Konponbideari begira

Berriak

EPPK-k berretsi du prest dela etxeratzeko urratsak egiteko

Agiri bat atera du kolektiboak, Preso Politikoen Nazioarteko Eguna dela eta. Urruntzearen amaiera «luzez itxarondako albistea» dela dio
Sare Herritarrak antolatutako urtarrileko manifestazioa, Bilbon.
Sare Herritarrak antolatutako urtarrileko manifestazioa, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

2023-04-18 / Erredakzioa

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak agiri bat atera du Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren harira. Sakabanaketa politikaren amaieraz dihardu: «Luzez itxarondako albistea da». Politika horrek sufrikarioa baino ez duela ekarri salatu dute agirian, babesgabetasuna indartzeaz gain, senideak «gupidarik gabe zigortu dituelako».

Gogoan hartu dituzte, halaber, urruntze politikaren ondorioz bidean hil diren senide eta lagunak: «Ezin ditugu aipatu gabe utzi gu bakarrik ez uzteagatik bidean bizia galdu duten hurkoak. Beti izango zaituztegu bihotzean». Gehitu du Euskal Herrian sufrimendua eragin duen gatazka hori amaitzea helburu izan beharko lukeela, eta, ildo horretan, hauxe dio: «Sufritu duen orori begirunea zor diogu, eta mina ahal bezainbeste arindu behar da. Horrekin gure konpromisoa adierazi nahi dugu».

«Guztion eskubide guztiak» errespetatzearen beharraz ere badihardu agiriak, horrek «herriarentzat erabat onuragarria litzatekeen egoera bat» sortuko lukeelako, haren arabera, «baita etorkizunari begira dituen erronka politiko eta sozialei aurre egiteko ere». Eta erronka horiek zehaztu ditu: «Nazio gisa aitortza zein garapena lortzeko, euskal lurraldeek beren arteko harremana estutzeko, euskal herritarrek etorkizuna libreki erabaki ahal izateko eta hurbilen diren erakundeen eskumen nahiz botere gaitasuna handitzeko» litzateke «onuragarria» aipatutako «eskubide guztien errespetua».

Bilboko manifestazioa

Presoak etxeratzeko bidean urtarrilaren 7an Bilbon egindako manifestazioa eskertzeaz gain —«Gu etxeratzeko aldarria kaleratu eta zabaldu izana eskertu nahi diegu bertaratutako guztiei»—, orain arte egin duen bidea urratzen jarraitzeko prest agertu da kolektiboa, nahiz eta garbi utzi «mendekuan eta salbuespen legerian oinarritutako kartzela politikak indargabetu gabe» segitzen duela: «EPPK-k abiarazitako bidean barrena, baita lege bitartekoen bidez ere, behar diren urratsak egiteko gure engaiamendua berretsi nahi dugu. Beste batzuek badute ere gure ziegen giltzarrapoen giltza, gure borondateak ez du hutsik egingo. Horixe da oraintxe gure herriarekiko dugun betekizunik handiena, presorik gabeko Euskal Herriaren bidean».

Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren karietara ezagutarazi du agiria presoen kolektiboak, eta «besarkada beroena» bidali die «zapalkuntzari aurre egiteagatik eta askatasunaren alde borroka egiteagatik munduan zehar gatibu diren militante iraultzaile guztiei».

Publizitatea