Konponbideari begira

Analisiak

Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Interbentzioak. Analisia

Transatlantikoen mugimendua

 

2011-10-18 / Imanol Murua Uria

Bi mahaiak, berriro. ETAri eta Espainiako eta Frantziako Gobernuei gatazkaren ondorioei buruz negoziatzeko eskaera, batetik, eta eragile politikoei auzi politikoez hitz egiteko proposamena, bestetik; eta nazioarteko bitartekaritzaren eskaintza. Eskaera atzerriko eragileek egin dute, baina Aieteko Jauregiko Konferentzian parte hartu duten ordezkarien babesarekin eta adostasunarekin. Ondorioei buruzko mahaian eseri beharko luketen gobernuetako alderdiak han ziren: alegia, Espainiako Gobernuko alderdiko ordezkaritza (Egiguren, Totorika), Frantziako Gobernuko alderdiko kide bat behintzat (Brisson), eta Frantziako oposizioko alderdi nagusiko kide esanguratsuak (Joxe eta Espagnac). Auzi politikoei buruz hitz egin beharko luketen eragile gehienak ere han ziren: denak, salbu eta PP, UPN eta UPD.

Elkarrizketak ez dira, dena den, bihar hasiko. Hau ez da Loiola bis. Aurreko prozesuan ere bi mahaien eskema jarraitu zen, baina beste hurrenkera batean: ETAk su-etena bi karrilak ireki ahal izateko, eta bi karriletan negoziazioak, akordioen ondoren ETAren etena behin betikoa bihurtzeko. Orain, ETAren amaiera behin-betikoa dator aurrena, ondoren bi elkarrizketa guneak martxan jarri ahal izateko. Konferentziako adierazpenak bidea erakutsi baino ez du egin, orokorregia eta zehazgabea irudituko zaio askori, baina pentsatzekoa da hitz neurtuekin jositako agiri laburraren atzean adostasun landuagoak, egutegi zehatzagoa eta hainbat konpromiso daudela.

Jakina zen lehendik ere, eta Bertie Ahernek irakurritako agiriak garbi utzi du: ETAren txanda da orain. Ezker abertzaleak agerraldi garrantzitsua iragarri du gaurko. Zalantza gutxi: Annan, Ahern, Harlem, Adams, Joxe eta Powellen adierazpenarekin bat egingo dute. ETAri jardun armatuaren behin betiko bukaera lehenbailehen iragartzeko eskatuko diola espero du mundu guztiak, eta hala eskatzen du prozesu honen guztiaren logikak. Sinesgarritasun arazo latza zuela jabetu zen ezker abertzalea Loiolako prozesuari buruzko balorazioa eta autokritika egin zuenean, eta epe laburreko lehentasuntzat hartu zuen sinesgarritasun hori berreskuratzea. Zutik Euskal Herria agiriarekin berreskuratu zuen sinesgarritasuna askoren begietan, eta alde bakarreko prozesu horri bedeinkazioa ematea bezala izan da Annan, Ahern, Harlem, Adams, Joxe eta Powell-en sinadura.

ETArena etorriko da, eta gobernuen eta eragile politikoen txanda izango da orduan, Ahernek irakurritako agiriak erakutsitako bidea saiatzeko unea. PSOEk beti defendatu izan du ETAk armak utziz gero elkarrizketarako prest legokeela, bai ETArekin gatazkaren ondorioez hitz egiteko, eta bai euskal eragileekin esparru politikoaz eztabaidatzeko. PPren presioa kendu behar du gainetik, hasi da kentzen —bestela ez ziren atzo Aieten izango—, eta presio horri aurre egiteko guztiz lagungarria izango zaio atzoko argazki indartsua.

Baina azaroaren 20 gainean dago. PP hemen da. Eta atzoko argazki orokorrean PP falta zen. Konferentziaren ondorioak aurrera eramateko eragozpen handia da PPren hutsunea, aste gutxi barru Espainiako Gobernuko agintea izan dezakeen alderdiaren hutsunea baita, baina PPrentzat ere arazo latza bihurtu da Aiete Jauregiaren atarian Kofi Annan eta beste bosten agerraldiak utzi duen irudia, eta Aieteko ispiluan bere burua hain bakarrik ikusi izana. ETArik gabe, ETAren aurkako diskurtsoak ezin du berdin iraun. Baten batek esana da alderdiak transatlantikoak bezala direla, biratzeko denbora eta leku handia behar dutela. Batzuk poliki besteak azkarrago, baina transatlantikoak mugitzen ari dira —bestela ez zuten Aieten topo egingo—, eta Raxoik eta Basagoitik gidatzen dutenak ere mugitu beharko du.

Publizitatea