Konponbideari begira

Berriak

Konponbidea sustatzeko Nazioarteko Konferentzia

Egigurenek nazioarteko konferentzian parte hartzera deitu du PP

PSEko presidenteak garrantzitsutzat jo du konferentzian PP ere egotea, «bakegintzaren aldeko ebazpenak onartuko direlako» Basagoitik dio Egiguren «erratuta» dagoela, «Lizarran eta Loiolan erratu zen bezala»

2011-10-15 / Joxerra Senar

Bizi guztian galtzen aritu garen bide bat ireki da orain, eta konferentzia aurrerapausoa da bide horretan». Halaxe definitu du Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak etzi Donostian egingo den konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Buruzagi sozialistak dei egin dio PPri biltzarrean parte hartzera, «bakegintzarantz hainbat ebazpen onartuko direlako». Horregatik, beharrezkotzat jo du PP bertan egotea. «Inork ez du inor jango», esan du, ironiaz. Dena den, Antonio Basagoitik erantzun du PP ez dela joango eta Egiguren «erratuta» dagoela, «Loiolan eta Lizarran erratu zen bezala».

Asteon konferentzia iragarri bezain azkar, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak adierazi zuten ez zirela konferentziara joango. Egigurenek, aldiz, hasieratik baieztatu zuen «modu pertsonalean» joango dela. Herenegun, berriz, hainbat itzulinguru eman ostean PSE-EEk adierazi zuen ordezkaritza bidaliko dutela. Atzo, Egigurenek azpimarratu zuen «garrantzitsua» dela PSE-EE egotea. «Beti borrokatu gara bakearen alde. Eta, orain, pauso erabakigarriak ematen ari diren honetan, ez dugu atzera egingo, lehen lerroan egongo gara».

Herenegun, Patxi Lopez EAEko lehendakaria enpresaburuen ordezkaritza batekin Estatu Batuetara abiatu zen bidaia ofizial batean. Bertan, kazetariei berretsi die Jaurlaritzak ez duela «inongo gonbidapenik» jaso. Nahiz eta azkenik haren alderdiak, PSE-EEk, ordezkaritza bat bidaliko duen, Lopezek ez du inongo kontraesanik ikusten. «Auzi honetan zer pentsatzen duen esatera» joango da PSE-EE. Haren esanetan, konferentziak bakearen bidetik jarraitzen laguntzen badu, «ongi etorria» izango da; aldiz, «ez da ongi etorria izango ezker abertzaleari propaganda egiteko balio badio». Astelehenean hori egiaztatu nahi dutela dio.

EAJk ausardia eskatu du

Josu Erkoreka EAJren Bizkaiko zerrendaburuak, berriz, ausardiaz jokatzera deitu du Patxi Lopez: «Hitzek ez dute balio, ez da nahikoa Texastik mezu bat igortzea, ekintzekin hartu behar dira konpromisoak, benetako pauso eraginkorrak emanez», azaldu du Erkorekak. Lopezek gonbidapenaren inguruan azaldutako kexuaren aurrean, Erkorekak gogorarazi dio inork ez duela gonbidapen formalik jaso. Hautagai jeltzaleak gaineratu du Lopezek ezin duela hitzordu hori saihestu.

Ildo beretik jo du Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak bere blogean idatzitako iruzkinean. Urkulluk azaldu du konferentziaren sustatzaileak nazioartean aitortza handia duten eta munduan bakearen alde konpromisoa duten erakunde eta adituak direla. «Guk bezala, bakea nahi dute. Bakea erraztu nahi dute. Guk ateak irekitzea eta ongietorria egitea merezi dute». Horregatik, EAEko lehendakari gisa, etzi Donostian nazioarteko eragile horiei ongietorria emateko eskatu dio Lopezi, baita Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteari ere. «Euskal gizartearen ordezkari gisa har itzazue, eta zeregin honen arrakastaren alde lan egin ezazue, gu guztiona baita arrakasta».

PP: «Amaiur indartuko du»

EAEko PPko presidente Antonio Basagoitik, berriz, argi utzi du alderdia ez dela biltzarrera joango. Haren ustez, konferentziak soilik balioko du «Batasuna, Bildu edo Amaiurren ikuspuntua» indartzeko. «Demokratekin egon behar da, zentzuz jokatu eta ETAri esan armak utzi behar dituela beste inolako baldintzarik gabe. Gainontzeko katramilek bakarrik gaiztoei egiten diete mesede». Basagoitik gaineratu duenez, «bakeari prezioa jartzeko» bakarrik balioko du biltzarrak.

Nuria Lopez de Gereñuk adierazi du «gaur-gaurkoz» ez dakiela EAEko enpresaburuen elkarteak gonbidapenik jaso duela nazioarteko konferentziara joateko. Lopez de Gereñuk funtsezkotzat jo du euskal enpresek bakean lan egitea «indarkeriaren ezpata» euren gain izan gabe.

Informazio osagarria

Publizitatea