Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Espainia eta Frantzia

PPko eledunek ohartarazi dute ETAk oraindik armak dauzkala; isilik dago Raxoi

Cospedalek adierazi du «beste erremediorik ez zutelako» utzi dituztela armak etakideek: «Egin dutenaz harro daude»

2011-10-22 / Garikoitz Goikoetxea

ETA oraindik ez dela desegin, armak badauzkala oraindik ere. Mezu hori helarazi dute PPren Espainiako eledunek. Maria Dolores de Cospedal idazkari nagusiak esan du «beste erremediorik ez zutelako» utzi dituztela armak ETAko kideek. «Baina hau ez da amaiera; behin betiko urratsa izango da ETAk desegin dela eta armak utzi dituela jakinaraztea». Armak falta direla nabarmendu dute Ana Pastorrek eta Javier Arenasek ere. Isilik da, berriz, Mariano Raxoi, Espainiako Gobernuko presidente izateko hautagaia. Mitinak bazituen atzo, baina ETAri buruz ez zuen hitzik egin.

Raxoiren faltan, Cospedalek adierazi du damurik ez dutela ageri etakideek: «Egin dutenaz harro daude». Hala, ohartarazi du orain artekoan segitu beharko luketela poliziek eta auzitegiek, «legea zehatz-mehatz betetzen».

Oreja, «kontzesioei» buruz

ETA eta Espainiako Gobernua negoziatzen ari direla, tesi horri segitu dio PPko eurodiputatu Jaime Mayor Orejak: «Kontzesio handiak egin dizkio gobernuak, eta ordaina da. Bukaera itxura du, baina ez da behin betiko azkena».

Publizitatea