Konponbideari begira

Analisiak

Hiru urte ETAren armagabetze zibiletik

 

2020-04-08 / Agus Hernan eta Nekane Alzelai - Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak

Gure gizarteak bizi duen egoera konplexu honetan, ziur gutxi aipatuko dela gaur komunikabideetan eta solasaldietan orain hiru urte indarkeriaren zikloaren ondorioak konpontzeko prozesuak eman zuen aurrerapauso garrantzitsua: ETAren armagabetze zibila.



Hori ulergarria da, noski, osasun-krisi egoera honetan gainerako guztia bigarren mailara pasatu delako. Artikulu honen bidez nahi duguna zera da: aditzera ematea gizarte zibil gisa harro sentitzen garela, kontziente garelako erakutsi dugun gaitasun kolektiboaz zailtasunak gainditzeko eta irtenbide berritzaileak bilatzeko; eta aldarrikatzea gure buruarengan konfiantza izateari beharrezko deritzogula, ikasteko eta etorkizun hobe bat eraikitzeko erakutsitako gaitasunagatik. Horixe da bizitzen ari garen konponbide prozesu konplexutik ondorioztatzen dugun lezio nagusia.



Foro Sozial Iraunkorra 2016an aurkeztu zen, blokeo anitzak nagusi ziren testuinguruan, Aieteko Konferentzia egin eta bost urtera. Orduan egiaztatu genuen baldintzak beteta zeudela ETAren armagabetze prozesuarekin aurrera egiteko, gizarte zibilaren eskutik, eta eskatu genuen hasi berria zen Eusko Legebiltzarraren XI. legegintzaldia baliatzeko behin betiko bultzada emateko indarkeria zikloaren ondorio guztien konponbideari.



Zintzoak bagara, eta perspektiba apur batekin, inork imajina zezakeen 2016ko blokeo egoera hartatik zenbat egin dugun aurrera? Emandako pausoen balantzea egin behar da, zalantzarik gabe, betiere, argiak eta ilunak aintzat hartuta.



ETAren armagabetze zibila gertatu da, osorik eta egiaztatuta, eta erakunde hori desegin da, nazioarteko komunitateak egiaztatua. Adostasun politiko, sindikal eta sozialak eraiki dira, ordura arte imajinaezinak zirenak; batetik, indarkeria mota guztien biktimek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidearen inguruan; bestetik, salbuespeneko espetxe politikaren aplikazio fasea gainditu eta presoei politika normalizatua aplikatzeko premiazko beharraren inguruan; eta, azkenik, urrats sendoak eman ditu gizarte osoak bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan.



Harrotasunez baiezta dezakegu gizarte zibila aurrerapauso horiek ematerako garaian eragile erabakigarria izan dela, izan garela. Maizegi blokeatzen zen motorrarentzat olio izan gara. Gogora dezagun Luhuso, Baiona baino hiru hilabete eskas lehenago.



Esaterako, gaur da eguna konponbiderako euskal eredu zibila erreferentzia eta aztergai dena gatazkak konpontzeko lan egiten duten nazioarteko eragileen artean. Eta kanpoan erreferentzia den bitartean, hemen oraindik bake prozesu bat abian ote dugunaren eztabaida bere horretan dirau. Oraindik bere horretan diharduten lubakietatik elikatzen den eztabaida.



Datuak, ordea, argiak dira: Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak pasa den otsailean egindako azterketan «zure ustez, zein egoeratan dago bake prozesua Euskadin?» galderari emandako erantzunak honakoak dira: %55ek uste dute aurrera egiten ari dela. 2014an, berriz, ehuneko hori apenas heltzen zen %28ra. Aitzitik, prozesua geldirik dagoela %38k uste dute. Orain sei urte gehiengoa zen iritzi horretakoa (% 58). Hortaz, herritarren pertzepzioa da bake prozesua abian dela.



