Konponbideari begira

Berriak

Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Erreakzioak

Currin: «Harrigarria litzaidake alderdiren bat ados ez egotea»

ETAk agiriari erantzunez gero, Espainiako eta Frantziako gobernuen erantzunak ez luke luze joko, Brian Currinen ustez Nazioarteko hedabide askok eman dute Donostiako konferentziaren berri
Brian Currin eta Gerry Admas, atzo, Donostian.
Brian Currin eta Gerry Admas, atzo, Donostian. LUIS JAUREGIALTZO / ARP

2011-10-18 / Jon Fernandez

Donostiako bilera pauso oso adierazgarria da, eta espero dut gaurtik aurrera, bilera horrek bultzatuta, egoera aldatzeko ekimenak etorriko direla. Bi norabideko kalea sortzea da bakegintzaren muina», zioen atzo Gerry Adams Sinn Fein alderdiko presidenteak Donostiako Bakearen Etxean egindako bileraren ostean. Brian Currin abokatu hegoafrikarrak ere adierazpenak egin zituen Aieteko jauregiaren aurrean. ETAren pausoa «berandu baino lehen» iristea espero duela esan zuen.

«ETAk behin betiko pausoa eman ostean Espainiako eta Frantziako gobernuek erantzun positiboa ematea oso garrantzitsua da. Hiruren artean konpondu beharreko gatazkaren ondorioak zeintzuk diren zehaztu behar dituzte: preso politikoak, iheslariak, armak uztea, segurtasun egoera normalizatzea, eta beste». Dena dela, gehiegizko itxaropenik ez hedatzearen alde agertu da Currin, «prozesuak arrakasta izan dezan». Haren ustez, ETAk nazioarteko buruzagien deiari positiboki erantzunez gero Espainiako eta Frantziako gobernuen erantzunak ez luke oso luze joko. «Gatazkak belaunaldi ugari iraun ditu, orain pazientzia apur bat behar dugu».

Bestalde, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro izandakoak irakurritako bost puntuko agiriak harrera ona izango duelakoan dago Currin. «Konferentzian alderdiek azaldu dituzten sentimendu eta ekarpenak entzunda, gure adierazpena alde guztien beharrizanak asetzeko egokia dela esango nuke. Harrituko nintzateke alderdiren bat ados ez balego nazioarteko kideek irakurri duten adierazpenarekin. Uste dut alde guztiak pozik egongo direla adierazpenarekin».

Bileran biktimarik egon ez arren, gizarte eragile guztiak gonbidatuta zeudela berretsi du Currinek, biktimen elkarteak barne. «Ulergarria da biktimen elkarteentzat zaila izatea gatazkaren aldaketa prozesu hau kudeatzea, gatazkaren ondorioak zuzenean bizi baitituzte», azaldu du abokatu hegoafrikarrak. Hala ere, nabarmendu du biktimak errespetatu egin behar direla, eta gogorarazi du agiriaren hirugarren puntua hain zuzen ere biktimen eta berradiskidetzearen ingurukoa dela. Ez da erraza egitekoa, baina egin egin behar da. «Adierazpenak dioena egitea ez da erraza izango, baina egin egin behar da».

Nazioarteko oihartzuna

Euskal Herrian gatazkaren konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentziaren berri eman dute nazioarteko hedabide ugarik, joan den larunbatean atzerriko parte hartzaileen izen zerrenda argitaratu zenetik. Igandean, esaterako, Donostiako bilkuraren inguruko artikuluak argitaratu zituzten The Guardian eta The Irish Times egunkariek.

Bestalde, BBCren edizio digitaleko Europa sailean lehen albistea izan zen atzo Donostiako konferentzia, eta nazioarteko kideen parte hartzea erakunde armatuaren «deuseztatzearen atariko» gisa aipatu zuen. The Telegraph eta Le Figaro egunkariek ere nazioarteko adituen bileraren inguruko artikuluak argitaratu zituzten edizio digitaletan; albiste nagusien artean kokatu zuen euskal gatazkaren gaineko informazioa lehenak.

Vilaweb Kataluniako informazio atariak ere jarraipen berezia egin dio bakearen aldeko konferentziari. Vicent Partal atariko zuzendariaren editorialak «ETAren lur hartze pista» gisa irudikatu du nazioarteko kideek Donostian aditzera eman duten bost puntuko ebazpena. «Agiriak porrota ez den agurra ahalbidetzen dio ETAri, eta Euskal Herriaren etorkizunarentzako bide orria ezartzen du», Partalen arabera.

Informazio osagarria

Publizitatea