Konponbideari begira

Berriak

Gatazkaren konponbidea

Foro Sozial Iraunkorrak egindako lanaz «harro» amaituko du bere ibilbidea

Martxoan bukatuko dute lan etapa, VI. Foro Sozialarekin. Erronka berriei aurre egiteko tresna berriak behar direla adierazi dute.

Foro Sozial Irakunkorrak egindako agerraldia, gaur goizean, Durangon. ©Raul Bogajo / Foku
Foro Sozial Irakunkorrak egindako agerraldia, gaur goizean, Durangon. ©Raul Bogajo / Foku

2023-01-21 / Iosu Alberdi

Martxoan hamarkada bat beteko da Foro Soziala sortu zenetik, eta data hura baliatuko du Foro Sozial Iraunkorrak bere lan etapari amaiera emateko, VI. Foro Sozialarekin. Hala jakinarazi dute Agus Hernan eta Nekane Altzelai bozeramaileek, Durangon (Bizkaia), foroan parte hartu duten norbanakoekin eta eragileetako kideekin egindako agerraldian. Bide kolektibo bat: harrotasunerako arrazoiak adierazpena argitaratu dute, foroak egindako ekarpenen errepaso bat emateko. Egindako lanaz «harro» agertu dira, I. Foro Sozialean aurkeztutako hamabi gomendioetatik 11 beteta edo betetzeko bidean baitaude.



Ikusi gehiago: Korapiloak askatu nahian



Aieteko Konferentziaren hamargarren urteurrenaren ostean, Foro Sozial Iraunkorrak gogoeta prozesu bati ekin zion, «aurrerapenak» eta «oraindik irekita» zeuden erronkak identifikatzeko. Eztabaidan sakontzeko, hogei bilera egin zituzten foroko kideek; denera, 69 lagunek hartu zuten parte, eta prozesu horretatik ateratako ondorioak dira argitara eman dituztenak.



Azken hamarkadako «aurrerapen garrantzitsuen» oinarrian «konfiantzazko espazioak» sortzeko heldutasuna dagoela azaldu dute Hernanek eta Altzelaik. Haien esanetan, eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialak euren «erosotasun eremuetatik» ateratzeko gai izan dira, «gizarte kohesioa eta bizikidetza demokratikoa lehenetsita». Horiei guztiei eskerrak ere eman dizkie Hernanek, azken urteetan erakutsitako konfiantzagatik.



Foro Sozial Iraunkorraren ezaugarriak dira hura osatu duten eragileen aniztasuna eta hartatik kanpo dauden eragileekin eratu duten «lan harreman sare zabala», bozeramaileen esanetan. «Elkarrizketaren kultura berri bat eraikitzeko» egindako lanaren frogatzat jo dituzte horiek.



«I. Foro Sozialean aurkeztutako hamabi gomendioetatik 11 bete dira, edo oso aurreratuta daude eta konponbiderako markoak definituta dituzte», azaldu dute Hernanek eta Altzelaik. Hala, adierazi dute «belaunaldi berriei gizarte hobea uzteko ekarpena» eginda amaituko duela bere ibilbidea foroak.



Ikusi gehiago: Foro Sozialaren hamabi gomendioak



Bakea eraikitzeko prozesua, ordea, ez du amaitutzat eman Foro Sozial Iraunkorrak, eta oztopo berriei aurre egiteko beharra adierazi du: «Indarkeria zikloaren ondorioen konponbiderako prozesuaren fase berriak erronka berriei aurre egin beharko die, eta horretarako tresna berriak sortu beharko ditu». Izan ere, gaur egungoa «trantsizioan» dagoen gizarte bat dela azaldu dute eledunek, eta hari dagokiola etorkizun komunaren oinarriak finkatzea. «Gure gizarteari bizikidetza demokratikoan oinarritutako konponbiderako marko integral bat emango dion etorkizuna», zehaztu dute.



Erronka nagusietako bat da estatuaren biktimek jasaten duten «tratamendu asimetrikoa» gainditzea. Asimetria horren adibidetzat jo dituzte azken hilabeteetanko zenbait gertaera; hala nola Jose Barrionuevo Espainiako Barne ministro ohiak gerra zikina antolatu izanaz esandakoak eta Voxeko Macarena Olona diputatuak torturatuez eginiko burlak. Halere, egoera onbideratzeko urratsak ere egin direla azaldu dute: azkena, Kriminologiaren Euskal Institutuak Nafarroan egindako torturen inguruan egindako ikerketa, 1.068 tortura kasu baieztatu dituena.



Ateak irekitzen



Ibilbide oparoa izan du Foro Sozial Iraunkorrak. Nazario Oleaga eta Espe Iriarte kideek gogoratu dute 2016an, Aieteko Konferentziaren bosgarren urteurrenaren testuinguruan, bake prozesua ez zegoela «batere ondo», besteak beste, Espainiako Gobernuaren «jarrera oztopatzailea» zela medio. Pausoz pauso, ordea, lortu dute «ate berriak ireki» eta eragile ugariren agendan oinarrizko lau alderdi txertatzea: ETAren desegite eta armagabetze prozesu bat garatzea, preso eta iheslarien itzulera erraztea, giza eskubideak bermatzea, eta egia eta memoria babestea. Horren adibide dira egindako azken foroak. Horietan, hizpide izan zituzten armagabetzea, preso, iheslari eta deportatuen egoera, eta biktimen eskubideak. «Memoria kritiko inklusiboa» garatzeko hamar gomendio ere plazaratu zituzten abenduan.



Horiez gain, beste dinamika ugari garatu dituzte: sufrimenduaren kartografia integrala, Entzunaz bizikidetza eraiki, biktimekin egindako mahai inguruak, Motibazio Politikoko Presoei Aplikatutako Politikaren Behatokia, Ustekabean topo...



Oleagak eta Iriartek azaldu dute lan egiteko «estilo propioa» izan duela Foro Sozial Iraunkorrak, «berritzailea, eraikitzailea eta krispaziotik ihes egin duena», eta haren ekarpenak «zirimiria bezala» sartu direla eztabaida publikoan. Uste dute Foro Sozialak erreferentziazko leku bat izan duela bakea eraikitzeko prozesuari ekarpenak egiteko orduan, eta hura agenda propio batekin eta hiru lerroko bide bati jarraituz egin dutela: batetik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa; bestetik, Nafarroa; eta, azkenik, Ipar Euskal Herria. Hala, adierazi dute kontuan izan dutela lekuan lekuko errealitatea, baina «helburu komun batekin».



Zailtasunak ere izan dituzte bidean. Eneko Calle foroko kidearen hitzetan, Foro Sozial Iraunkorrak «gehiegizko zuhurtziaz» jokatu du memoriaren arloan. Azaldu du ez direla «sentsibilitate politiko guztietako» kideak batzeko gai izan, «nahiz eta ia guztiekin kontaktuan egon», eta arazoak izan dituztela belaunaldi berriekin konektatzeko. Orain, baina, bestelako bide bati ekin behar zaiola nabarmendu du Callek: «Etapa bat ixten ari da, eta erronka berriak dituen beste bat irekitzen ari da. Horretarako, beharrezkoa izango da helburuak egokitzea».

Publizitatea