Konponbideari begira

Berriak

'Bateragune auziko' epaiketa berriro egiteko eskatu du fiskaltzak

Vox alderdi ultraeskuindarrak jarritako helegitea aintzat hartu du. Orain Gorenari dagokio erabakia hartzea. Zigorrak beteta daude aspalditik
Auzipetuak, 2018an, Estrasburgotik iritsitako ebazpena baloratzeko egindako agerraldian.
Auzipetuak, 2018an, Estrasburgotik iritsitako ebazpena baloratzeko egindako agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

2020-11-19 / Gotzon Hermosilla

Fiskaltzak aintzat hartu du Vox alderdi ultraeskuindarrak aurkeztutako helegitea, eta Espainiako Auzitegi Gorenari eskatu dio berriro egiteko Bateragune auziko epaiketa. 2012an, auzitegiak sei urte eta sei urte eta erdi bitarteko zigorrak ezarri zizkien ezker abertzalearen bost kideri Arnaldo Otegi, Rafael Ruiz Usabiaga, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto, baina, geroago, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen epaiketa ez zela «inpartziala» izan, aho batez ebatzi ere.

Horren ondorioz, Espainiako Auzitegi Gorenak epaia baliogabetu zuen, joan den uztailean jakinarazi zuenez. Orain, fiskaltzak uste du «prozedura akats bat» baino ez zela egon eta horrek ezin duela ekarri «errudunak zigorrik gabe uztea». Beraz, epaiketa berriro egin dezatela eskatu du.

Vox alderdi ultraeskuindarrak aurkeztu zuen helegitea, eta alderdi horrek eman du fiskaltzaren erabakiaren berri, sare sozialen bidez. Orain, Auzitegi Gorenak erabaki behar du fiskaltzaren eskaera aintzat hartzen duen horrek epaiketa berriro egitea ekarriko luke edo, aitzitik, bazter lagatzen duen.

Epaiketa berriro egitekotan, lehenengo urratsa izango litzateke epaimahaia osatuko luketen epaileak aukeratzea: izan ere, horretan datza Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak detektatutako irregulartasuna, epaiketa ez zela bidezkoa izan esatera eraman zuena. Arnaldo Otegiren defentsak helegitea aurkeztu zuen Angela Murillo epailea aukeratu izanaren kontra, hura «inpartziala» ez zelakoan, eta Auzitegi Gorenak ez zuen onartu helegite hori, aurreko beste auzi batean Murilloren kontrako errekusazioa onartu zuen arren.

Auzian zigortutako bost akusatuek aspaldi bete zituzten ezarri zizkieten zigorrak. Epaia baliogabetu zutenean, horrek ez zuen ondorio praktikorik ekarri prozesatuen egoerari zegokionez, Otegiri kargu publikoa izateko debekua kentzeaz gainera. Ikusteko dago zer gertatuko litzatekeen epaiketa berriz egingo balitz.

Auzitegi Nazionala, kontra

Naiz agerkari digitalak azaldu duenez, Espainiako Auzitegi Nazionala berriro azaldu da epaiketa errepikatzearen kontra. Joan den urrian, atzera bota zuen AVT-Verde Esperanza elkartearen eskaera bat, epaiketa berriro egitekoa, eta orain, fiskaltzaren erabakia plazaratzeaz batera, ezker abertzaleko bost kideen defentsak jakin du Espainiako Auzitegi Nazionalak aukera hori baztertu duela ostera ere, «Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpenean eta Espainiako Auzitegi Gorenak oraindik orain plazaratutakoan ez delako horrelakorik aipatzen», Naiz-ek azaldutakoaren arabera.

2009ko urriaren 13an hasi zen gerora Bateragune auzia gisa ezagutu zena, Baltasar Garzon epaileak ezker abertzaleko hamar lagun atxilotzeko agindu zuenean, tartean Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez, «Batasuna berregiten saiatzea» leporatuta.

2011ko ekainean hasi zen epaiketa. Zigor gogorrak ezarri zizkieten akusatuei: zortzi eta hamar urteko espetxe zigorrak Zabaletari, Jacintori, Rodriguez, Diez eta Otegiri. Azken bi horien kasuan, ETAko buruzagi izatea leporatu zieten.

Gorenak epaia berretsi zuen 2012an, baina zigorrak murriztu zituen. 2018an iritsi zen Estrasburgoko Auzitegiaren epaia, auziaren norabidea hankaz gora jarri zuena: horren arabera, epaiketa ez zen «inpartziala» izan. Ordurako, baina, bost auzipetuek zigorrak beterik zituzten.

Publizitatea