Konponbideari begira

Analisiak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Hemeroteka

Euskal bakea

 

2011-10-22 / Berria

Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiak The New York Times-en argitaratutako iritzia, oso-osorik:

ETA euskal talde separatistak aste honetan egindako adierazpen baldintzagabeak amaitu du, azkenean, 50 urte hauetako indarkeria, ehunka pertsona erail eta beste milaka asko zauritu dituena; eta horrek berri ona izan beharko luke han-hemengo gobernu eta pertsona guztientzat. Garaipen bat da demokraziarentzat, bai eta Espainiako herriarentzat eta Espainiako zein Frantziako euskal lurraldeetako jendearentzat ere.

Espainiako Gobernuak —batik bat, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak eta haren laguntzaile hurko Alfredo Rubalcabak, luzaroan barne ministro izandakoak— arrisku ausartak hartu behar izan dituzte bakearen alde, eta ezinago garesti ordaindu behar izan dute politikan, esaterako, ETAk Madrilgo aireportuaren zati bat leherrarazi zuenean eta berriro ere hiltzen hasi zenean 2006an.

Zapaterok eta haren lankideek sekula ez diote utzi ETAren kontra borrokatzeari; irmo defendatu izan dute Espainiako demokrazia, eta, Frantziako presidente Nicolas Sarkozyren laguntzari eta elkarlanari esker, arrakasta handiz ahuldu dute mugimendu terrorista, haren buruzagiak atxilotuta eta erasoaldiak zapuztuta.

Zapaterok, baina, sekula ez dio utzi bakearen eskua eskaintzeari. Argi eta garbi utzi zuen, besteak beste, ez zela izango negoziazio ezkuturik, ez ziotela amore emango ETAri politikan, eta ez zela nahikoa izango beste su-eten bat: ETAk alde bakarretik, jendaurrean eta inolako zalantza izpirik gabe adierazi beharko zuen borroka armatua behin betiko utziko zuela, bakea lortuko bazen.

Alderdi Popularrak, Mariano Raxoi buru duen oposizioko alderdiak, beti ganoraz eta erantzukizunez jardun izan du gai horri dagokionez.

Irmotasunaren ordaina aste honetan heldu da. ETAk zehatz-mehatz bete du eskatu diotena. Erakundeko buruzagiek bertan behera utzi dute indarkeria behin betiko. Hauxe da, benetan, Europako azken konfrontazio armatuaren amaiera.

Kanpaina armatuaren amaierari buruzko adierazpenean, ETAk eskatu du elkarrizketak hastea Espainiako eta Frantziako gobernuekin, gatazkaren «ondorioez» hitz egiteko. Elkarrizketa horiek beharrezkoak dira, ETA indar armatu gisa desegin dadin bermatzeko.

Ipar Irlandako elkarrizketetan egin genuen bezala, elkarrizketa horiek ere gai hauek hartu behar dituzte hizpidean: armak, lehergaiak eta azpiegitura militarrak desegitea; presoen eta erbesteratuen auzia konpontzea; indarkeria baliatu dutenak gizarteratzea; segurtasuna normalizatzea; eta biktimek kalte-ordainak izatea.

Ipar Irlandan bezala, «bake dibidendu bat» egokituko zaio Espainiari. Segurtasunean xahututako milaka milioi euroak, hain zuzen, helburu sozial baliagarriagoetarako erabili ahal izango dituzte; onuragarria eta estimatzekoa izango da, murrizketak eta aurrekontu gutxitzeak gailen diren garaiotan.

Ipar Irlandan bezala, gogoan izan behar ditugu biktimak, eta bermatu egin behar dugu haiek atzean utzitako familiek behar bezalako aitorpena eta babesa izan dezaten.

Ororen gainetik, orain litekeena izango da Espainiako eta euskal lurraldeko alderdi guztiek beren helburuak lortzearren lanean segitzea, politikaren bidetik, indarkeriarik edo indarkeriaren mehatxurik gabe.

Nago askoz ere irakaspen handiagoak emango dizkigula gatazka honen amaierak.

Lehenik, gobernuek irmoki egin behar dute beren buruen, irizpideen eta jendearen alde, eta terroristen kontra. Horrek eskatzen du polizia ona izatea, buruargi jardutea eta erabakimen politikoa izatea.

Baina gobernuek onartu egin behar dute, halaber, premiazkoa dela «arerioarekin hitz egitea». Segurtasun presio irmo bat egiteaz gainera, konponbide bat eskaini behar zaie terroristei, indarkeria baliatuta irabazterik ez dutela konturatzen direnerako. Talde terroristak nekez garaitu ohi dira bitarteko militarrez bakarrik. Bakea beti egiten da arerioen artean, ez adiskideen artean. Hala da, egiaz, bai Ekialde Hurbilean, Afrikan, Asian, Amerika osoan, eta bai euskal lurraldean ere.

Ipar Irlandako gure eskarmentutik ikasia dut: indarkeria amaitzeak eta bakea atzeraezin egiteak eskatzen du pazientzia, arriskuak hartzea, eragozpenak jasatea eta kompromiso etengabea hartzea. Eskatzen du, halaber, sormena, eskuzabaltasuna eta gobernatzeko artea izatea. Espainian guztiek erakutsi dituzte dohain horiek, eta orain ezinbestekoak dira bakea iraunkorra izatea bermatzeko.

Espainian hauteskunde nazionalak izango dituzte azaroaren 20an, eta gobernu berriak buru-belarri ahalegindu beharko du gatazkaren ondorioak gainditzen. Hala gertatu ohi da bake prozesuetan, parte hartzaileak leher eginda eta lur jota daudenean; baina, hain zuzen ere, orduantxe egin beharra dago are eta ahalegin handiagoa. Europako Batasunak eta nazioarteko komunitate zabalak, bada, ahalegin horretan kementsu lagundu beharko liokete Espainiako gobernu berriari.

ETAk adierazpen historiko bat egin du. Bakerako aukera baliatu beharra dago orain. Nik neuk Espainiaren, Frantziaren eta euskal lurraldeko jendearen alde lan egingo dut, nola edo hala, bake iraunkorra eta demokrazia berma dezaten, luzaroan aldarrikatu baitute eta ongi merezia baitaukate.

Tony Blair. The New York Times.

Publizitatea