Konponbideari begira

Berriak

Frederic Haranburu 'Xistor' presondegitik aterako da, baldintzapean

Eskumuturreko elektronikoa eraman beharko du urte eta erdiz, eta «baldintza zorrotzak» izanen ditu zortzi urtez. Azken urteetako mobilizazioekin lotu dute erabakia Bake Bideak, EH Baik eta EH Bilduk
Esnal, Haranburu eta Parot askatzearen alde egindako mobilizazio bat, Baionan.
Esnal, Haranburu eta Parot askatzearen alde egindako mobilizazio bat, Baionan. GUIILAUME FAUVEAU

30 urte baino gehiago preso egon ondoren, espetxetik aterako da Frederic Haranburu Xistor euskal presoa. «Baina ez da osoki libre izanen», zehaztu du Maritxu Paulus Basurkok, haren abokatuak. «Gaur dugun pozak ez du gorde behar ez dela zinezko askatasun bat. Hemezortzi hilabetez izanen du eskumuturreko elektronikoa, eta, ondoren, zortzi urtez baldintza zorrotz batzuk izanen ditu errespetatzeko. Beste modu batez, baina, kondena betetzen segituko du».

Dei auzitegiak atzo jakinarazi zuen onartu duela euskal presoa baldintzapean aske uzteko eskaera. Egindako hirugarren eskaria zen. Uztailaren 9an aztertu zuen Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak; epaileak eskaera onartu zuen, baina fiskaltzak helegitea ezarri zuen. Irailaren 24an iritsi zen kasua dei auzitegira; fiskaltzak ukatzeko eskatu zuen berriz, baina epaileak ez dio jaramonik egin. Efe agentziaren arabera, azaroaren 24tik aitzina atera liteke Haranburu presondegitik. Paulus Basurkok ez du irteteko eguna baieztatu, euskal presoaren «intimitatea» atxikitzeko.

Auzitegiaren erabakia «urte askoko lanaren eta mobilizazioen ondorio» dela azpimarratu du Bake Bideak. «Defentsako abokatuek, gizarte zibilak eta hautetsiek eraman lanari eta mobilizazioei esker lortu da. Gero eta determinatuagoak gara gure lanarekin jarraitzeko, Ion Parot eta Jakes Esnal lehenbailehen atera daitezen eta preso guziak libratzeko bideak ireki ditzagun», adierazi du ohar batean.

«Bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntzan aurrerapauso bat» dela uste dute EH Baik eta EH Bilduk. Nabarmendu dute «bake prozesuak etapa garrantzitsu bat gainditzea» lortu duela, eta «ongietorria» egin diote Parisko auzitegiaren «jarrera aldaketari». Azken urteetan izandako mobilizazioekin lotu dute auzitegiaren ebazpena. «Benetan espero dugu erabaki horrek aldaketa iraunkorra ekarriko duela kartzela politikan zein magistratuen jarreran». Erran dute «zentzu bereko» erabakiak espero dituztela Jakes Esnal, Jon Kepa eta Unai Parot, eta gainerako euskal presoentzat ere.

«Argi izpi bat pizten du»

Paulus Basurkok nabarmendu du «biziki berandu» heldu dela Haranburu baldintzapean aske geratzea. Bizi guziko presondegira zigortu zuten 1997an, eta 2008tik zuen baldintzapean ateratzeko aukera. Hala ere, abokatuak azpimarratu du «oso garrantzitsua» dela erabakia, «biziki motibatua» delako. «Hor argi gelditzen da kartzela barnean egindako lan guzia; ez dagoela ordena publikoaren kontrako arriskurik; hura aske uzteak ez duela gizartearentzat arriskurik; ez dela arriskurik ber egitateak gauzatzeko». Epaileak ebazpenean aipatu du Espainian gehienez ere 30 urte beteko zituela, eta auzitegiak aitortu du Euskal Herriko egoera desberdina dela. «Ez du egoera politikoa bereziki aipatzen, baina testuingurua aldatu dela aipatzen du. Aldaketa handia da, urrats handia».

Hala ere, abokatuaren ustez, goizegi da «jarrera aldaketa» aipatzeko. «30 urte baino gehiago egin ditu kartzelan. Eta erabakia zorrotza da. Ez da malgutasunik. Uste dut kasu egin behar dugula». Esnalen eta Paroten kasuentzat eraginik izan dezakeen galdetuta, zuhurtziaz erantzun du, zehaztuz «erabaki pertsonalak» hartzen direla. «Erabaki hori garrantzitsua da beste bientzat ere. Ez du erran nahi horren ondorioz askatuak izanen direla, baina argi izpi bat pizten du».

Publizitatea