Konponbideari begira

Analisiak

Analisia

Nazioartearen itzalpean

 

2011-10-13 / Pello Urzelai

Nahiko bat-batean agertu da, baina ez da zerutik ustekabean eroritako meteorito bat izan. Euskal gatazkaren konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia denbora luzez landutako ekimena da. Une jakin honetan itzaletik argira pasatu bada, fase berri bat irekitzeko nahiko heldutasuna lortu delako pasatu da. Azken asteetako urratsen atzetik iritsi da, baina ez da beste urrats huts bat gehiago izango.

Eragile gehienek aitortu dute konferentziaren garrantzia. Partaideen izen zerrenda oraindik ez da ezaguna, baina aurkezteko ardura hartu dutenak kontuan hartuta argi dago sakonera handiko ekimena dela. Espainiako Gobernuak eskuak garbitu ditu, ezker abertzaleak behar duen «eszenografia» dela esanez. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria jokoz kanpo gelditu da, Estatu Batuetarako bidaia dela eta. Bakerako bereziki garrantzitsua izan daitekeen urratsarekin konpromisoren bat hartzeko gaitasunik ez du erakutsi Lopezek. PSEk badaki euskal gizarteari ez zaiola ongi irudituko bertan ez izatea, baina ez du izan ausardiarik Madrilgo ildotik ateratzeko. Propagandaren mamua aipatu dutenek —alderdi sozialistak eta PPk— badakite aitzakia dela, konferentziaren esanahia oso bestelakoa delako.

EAJk eta Amaiur koalizioan biltzen diren indarrek konferentziaren garrantzia nabarmendu dute, eta bertan parte hartzeko borondatea agertu dute. EAJk, adibidez, «mugarritzat» jo du ekimena. Urkullu, Erkoreka eta Ortuzar bat etorri dira konferentziaren izaera historikoa azpimarratzean. Une honetan, protagonismo zati bat erreklamatzen ari dira, azkenaldian ezker abertzalearen urratsak gutxiesten ari badira ere. Duela ez asko, joan den astean bertan, Josu Erkoreka Egiaztatze Batzordearen osatzeari «gehiegizko garrantzia» ez emateko eskatzen ari zen. Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren onespenik gabe Egiaztatze Batzordearen balioa gutxitua zegoela esan zuen orduan Erkorekak. Ez du gauza bera esan konferentziarekin, ohartu baita bide erratutik zebilela. Azken batean, Egiaztatze Batzordearen eta konferentziaren atzean hari berberak daudelako, alegia, duela denbora luze konponbide prozesu bat lantzen ari zen nazioarteko talde bat, goi mailako babesarekin lanean ari zena. Izan ere, nazioarteko esku hartzea urrutitik dator. Aurreko prozesu frustratutik esan liteke, Jonathan Powellen presentziak iradokitzen duenez, bera izan baitzen 2007ko Suitzako elkarrizketa sekretuetan parte hartu zuen nazioarteko ordezkarietako bat.

Dudarik ez dago nazioarteko esku hartzea lagungarri dela ezker abertzaleak aldebakarrez abiatutako prozesua bururaino eramateko, hau da, ETAk borroka armatuari utzi eta konfrontazio armatuaren garaia erabat ixteko. Baina ez da horretan soilik geldituko. Konponbidea integrala eta iraunkorra izan dadin funtsezkoa izango da nazioarteko eragileen bultzada. Batetik, salbuespenezko neurriak eta eskubideen urraketak desager daitezen. Bestetik, auzi politikoari elkarrizketa eta negoziazioaren bidez hel dakion.

Konferentziaren logotipoa leiho ireki bat da: bidea zabal-zabalik dago.

Publizitatea