan hainbat erakunde zeudela: ETAren bi adarrak, komando autonomoak eta Iraultza.



Ez zineten ados jartzen, hauteskundeetan parte hartu edo ez.



1977ko amnistia gertatu zen garaian, Bereziak ETApm-tik banatu ziren, eta ETAm-rekin batu. Ni polimilien kultura horretako parte nintzen, baina orduan beste dinamika batean sartu ginen. Proiektu politiko-militarra eta EIAren arteko bikoizketa zeuden. Bata adar militarra zen, eta bestea, legezko jarduera politikoko alderdia. Hori 1982ra arte izan zen, hor polimiliak hil egin baitziren, barne kontraesanengatik.



Ipar Euskal Herrian zinen ordurako. Nola izan ziren urte haiek?



Klandestinitatea, kartzela eta deportazioa ezagutu nituen. Niretzat urterik garrantzitsuenak izan ziren ondoren gertatu zena ulertzeko. Borroka armatuaren intentsitatea nabarmen igo zen. ETAm-k askoz gogorrago jotzen zuen, baina ETApm ere errautsetatik berpiztu zela zirudien. Gainera, polimiliek zenbait bide armatu berri urratu zituen, onerako eta txarrerako, etorkizunerako irakasgai zirenak...



Zergatik desagertu zen ETApm?



Bizi genituen kontraesanen ondorioz. Hau da, ezin delako demokrazia burgesa bultzatu borroka armatuaren bidez. Azken finean, Euskadiko Ezkerraren adar armatua bihurtu ginen. Haien finantzaketa iturria izan ginen, obeditu genituen haren zuzendaritzaren hainbat irizpide politiko, bereziki Mario Onaindiarenak. Esaterako, Onaindiak iradoki zigun politikarien aurkako atentatuak egiteko. Eta ETApm-k atentatuak egin zituen UCDko buruzagi eta zinegotzien aurka. Horregatik nioen polimiliak izan zirela bide urratzaileak zenbait kontutan.



Nolakoa izan zen desegitea?



Otsagabia txostenean bazegoen irizpide bat, zeinaren arabera alderdia zen zuzendaritza politikoa. Hala, militanteak dirua ateratzeko edo ekintza politikoak aurrera eramateko erabiltzen ziren, adibidez, gero EAJrekin edo Suarezekin negoziatzera joateko. Baina zein da arazoa? Militante batzuek uste zutela prozesu askatzaile batean ari zirela.



GALen sorrera ezagutu zenuen. Nola bizi izan zenuen?



Ipar Euskal Herrian iheslari asko bizi ginen. Milatik gora izango ginen, batez ere kostaldean. Ekintza armatuen intentsitatea igoz joan zen, eta Espainiako Estatuaren egituretan min handia egiten ari ziren. Ezin zuten geratu, zeren ekinbide armatuak gizarte babes handia zuen. Testuinguru horretan sortu zuten estatu terrorismoa, nahiz eta orain polizia gehiegikeriak deitu, modu zinikoan.



Xedea Paris mugiaraztea zen.



Espainiak ulertu zuen Frantziako Gobernuaren jarrerak ezinezko egiten zuela Poliziak eraginkor jardutea. Kontua da ea zergatik Frantziak ez zuen horren garbi ikusten ETA terrorismo gisa. Kontua da Parisek ez zuela ikusten Espainiako demokrazia behar bezain garatua. GAL bi helbururekin sortu zen, beraz: bat zen mendeku gosea asetzea sektore polizial eta militar batzuetan; eta bestea, noski, Frantziari presioa egitea. Bigarren horrek funtzionatu egin zuen. Aldi berean, Espainiako «demokraziak» Europaren bedeinkapena jaso zuen.



Nola aldatu zuen GALek zuen bizimodua Iparraldean?



Hasieran, nahasmena zegoen, ez baitzegoen garbi zeintzuk ziren helburuak. Nire kasuan ,ez zen gehiegi aldatu nire bizimodua, baina aparatua bere barnera sartu zen, eta are eta gehiago klandestinizatu zen. Jakina, iheslari ugari zeuden, eta hor jotzen hasi ziren, ETAri berari baino gehiago. Bestalde, ETA guztiz batzea lortu zuen, eta borroka armatuaren epe luzeko ikuspegi batekin.