Argi horien atzean bi arrazoi nagusi daude: alde batetik, indarkeria adierazpen ezberdinak jasan dituzten biktimek, eskuzabaltasun ariketa izugarria eginez eta elkar aitortuz, gainontzekooi bidea markatu digutela; eta, beste aldetik, gizarte zibila motorra izan dela eta, bere osotasunean, konponbiderantz emandako pausoen alde agertu dela, oraindik dirauten blokeoekin bat etorri gabe.



Bestalde, ilunei dagokienez, bi aipatuko ditugu:



Lehenengoa, frustrazio handiz egiaztatu dugu, arestian aipatutako adostasun garrantzitsuak gorabehera, Eusko Legebiltzarrak memoriari eta bizikidetzari buruz martxan jarritako ponentzian blokeoa gertatu dela, eta horrek eragotzi egin duela azken ebazpen orokor bat. Ez da aurrerapausorik eman alderdi politikoen artean memoria kritiko inklusiboa eraikitzeko beharrezkoak diren gutxieneko adostasunetan; batzuek errelatoaren bataila deitzen diote horri. Egiaztatu dugu errelatoaren gaian, alderdien arteko eztabaida legitimoa argudio berberak errepikatzen dituen noria bat bezalakoa izan dela, aurrera egiteko gai izan ez dena, gainerako gaietan pauso erabakigarriak baldintzatu dituen bitartean.



Bigarrena Espainiako Gobernuek izandako jarrera da. Konponbide prozesuak izan dituen zailtasun nagusiak, eta oraindik ere dituenak, harremanean daude aldi honetan egon diren Gobernuen jarrerarekin.



2016-2018 aldia Rajoyren gobernuaren immobilismoak markatu zuen. Sanchezen gobernuari dagokionez, bere lehen 18 hilabeteetan hainbat egitasmo abiatu zituen presoen gaiari lotuta, baina horiek hain urriak izanik, frustrazioa sortu zuten hurbileko senide eta lagunengan. Gainera, ezin ahaztu daiteke bi aldi horietan zehar inertzia batzuek iraun dutela, dagoeneko gaindituta dagoen iragan bati erantzuten diotenak.



Jakina, egiteko asko daude oraindik, askatu beharreko korapilo ugari, ahaztu ezin ditugunak: 1) biktimen arteko tratuan oraindik ere badirauen diskriminazioa amaitzea; 2) espetxe salbuespenaren behin betiko desaktibatzea; eta 3) espazio sozialetatik memoria kritiko inklusiboa eraikitzea bultzatzea, errelato guztiak errespetatuko dituena.



Amaitzeko, konfinamenduko aste hauetan ikusi dugu gizarte zibila autoantolatu egin dela, erakundeek konpondu ezin zituzten edo konpontzeko gai ez ziren berehalako arazo eta beharrei erantzuteko. Pertsonak, haien osasuna, elkar zaintzea, zentrala izatera pasatu dira.



Baina, era berean, azpimarratu nahi dugu muturreko egoeretan bizikidetza bereziki zaintzeari ezinbesteko deritzogula, gizarte kohesiorako beharrezko tresna gisa.



Eskubide urraketen eta jarrera autoritarioen irudiak ikusi ditugu egunotan, eta nolabaiteko prepotentzia arduradun politikoengan. Iritzi publikoaren sektore batzuek ulertu dituzten irudi eta jarrerak. Errealitate kezkagarriak dira, eta, sendotuz gero, askatasun murrizketak pairatzera eraman gaitzakete, gure gizarteak hain urrun ez dagoen iragan batean ezagutu zituenak bezalakoak, hain zuzen ere.



Tuneletik irtetean ezer ez da berdina izango. Egoera horretatik aterako den gizarteak ez ditu ontzat horren erraz joko jarrera intrantsigenteak, lubaki posizioak, aurrerapenak blokeatzen dituzten eztabaidak. Baita artikulu honetan dagokigun gaiari lotuta ere. Hasiera berriek aukera paregabeak eskaintzen dituzte iraganeko akatsetatik ikasiko duen etorkizun hobea eraikitzeko.