Konponbideari begira

Berriak

Kotte Ezenarrok dei egin dio Parisko gobernuari urratsak egitera

Bere ustez, «keinurik txikiena ere oso esanguratsua litzateke euskal bake prozesua aitzina eramateko»

2011-10-13 / Erredakzioa

Kotte Ezenarro Hendaiako auzapez ohiak eta Paueko Kontseilu Nagusiko kidea astelehenean Donostian antolatuko den nazioarteko bake konferentzian parte hartuko du. Gaur Le Journal du Pays Basque egunkariak karrikaratuko duen elkarrizketaren pasarte batzuk aurreratu ditu kazeta.info webguneak. Nahiz eta oraindik Frantziako Gobernuak ez duen pauso bakar bat eman Euskal Herriko bake prozesuaren alde, Ezenarrok elkarrizketan dei egiten dio urratsak egitera: «Keinurik tipiena egingo balu horrek oihartzun handia hartuko luke, eta, nire ustez, esanguratsua litzateke oso espainiar gobernuari eta euskal gobernuari begira ere», nabarmendu du.

PS Alderdi Sozialistak ere oraindik ez du urratsik egin: «Frantziako Alderdi Sozialistaren ikuspuntutik ez da zilegi beste estatu baten ikuspuntuan sartzea, baina ene kasuan, mugaz gaindiko herritarra naizenez, bihotzeko legitimitatea aldarrikatzen dut bakearen aldeko nire ekarpena egiteko».

Elkarrizketa horretan Ezenarrok aipatu du euskal gatazkaren oinarriak batik bat Hego Euskal Herrian daudela, baina ondorioak Ipar Euskal Herrian ere nabaritu direla azpimarratu du: «Mugaz gaindiko gizona naiz, urte beltzak ezagutu ditut Iparraldean, eta, gainera, nire ustez, oso argi dago gehienbat Hegoaldean kokatzen den gatazka horrek zeharkako eraginak dituela gurean ere, ikuspuntu humano, ekonomiko eta sozial batetik».

Haren ustez, uneotan «ekimen ausartak» hartu behar dira, eta hautetsiek ekarpen garrantzitsua egin dezaketela deritzo: «Hautetsiek haien baliabide guztiak jarri behar lituzkete mahai gainean bakea lortzeko».

Publizitatea