Konponbideari begira

Analisiak

Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Bilerak. Analisia

Aieteko ebazpena

 
Lasa eta Zabala torturatu zituzten La Cumbre jauregitik gertu, Aieteko jauregian, Francoren udako egoitzan, toki horretan bertan egin da Euskal Herrian gatazkaren konponketa sustatzeko Nazioarteko Konferentzia. Tokia Bakearen Etxea izendatzeko balio dezala, ahaztu gabe ingurune horietan diktadoreak eta bere morroiek egin zituzten gaiztakeriak. Bedi Bakearen Etxea Aieteko ebazpenaren egoitza.

Ebazpenaren bost puntuetatik, aurrenekoa bakarrik doakio ETAri jarduera armatuak bertan behera utz ditzan eta gobernuekin gatazkaren ondorioez, eta bakarrik gatazkaren ondorioez, hitz egin dezala. Gainontzeko puntuak gobernu eta eragile politiko sozialei doazkie elkarrizketa bidezko konponbideak bila ditzaten. Gutxi gora behera, itxaro zitekeena adierazi dute. Edozelan ere, Espainiako eskuineko alderdiak, PP eta UPyD alderdiak batez ere, eta biktimen elkarte indartsuenak erabat aurka agertu dira. Konferentzia egite soilaren aurka, hain zuzen ere.

Beharbada, Nazioarteko Konferentziaren ekarpenik esanguratsuena konferentzia bera egitea izan da. Hau da, Nazioarteko Konferentziak dioena bezain garrantzitsua da Nazioarteko Konferentzia existitzea. Espainiako alderdi nagusiak, nahiz eta PSOEn ikuspegi desberdinak sumatu, orbanik gabeko garaipenaren aldekoak dira. Demokraziaren garaipena dela diote. Alabaina, erabateko errendizioa eta damutzea eskatzen dute, eta horrekin batera zigor gogorrak biolentzia eragin edo babestu izan duten guztientzat. Ez dute beste aukerarik ematen. Halere, ETAk aldarrikatzen baldin badu behin betirako borroka armatuaren amaiera, eskuindarrek zaila izango dute erabateko garaipena lortzea. Garaitzeak borroka bidez etsaia guztiz menderatzea esan nahi badu, ETAk biolentziari uzteak erabateko garaipena eragozten du. Urteetan Ezker Abertzaleari eta ETAri eskatu izan zaiena, biolentzia albo batera uztea eta instituzioetan parte hartzea, betetzen ari dira baina, antza denez, hori ez da demokraziaren garaipena. Orduan zer da garaipena? Espainiako eskuindarrek malgutu behar izango dute euren planteamendua edo, bestela, irtenbiderik gabeko gurpil zoroari loturik, galtzaile aterako dira haiek.

Azken berrogeita hamar urteetan gertatuaren gaineko narrazioa bukaeratik idazten hasiz gero, Nazioarteko Konferentziak amaitzen ari den hori gatazka dela adierazten du. Hori da, hain zuzen ere, batzuen narrazioan saihestu nahi dutena. Horien arabera gertatutakoa ez da gatazkarik izan, ezta ere gatazkaren batetik eratorria. Ulertu daiteke gertatutakoa gatazkarik izan gabe? Nazioarteko Konferentziak labirintoaren aterabideak erakutsi dizkigu, orain guri, guztioi, dagokigu seinaleei jarraitzea labirintotik ateratzeko. Batzuk lehenago atera daitezke, bai, baina gatazka konponduko bada guztiok atera behar dugu labirintotik.

Publizitatea