Sasoi horretan, hegazkin batean bidali zintuzten deportatuta.



Atxilotu ondoren, uste genuen Espainiaren esku utziko gintuztela. Madrilek entrega zuzenak nahi zituen, baina frantsesek erreparoak zituzten, Europan gure borroka ez baitzen jotzen terrorismotzat. IRArena ere hor zen, eta antzekotasunak bistakoak ziren. Beraz, deportazioa onartu zuten lehen urrats gisa, elkarlan eredu estuagoetara iritsi aurretik: estradizioak, entrega zuzenak eta polizien arteko elkarlan estua.



Panamara bidali zintuzten, baina, azkenean Kubara iritsi zinen. Zer gertatu zen?



Jakin genuenaren arabera, eta historialari katalan batek egin duen tesi batean ageri denez, hasiera batean Venezuelara ginderamatzan, baina hark esan zuen ezetz, eta Panaman geratu ginen. Torrijos hil zuten ordurako, eta haren ordezko Noriega ere ezagutzen zuen Felipe Gonzalezek. Han denbora bat pasatu genuen, eta gero Kubara bidali gintuzten.



Zergatik?



Espainiako Gobernuak Kubari eskatu ziolako gu jasotzeko, Gonzalezek Fideli [Castro] eskatu ziolako kitatzeko Granadaren inbasioarekin zerikusia zuen fabore bat. Beraz, kortesia politikoarekin zerikusia zuen kontu batengatik iritsi ginen Kubara.



Ez zenuen pentsatuko 35 urte pasatuko zenituela bertan.



Sekula ez genuen pentsatu luzerako izango zela. Uste genuen Euskal Herrian egoera aldatuko zela, eta hori pentsatzeko nahiko osagai bazen. Kontuan eduki gobernu guztiek, Rajoyrenak izan ezik, negoziatu dutela ETArekin.



Berlingo harresiaren erorketa bizitzea tokatu zitzaizun Kuban, eta aldi bereziaren krisi gogorra.



1984an, iritsi ginenean, ardatz sozialistaren parte garrantzitsu bat zen Kuba, AEBen bizilaguna zelako. Fidelek bi urte lehenago ohartarazi zuen SESBren desegiteaz, baina Kubak kolpe gogorra hartu zuen, truke komertzialaren bi heren baino gehiago egiten zituelako bertan. Fidelek erabaki zuen ez zuela batzuek eskatzen zioten bidea egingo, eta erresistentziaren bandera altxatu zuen. Horrek aldi berezia ekarri zuen: gerrarako aurreikusita zegoen egoera bat, baina bake garaian.



Eta nola iraun dute gaur arte?



Fidelek aurreikusi izan dituelako gertakari garrantzitsuak. Esaterako, Venezuelan Chavezek gidatutako bi estatu kolpeak gertatu ziren, eta Fidelek sumatu zuen mugimendu horrek sakonera handia zuela. Hala, Chavez espetxetik irten zenean, Habanara joan zen, eta estatu harrera egin zioten. Hor apustu bat zegoen.



Aldaketa ekonomiko batzuk ere egin zituen Kubak, ordea.



Bai, turismoari ireki zion uhartea. Dibisak eta dolarrak izatea baimendu zuen, ekonomiak arnasa pixka bat har zezan. Ondoren, Chavez iritsi zen, eta aurrerapen handia egin zuten energia hornikuntzan, Kuban zegoen arazo nagusietako batean. Bestetik, estatubatuarrak politikoki oso baldarrak izan dira, eta, garai hartan, elkarrizketa zabaldu beharrean, itxi egin zuten.



Zer deritzozu Kubak iheslari eta deportatuei emandako tratuari?



Nabarmendu behar da Kubak beti eutsi diola gurekin hartutako konpromisoari. Eta hauxe zen: Kuba ez zen espetxea, eta ihes egin genezakeen, baina, alde eginez gero, ezin ginen itzuli. Eta, bestetik, bermea genuen ez ginela izango Espainiara igorriak. Espainiak presio handia egin du Kubak behar ekonomiko handiak zituen momentu batzuetan, baina eutsi egin zioten konpromisoari. Beti hartu gaituzte errefuxiatu politiko moduan, eta, une zail haietan, hori eskertzekoa da.



