Konponbideari begira

Berriak

Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Bilerak

Gizarte eragileen ekarpenak jaso dituzte HNTkoek

Taldeko kideek hainbat eragileren ekarpenak jaso zituzten Bakearen Etxean, atzoko biltzarra «aberasteko» asmoz
Harremanetarako Nazioarteko Taldekoak, igandean, Aieteko jauregian, eragileekin eginiko bilera batean.
Harremanetarako Nazioarteko Taldekoak, igandean, Aieteko jauregian, eragileekin eginiko bilera batean. JON URBE / ARP

2011-10-18 / Erredakzioa

Gatazkaren Konponbiderako Nazioarteko Konferentziaren bezperako orduetan ere, lan handia izan zen Donostiako Bakearen Etxean. Igandean, zehazki, Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak Euskal Herriko hainbat eragile eta herritarrekin bildu ziren Aieteko jauregian, Euskal Herriko egoeraz mintzatzeko. Taldeak gonbidatuta joan ziren eragileak bilerara, euren ekarpenak egiteko eta egoerari buruzko ikuspuntua azaltzeko. Izan ere, egungo abagune politikoan denen ekarpena baliotsua dela iritzi diote Nazioarteko Harreman Taldekoek.

Igandeko hartu-emanekin, atzoko konferentzian presente egoterik izan ez zutenen ahotsei aukera eman nahi izan zitzaien. Hiru multzotan bildu zituzten eragileak, eta bilera egin zuten horiekin. Bildutakoei galdera zehatza jarri zieten mahai gainean: zer espero zuten konferentziak ireki dezakeen aukeraz.

Multzoetako batean, gizarte eragileak elkartu zituzten. Besteak beste, han izan ziren Mariano Ferrer kazetaria, Antxon Lafont enpresa gizona, Anjel Lertxundi idazlea, Tomas Urzainki historialaria eta Javier Elzo soziologoa. Parte hartzaileak itxaropentsu zeuden atzoko konferentziari begira, baita zabaldu daitekeen aro historikoari begira ere. Anjel Lertxundi idazleak nabarmendu zuen garrantzi handikoa zela Euskal Herriko eragile denen iritziak jasotzea, denen arteko lanarekin «urteetako zulotik behingoz irteteko».

Giza eskubideen arloan lan egiten duten taldeekin bildu ziren, beste multzo batean. Talde askotariko ordezkariek parte hartu zuten, hala nola Lau Haizetara Gogoan, Giza Eskubideen Behatokia, Eleak, Argituz, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Gazte Independentistak, TAT, Bilgune Feminista, Kontseilua eta Bakeola elkartekoek.

Beste talde batean, hainbat arlotako jende ezagunarekin batzartu ziren; tartean, biktimak, kazetariak eta unibertsitate irakasleak. ETAren biktimen elkarterik ez zen joan Aieteko jauregiko bileretara, baina modu pertsonalean erakunde armatuak hildako bi ertzainen senideak izan ziren: Cristina Sagarzazu Ramon Doralen alarguna eta Rosa Rodero Joseba Goikoetxearen alarguna, hain zuzen ere.

Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideek azaldu zutenez, Euskal Herriko eragileekin egindako bileretan bakoitzaren iritziak entzun eta zalantzak argitu zituzten. Halaber, elkarren arteko «konfiantza sustatzea» ezinbestekotzat jo zuten. Donostiako Bakearen Etxean izandako hartu-emanekin atzoko konferentziaren edukia «aberasteko» bidea zabaldu nahi dutela azaldu zuten Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideek.

Igandeko hartu-emanetan parte hartzerik izan ez zuten eragileei ere eskua luzatu zieten, ekimenera hurbildu daitezen. Zeregin horretan lagundu nahi duten eragileen lana garrantzitsua dela azpimarratu zuten taldeko kideek. Urratsak «apurka-apurka» baina sendo egin behar direla esan zuten, eta igandeko bileren ostean aurrera jarraitzeko guztiz prest daudela azaldu zuten.

Hirugarren bilera

Harremanetarako Nazioarteko Taldea Brian Currin abokatu hegoafrikarrak gidatzen du, eta bost kidek osatzen dute: Silvia Casale, Alberto Spektorowsky, Ray Kendall, Nuala O´Loan eta Pierre Hazan. Otsailean eratu zen Harremanetarako Nazioarteko Taldea, eta igandekoa kontuan harturik, hiru bilera sail egin ditu Euskal Herrian. Apirilean eta irailean egin zituen aurreko biak, eta igandekoa izan da azkena, orain arte bederen.

Harremanetarako Nazioarteko Taldearen lehentasun nagusiak dira ezker abertzalea legeztatzeko bidea zabaltzea, Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko elkarrizketa bultzatzea eta alderdi politikoen mahaia abiaraztea. Bake prozesua gizarteratzea eta herritarrengan konfiantza sortzea ere nahi dute.

Publizitatea