Konponbideari begira

Elkarrizketak

Jon Enparantza. Abokatua eta 13/13 auzian akusatua

Ā«Prozesua espetxeetan lehertzea nahi zuten; ez zuten lortuĀ»

Asteon hasi da 13/13 auziko epaiketa, presoen abokatuen aurka. Batzuk 11/13 auzian zigortu zituzten; Enparantzak uste du orduko eta oraingo akusazioak berberak direla.

2021-07-17 / Jon O. Urain

Presoen abokatuen aurkako 13/13 sumarioko epaiketa hasi zen astelehenean, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Abokatuek konponbide prozesuan eginiko lanaren garrantzia nabarmendu zuen Jon Enparantzak (Donostia, 1968) epailearen aurrean.



Zer moduz?



Errealitatearekin topo egitea izan da, hainbeste urteren ondoren. Egoera honekin deskonektatuta bizi izan dut hau guztia, eta lurreratze bat izan da. Gogorra.



2010ean bitan atxilotu zintuzteten; beste behin 2014an; 2019an zigortu... Zer aldarterekin itzuli zarete Auzitegi Nazionalera?



Beti egon gara hor; gure lana eta bizimodua hori izan da. Intentsoa izan da, gogorra. Urteetan besteen azalean ikusi dugu, baina azken hamarkadan, konponbidearen hamarkada izan behar zuen horretan, guri egokitu zaigu hau dena jasatea.



2010eko apirileko atxiloketekin abiatu zen auzia. Ordurako ETAk erabakia zuen jarduera armatua etetea. Zeri erantzuten zioten atxiloketek?



Garai horretan urrats inportanteak egiten ari ziren konponbide prozesu batean sartzeko. Estrategia aldaketa bat zetorren, eta eztabaida pil-pilean zegoen. Ezker abertzalearen estrategia aldaketa, [ETA] erakundearen jarduera armatuaren eten iraunkorra...Presoen kolektiboa eztabaida horren parte zenez eta denez, harrapatu gintuen ea nola kokatzen zen jokaleku horretan. Eztabaida hori kudeatzen ari ginen. Presoek ahalik eta baldintza onenetan eztabaida dezaten aritu gara, eta erabakirik egokienak har ditzaten, kontuan hartuta dispertsioak hori dena baldintzatzen duela. Testuingurua hori zen. Operazio honekin, prozesua espetxeetan lehertzea nahi zuten; ez zuten lortu. Espetxeetan lehertu izan balitz, prozesu guztia konplikatuko zukeelako. Gero, gauza bera errepikatzen da.



2014ko urtarrileko atxiloketez ari zara; EPPK-k «lege bideak» erabiltzeari buruzko adierazpena egin eta hamar egunera atxilotu zintuzteten berriro.



Kolektiboak bere dinamikarekin jarraitu zuen, baina kasu horretan gehiago zen ildo politiko-penitentziarioa lantzea: espetxeari nola aurre egin agertoki berri horretan. Eztabaida horretan ari ginela etorri zen bigarren kolpea.



Bi kasuetan, abokatuak jomugan. Zergatik?



Beti izan dira gorrotatuak eta estatuaren jomugan egon direnak, eskubide urraketen lekuko izan garelako.



Abokatuen kontra eginda, pauso bat harago joan ziren?



Zerikusia du bilakaera politikoarekin. Ezker abertzalea bide batean lerrokatu zenean, ikusiko zuten eztabaida baldintzatzeko modurik eraginkorrena abokatuekin sartzea izango zela.



Koordinazio Taldekoak izatea egozten zizueten; haren bidez, Halbokakoak, eta haren bidez, ETAkoak.



Bereizi egin behar da. Halboka ETAren aparatu bat da, eta KT ez da Halboka; koordinazio talde bat da, presoen gaiak kudeatzeko.



Epaiketaren gai nagusietako bat izaten ari da 11/13 auzian zigortu zintuztetela, eta orain 13/13 sumarioan, akusazioa bera dela eta birritan epaitzen ari direla egitate berberengatik. Hala da?



Haiek justifikatzen dute eten bat dagoela. Bigarren operazioaren epaiketa lehenago etorri da, eta jarduera profesional eta politiko beragatik epaitu, kondenatu eta espetxeratu gintuzten, hitzez hitz. Eten ez zen lana da, ni lanean hasi nintzenetik. Espetxean sartu gintuztenean ere jarraitu genuen; abokatu gisa, presoen gaiak kudeatzen eta, are gehiago, ja preso ginen, kolektiboko kide ginen. Ez dago etenik; espetxean ere ETAko kide gisa tratatu gintuzten.



Epaiketan deklaratu zenuen abokatuen lana oso garrantzitsua izan dela konponbide prozesuan. Zein izan zen abokatuen rola?



Espetxe politikak eta sakabanaketak presoen arteko harremanak zailtzea eragin zuen, baina kolektiboak bere bideak baliatu izan ditu kohesio politiko hori mantentzeko. Abokatuek parte hartu dute horretan. Abokatuok jokatu dugun rola izan da bitartekaritza lan bat egitea. Bilakaera bat izan du horrek ere. KT aipatzen da: Koordinazio Taldea, presoen inguruko kontuak kudeatzen dituena. Zabaldu egin genuen taldea, eta bitartekaritza talde bat sortu zen, interlokuzio bat beharrezkoa zelako. Bitartekaritza lan hori aldarrikatzen dugu; instituzioekin, eragile politikoekin, auzitegiekin. Eztabaidari bide ematea kriminalizatzen da. [Presoen] kolektiboak 2013ko abenduan egin zuen adierazpena, adibidez, kudeaketa hori dena eragile politiko eta sozial guztiek zekiten; gure helburua izan zen ahalik eta gardentasun handienarekin jakinaraztea eragile horiei guztiei.



2019ko irailean, 11/13 auzian akordio batera heldu zineten. Arantza Zuluetak eta zuk onartu egin zenuten ETArekiko kidetza, zuzendaritzan; beste 45 auzipetuek espetxea saihestu zuten. Horrek kalte egin diezazueke orain?



Alderantziz; haiek egon behar dute kezkatuta. Jarduera horiengatik jada zigortu gintuzten. Aurretiazko gai gisa planteatu dugu; orain arte ukatu egin digute. Ebazpena epaiarekin emango dute. Bi auzietan, akusazioaren errelatoa bera da. Zentzugabea da.



Naia Zuriarrainek eta Saioa Agirrek tortura eta sexu erasoen testigantza eman dute epailearen aurrean. Izan dezake ibilbiderik?



Gure prozedura honetan, Fernando Grande Marlaska egungo Espainiako Barne ministroa zen instrukzio epailea. Guardia Zibilaren txosten batean zioten Arantzari eta niri «tratu bikaina» emateko. Kontziente izan nintzen besteak torturatzen ari zirela, inkulpazio miserable batzuk ateratzeko gure kontra. Gatazkaren konponbide prozesua dagoen bezala, oinarrizko gakoa ere airean dago: proiektu politiko guztiak demokratikoki defendatzeko aukera ez dago bermatuta, eta gatazkaren ondorioak ere itxi gabe daude: bi aldeetako biktimak, presoak.

Publizitatea