Duela urtebete itzuli zinen Kubatik. Nola zegoen herrialdea?



Trumpen politiken ondorioz, zailtasun ekonomikoen zantzuak baziren. Baina badira beste bi kontu: batetik, proiektu iraultzailea modernizatu egin behar da gizarte adostasun berri batekin, egoera ez baita joan den mendeko bera. Eta, bestetik, eskualdearen testuingurua aldatu da, Latinoamerikan kontrako jarrerak nagusitu baitira. Beraz, Kubak iraultzaren balio sinbolikoari eutsi behar dio, barruko eraldaketa egitearekin batera.



Borroka armatua amaitzen ari zela, sumario batek lotu zintuen ETAk FARCekin ustez zituen harremanekin.



Hasieran ez nion aparteko garrantzirik eman. Besterik gabe, beste epaile izar baten sumario bat zen, biribila karratu bihurtu nahi zuena, balizko gaizto guztiak zaku berean sartuta: ETA, FARC, Kuba eta Venezuela... Azkenean, baina, nire itzulera trabatu zuen azken oztopoa izan zen.



Azkenean, problema bera irtenbide bihurtu zen, FARCen amnistia aplikatu zizuetelako.



Sumarioa itxi eta nazioarteko atxilotze aginduak eman zituzten. Bitartean, Kolonbiako bake itunak heldu ziren, eta, tartean, Amnistiarako Legea. Espainia bake akordio horien bermatzaileetako bat zen. Hasiera batean, ezker abertzaleko abokatuekin egin nituen kontsultetan esan zidaten ezin zela ezer egin. Halako batean, abokatu espainiar batek esan zigun bazela aukera bat. Apelazio bat egin zuen, gure sumarioari Kolonbiako hitzarmeneko amnistia aplikatzeko eskatuz. Eta halaxe gertatu zen.



Omenaldi jendetsu bat egin zizuten Bilbon. Harrera horiek ere bihurtu dira jazarpen judizialerako bide. Zer iritzi duzu?



Santutxun egin zidaten harrera oso hunkigarria izan zen, bereziki nire amarentzat, nire itzulera betetako amets bat baitzen beretzat. Oihartzun mediatikoari eta jazarpen judizial eta polizialari buruz, uste dut zerikusia daukala hemengo bake prozesuaren izaerarekin. Izan ere, ez zen bake akordiorik izan, eta, hori dela eta, gatazkaren ondorioak zauri irekiak dira oraindik. Harreren kasuan, hainbeste jende elkartzeak gezurtatzen du inposatu nahi duten aldebakarreko kontakizuna. Horrek ematen die min.



Zer egin beharko luke ezker abertzaleak kontakizunari buruzko borroka horretan?



Historialari gisa esango dizut, hasteko, historiaren kontakizuna eta historia bereizi egin behar direla. Kontakizuna diskurtsoari dagokio, eta tresna bat da. Historia idazteak eskatzen du milaka agiri aztertzea, eta material horietako gehienak estatuaren esku daude, sekretu gisa gordeak. Ezker abertzaleak bere esku dauka erresistentzia luze horretako protagonista izan garen milaka pertsona horien testigantza biltzea, egunen batean gure historia propioa kontatu ahal izateko.



Merezi izan al du horrenbeste urteko borrokak?



Adiskide batzuek esaten didate bizitza zaila izan dudala, eta egia da, baina interesgarria eta pasioz betea ere izan da. Etxetik alde egin nuenean, Euskal Herria ez zen existitzen instituzionalki, eta gure hizkuntzak hiltzeko agiria jasota zeukan. Orain, gizarte bizi bat topatu dut, nortasun egonkor batekin eta eraldatze etengabean. Gure borroka nekaezinak zerikusi handia du egungo Euskal Herri honekin. Gainera, bizirik gaude, eta, nire kasuan, azken hatsa eman arte segituko dut independentziaren eta sozialismoaren aldeko borrokan.

Publizitatea