Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Beste indarkerien biktimak

Aitortzarik gabekoen bide luzea

Poliziaren indarkeriak eta gerra zikinak biktima zerrenda luzea utzi zuten 70eko eta 80ko hamarkadetan. Hildako gehienek ez zuten loturarik erakunde armatuekin.
Atxilotu eta hogei egunera hilik agertu zen Zabalza, Bidasoa ibaian.
Atxilotu eta hogei egunera hilik agertu zen Zabalza, Bidasoa ibaian. BERRIA

2011-10-22 / Jokin Sagarzazu

ETAren ekintza armatuek eragindako biktimez gain, beste herritar ugarik galdu dute bizia gatazkarekin lotutako gertakarietan. Biktima horiek guztiak aintzat hartzen dituen errolda egin eta haien aitortza eta erreparazioa sustatzeko hiru saio egin dira Eusko Legebiltzarrean. Lehenengo biek ez zuten aurrera egin. Hirugarrena Patxi Lopezen gobernuak jarri du martxan, eta ikusteko dago zer emango duen. Oraingoz, PPk eta UPDk ez dute batzordean parte hartuko.

Zifrek agerian uzten dute aitortza instituzionalik jaso ez duten biktimen itzal luzea. Euskal Memoria fundazioak iaz kaleratutako Gernikako seme-alabak liburuan jasotzen denez, 474 euskal herritarrek galdu dute bizia azken 50 urteetan estatuen «errepresioaren» ondorioz. Horietatik heren bat inguru erakunde armatuetako kideak ziren (ETA, IK, Komando Autonomo Antikapitalistak, GRAPO...). Beste guztiek eragile abertzale edota ezkertiar batekin lotura zuten, presoen senideak ziren edo bereizkuntzarik gabe egindako ekintzetan hil zituzten. Horien artean, nabarmentzekoak dira manifestazioetan hildako 36 herritarrak.

Pertsona askoren gogoan daude 1973ko martxoaren 3an Gasteizen eta 1978ko uztailaren 8an Iruñean poliziek eragindako istiluetan hildakoak. Gasteizko gertakarietan, poliziek bost pertsona hil zituzten, eta 150 zauritu, bala tiroz. Greba orokorra zegoen deituta egun horretarako, eta Zaramaga auzoko elizan bilduta zeuden langileen aurka oldartu zen Polizia, Manuel Fraga Iribarne orduko Barne ministroak aginduta. Fraga PPren ohorezko presidentea da gaur egun.

Iruñean, berriz, German Rodriguez hil zuten poliziek. Sanferminak ospatzen ari zirela, poliziak Iruñeko zezen plazara sartu ziren amnistiaren aldeko pankarta bat zabaldu zelako aitzakiarekin. Eraso gogor horren ostean, istilu larriak izan ziren hirian, eta German Rodriguez hil zuten, burura jaurtitako tiro batekin.

Manifestazio batean hildako azken herritarra Rosa Zarra donostiarra izan zen; Ertzaintzak gertutik jaurtitako gomazko pilota batengatik hil zen, 1995. urtean.

Euskal Memoriaren arabera, 474 hildakoetatik %25 baino gehiago Poliziaren indarkeriaren ondorioz hil dira. Ondoren, eta antzeko kopuruan, gerra zikinarekin lotura izan zuten taldeen ekintzen biktimak daude.

Berrogeita hamar urteko historian, hildako gehienak diktadura ondorengo urteetan izan ziren, diktaduratik demokraziarako trantsizio garaian eta PSOEren lehen agintaldian. Orduan ugaritu ziren talde parapolizialen ekintzak, GALenak bereziki.

Espainiako Gobernuko goi kargudun batzuek sortu zuten GAL; haren helburua independentismoan izua sortzea zen, eta, horretarako, etakideak ez ezik, bestelako militante edota eragileekin zerikusirik ez zuten herritarren aurkako ekintzak egin zituzten, besteak beste, bereizketarik gabeko tiroketen bidez eta ostatuetan lehergailuak jarriz. Adibidez, 1985eko martxoaren 28an, Baionako Les Pyreneesen Benoit Pecasteing hil zuten; 1985eko ekainaren 14an, Ziburuko Trinketen Emile Weiss eta Claude Doer, eta 1985eko irailaren 25ean, Jose Mari Etxaniz, Iñaki Asteasuinzarra, Agustin Irazustabarrena eta Sabin Etxaide errefuxiatuak tiroz hil zituzten Baionako Monbar ostatuan.

1985eko martxoaren 30ean, Xabier Galdeano Egin-eko kazetaria hil zuten Donibane Lohizuneko kaleetan, eta 1984ko azaroaren 20an, Santi Brouard HBko kidea, Bilboko bere kontsultan.

Bost urte geroago eta egun berean hil zuten Josu Muguruza HBko parlamentaria, Madrilgo Alcala hotelean. Brouardekin gertatu bezala, hilketa egiteko aukeraturiko eguna ez zen kasualitatea izan. Francisco Francoren heriotzaren egun berean izan ziren bi atentatuak.

11.000 tortura salaketa

Hildakoez gain, gerra zikinak bizi osorako arrastoa utzi du herritar askorengan. Torturak bezala. Zifra zehatz bat ematea zaila bada ere, Euskal Memoriaren arabera, gutxi gorabehera 11.000 tortura kasu salatu dira azken 50 urteetan. Guztira, hamabi euskal herritar hil dira polizien torturen ondorioz: Jose Maria Quesada, Alfredo Valcarcel, Joxe Arregi eta Xabier Kalparsoro etakideak eta Maria Mercedes Antxeta, Manuel Thomas, Antonio Goñi, Juanjo Munduate, Esteban Muruetagoiena, Mikel Zabalza, Juan Calvo eta Gurutze Iantzi.

Espetxe politikak ere utzi ditu hildakoak. Presoen sakabanaketa politikaren eraginez, hamalau senide eta lagunek galdu dute bizia errepide istripuetan. Horrez gain, 25 preso hil dira espetxeetan, eta zortzik bere buruaz beste egin dute.

Publizitatea