Konponbideari begira

Berriak

Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia

Geratzeko asmoz etorri dira

Lau bost orduko egonaldia egin zuten Donostiako Bakearen Etxean, Euskal Herriko eragileekin biltzera etorrita. Haien babesak eta adierazpenak arrastoa utzi dute.
Paul Rios, Kofi Annani ongietorria egiten.
Paul Rios, Kofi Annani ongietorria egiten. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

2011-10-18 / Koldo Aldabe

Kofi Annan, Gro Harlem Brundtland, Bertie Ahern, Gerry Adams, Pierre Joxe eta Jonathan Powell egun eta toki berean elkartzeko, zer edo zer garrantzitsua jazo behar da. Izenak berak deskribatzen duen helburua dauka Euskal Herrian Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentziak; garrantzitsua muga hauen barnean, baina nazioarteko itzal handiko pertsona horiek babestuta, baita mugaz kanpo ere.

Munduko leku desberdinetatik iritsi ziren, nazioarteko itzal handiko lider izanda dituzten agendetan atzoko eguna Euskal Herrian ireki daitekeen aldi berriari bultzada emateko. Banan-banan iritsi ziren seiak Donostiako Bakearen Etxera, nor bere auto ofizialean. NBEko idazkari nagusi izandako Kofi Annan agertu zen lehenbizi, eta Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro izan zen aldietan haren kabineteburu izandako Jonathan Powell azkena.

Konferentziaren amaieran Irlandako lehen ministro ohi Bertie Ahernek irakurri behar zuen deklarazioa kenduta, iragarria zegoen seikoteak adierazpen bakar bat ere ez zuela egingo, eta halaxe izan zen. Ez konferentzia hasi aurretik, ez gero ere, ez zuten inolako azalpenik eman. Etorri bezala joan ziren, isilik.

Erronka euren buruari

Baina itzultzeko asmoz joan ziren, Ahernek seikotearen izenean irakurritako deklarazioan argi azaldu zuenez. Euskal Herrian bake eta normalizazio politikorako prozesua irekitzen denean, nazioarteko jarraipen batzordea osatzeko prest dira. Hori euren buruei jarritako erronka. Eta maila horretako jendeak hitza ematen duenean, betetzeko izaten da.

Umiltasunez, «Europako azken gatazka armatua» konpontzen laguntzeko euren itzala eta esperientzia Euskal Herriko eragileen zerbitzura jartzera etorri zirela esan zuten.

Aholku sorta bat eskaini zuten, gatazka konpontzeko. Eta guztien jarraipena egiteko prest dira. ETAk, Espainiako nahiz Frantziako gobernuek eta Euskal Herriko eragileek egin behar dituzten urratsak azaldu zituzten, zuzen eta labur, itzulinguruka ibili gabe.

Jarraipen batzordea osatzeko azaldutako prestasunak esan nahi du urrats guztietan presente egongo direla eta aldeek urrats horiek egin ditzaten eragingo dutela, gatazkak konpontzeko saioetan aurpegia eman izan duten guztietan egin duten bezala.

Eskarmentu handikoak

Gatazkak konpontzen parte hartu izan dutenetan trebetasun eta akordioak lortzeko gaitasun ongi frogatua du seikoteak, eta ez dira arrotz Euskal Herrian eta ez dute arrotz euskal gatazka, zenbait politikari eta hedabide haien lana gutxiesteko hori aireratzen aritu izan badira ere.

Adamsek urteak daramatza euskal gatazka konpontzen ahalegintzeko bitartekaritzan eta ezker abertzalea aholkatzen. Brundtlandek zuzenean ezagutu ditu euskal gatazka konpontzeko aurreko saioak, Oslo jokaleku izan baita hainbat elkarrizketa prozesutan. Powellen bitartekaritza lehen eskukoa izan zen Loiolako eta Genevako elkarrizketetan. Annanek ere azken elkarrizketa saioak bultzatu zituen, su-eten hutsetik bake akordio iraunkorrerako urratsa egiteko eskatu zuenean. Ahernek aitortu berri du hilabeteak daramatzala bitartekari lanetan eta Espainiako Gobernuaren baimena duela horretarako. Joxe, azkenik, euskal gatazka ezagutzeaz gain, gatazkan inplikatuta egon da urte askoan.

Publizitatea