Konponbideari begira

Elkarrizketak

Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Erreakzioak. Jean Rene Etxegarai. Baionako hautetsia (Modem)

«Paris ez da ezaxola egon Donostian gertatutakoaz»

Nahiz eta argi ukan bidea «zaila» izanen dela, bake prozesuari begira «itxaropentsu» da Modemeko Baionako hautetsia.

2011-10-19 / Jenofa Berhokoirigoin

Izan Ipar Euskal Herriari ukatua zaion ezagupen instituzionala, izan euskal preso politikoen urruntzea, Frantziako Estatua gatazkaren barne dela dio Jean Rene Etxegaraik, eta Parisek ere bake prozesuan parte hartu beharko duela gehitu du.

Zer-nola bizi izan duzu gatazkaren konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzian pasatutako momentua?

Esperientzia eta jakintza handiko nazioarteko bitartekarien elkartze horretan parte hartzea enetako oso aberatsa da eta animatzen du. Euskal Herriko gatazkari aterabide bat aurkitzeko haien ekarpenak ekartzea zinez estimatzen dut. Konferentzia horretan, Ipar Euskal Herritik gutxi, baina Hego Euskal Herritik eragile politiko edota sindikatu andana bat ziren, eta haien ikuspegia edozein izanik ere, guztiak ados ziren errateko aterabide bakezale bat behar zela lortu. Guztiok dakigu bidea zaila izanen dela, baina bakearen aurretikoa elkarrizketa da, eta uste dut horretara goazela. Bistan da, terrorismoaren biktimak errespetatuz. Ez da iragana ahantzi behar, baina bere unean aterabideak behar dira atzeman geroari begira. Euskal Herria mugaren bi aldeetan delako, bai Espainiak bai Frantziak, biek behar dituzte beren ekarpenak egin, aterabide bat kausitzeko.

Justuki uste ote duzu estatuek baikorki erantzungo diotela eskatutakoari?

Espero dut. Konferentzia hori gobernuz kanpoko erakunde baten ekimena da, baina argi da aterabideak estatuen esku izanen direla. Uste dut estatuei begira ekimenaren sinesgarritasuna hor ziren nazioarteko adituen autoritate moralari lotua dela.

Frantziak dio ez dela gatazkaren parte. Konferentziako mezua Frantziarentzat ere bazen argi eta garbi.

Argiki diot Frantzia ezin dela gatazkaren konponketatik kanpo egon. Batetik, euskal herritarrak mugaren bi aldeetan direlako eta, bestetik, Ipar Euskal Herrian ere hainbat sufrimendu direlako. Presoen familiak ditut gogoan: aspaldian hurbilketa galdatzen dute, eta hor gizatasun betebehar bat badugu. Elkarrizketarako eta bakea egiteko giroa nahi badugu, familia horiei begira begirunea beharko dugu, presoei leporatua zaienaz landa. Bestalde, ezagupen instituzionalari doakionez, gabezia handi bat dugu; ezin gara egon horri begiratu gabe. Urratsez urrats joan beharko gara, helburua bakea lortzea izaki. Argi da bi estatuek beharko dutela negoziazio prozesuan parte hartu, bestela ez dugu lortuko prozesua bururaino eramatea.

Ipar Euskal Herriko hautetsi gisa zineten konferentzian. Uste ote duzu Paris Donostiari begira zela herenegun?

Tokiko hautetsiak ginen, bai, eta estatuaren izenean ezin dugu hitz egin. Haatik, sistema deszentralizatu batean izaki, tokiko hautetsi gisa har dezakegu hitza eta zilegitasuna ere badugu. Ez naiz Parisen. Beraz, ez dakit. Baina zinez uste dut Donostian gertatutakoaz ezaxola ez direla egon. Zentzuzko jendeak badira gure ministerioetan. Estatu bakoitzak beharko du parte hartu, baina bakoitzaren eskumenak kontuan hartu eta errespetatu beharko dira. Itxaropentsu naiz, adimena nagusituko delakoan.

Publizitatea