Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Erreakzioak

«Bidea luzea da; bakea landu egin behar da betiko izateko»

Urkulluk adierazi du «denon arteko eta denontzako etorkizuna» eraiki behar dela eta, horretarako, guztien lana beharko dela Alderdiko eta instituzioetako kargu nagusietan egon direnen lana goratu du
Pozik agertu da Iñigo Urkullu hedabideen aurrean. EBBko kideekin eta kargu instituzional gorenak izan dituzten alderdikideekin sartu da Sabin Etxeko areto nagusira. Tartean izan dira, besteak beste, Xabier Arzalluz EBBko presidente ohia, Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia eta Joseba Leizaola, Juan Maria Atutxa eta Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidente ohiak, egungo EBBko kideen ondoan.

Areto nagusira sartu direnerako, zain zituzten aurrez EAJren ezohiko Aberri Batzarrean parte hartu duten kideak, eta horiek txalo zaparrada luzea jota egin diete harrera buruzagiei eta agintari ohiei. «Gaur egun handia da, egun garrantzitsua», esan du Urkulluk, beste ezer baino lehen, pozik. Zorionak, Euskadi! dioen txartela jarria du mikroa eusten duen atrilean.

«Zorionak, Euskadi!», esan du hitzez ere. «Denon artean bakea irabazi dugu. Gaur euskal gizartearen egun handia da». Denbora luzean itxarondako berria iritsi izana ospatu beharra dagoela uste dute jeltzaleek, eta ospatu dute, agerraldiaren ondoren topa egin eta mokadua hartuta.

Lan luzea aurretik

Hala ere, ETAk jarduera armatua behin betiko amaitu duela iragarri arren ez dela dena amaitu iradoki du Urkulluk hedabideen eta militanterik gertukoenen aurrean egindako agerraldian. Asko dagoela oraindik egiteko. «Lehen pauso hau garrantzitsua izan da, ezinbestekoa. Baina bidea luzea da».

Bakearen aldeko lanean jarraitzeko beharraz ohartarazi du, beraz: «Bakea landu egin behar da, betiko bakea lortzeko». Berradiskidetzea aipatu du. Hori ere landu beharra dagoela, eta luze jotzen duela lan horrek.

Hortaz, orain ezarri behar den helburu horrek guztien beharra duela aldarrikatu du; «guztien helburu» izan behar duela, eta guztien artean landu behar dela. Iragana errepika ez dadin jarduteko deia egin du EAJko buruak. «Ez guk ez gure gurasoek ez dugu ezagutu bake elkarbizitzarik Euskadin. Hau da orain gure seme-alabei uztea dagokigun legatua; memoriaren, askatasunaren eta adiskidetzearen legatua».

Etorkizunari begira lan egiteko eskatu du; «lana, konpromisoa eta ardura, denon arteko eta denontzako etorkizun bat eraikitzeko». Eusko Alderdi Jeltzalea horretarako prest dagoela adierazi du alderdiko buruak. Eta «konprometituta» dagoela, gainera. Bake eta berradiskidetzearen alde jarraituko duela: «Lan egin dugu. Lan egingo dugu. Ez dago dena eginda, baina dena egingo dugu bake eta adiskidetzeagatik. Gure konpromisoa da».

Esker ona

Hain zuzen, esker onak eman dizkie orain arte «bakearen alde» lanean aritu direnei. EAJko buru eta euskal instituzioetako arduradun nagusiak aipatu ditu bereziki. «Harro esan dezakegu hemengo guztiak beti egon direla bakearekin konprometituta». Arzalluz, Atutxa, Leizaola eta Bilbao aipatu ditu, besteak beste. Ezkutatu ezin izan duten emozioa nabaritu da aipatutako horien aurpegietan, gainontzeko militanteek txalo ozena eskaintzen zieten bitartean.

Biktimak gogoan izan ditu Urkulluk. «Mehatxatuak, jazarriak, xantaia jasan dutenak». Haientzat ere «egun handia» dela ziurtatu, eta «krudelki eraildakoentzat» oroimen berezia gorde du.

Hala ere, orain, aurrera begiratu eta «benetako Euskadi bakarra erakusteko» unea dela adierazi du. «Euskadi mundura irekia. Euskadi bizia, langilea, modernoa, solidarioa». Eta «indarkeria sufritu duten denak» goratuko dituena.

Publizitatea