Konponbideari begira

Analisiak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Iritzia

Ikasi beharrekoak

 

2011-10-22 / Patxi Juaristi

Gerra Zibilak gogor astindu zuen Hego Euskal Herria. Hildakoak, kartzelatuak, errefuxiatuak, langile batailoietan esklabutza lanetan aritutakoakĀ…

Gerrak biktima ugari sortu zituen, baina horiek guztiek isilean bizi behar izan zuten euren mina. Frankistek euren aldekoen eta aurkakoen artean desberdintzen zituzten herritarrak, eta horrek bizitzaren zentzuaren aldaketa eragin zuen askorengan. Gudak apurtu zituen familia askok euren bizitzak berreraiki ahal izan zituzten, baina kalte sinbolikoak, oroimen mingarriak eta frustrazioak presente izan zituzten beti. Zauri psikologiko eta sozialak bizirik iraun dute, nahiz eta, kasu askotan, belaunaldi berriok ez ditugun sumatu ere egin. Zauriak hotzago dira minago.

ETAk Jarduera armatua behin betiko amaitzea erabaki duela jakinarazi ostean, garai politiko eta sozial berri bat hasten da. Normaltasuna berrezartzeko pauso ugari eman behar dira oraindik, baina, zalantza gabe, ETAren erabakiak panorama baikorrago baten atea zabaltzen du.

Gerra Zibileko esperientzia ezagututa, beharrezkoa iruditzen zait azken urte hauetan ireki diren zauri psikologiko eta sozialak behar bezala osatzea. Eta horretarako, gure herrian gertatu dena sakonean aztertu eta berreraiki behar da, sufritu duten guztien memoria bizirik gordetzeko. Izan ere, gertatutakoa, min eta drama anitz duelarik ere, gure ondare historikoa da; ondo ezagutu eta jagon beharreko ondarea.

Memoria berreraikitzerakoan, egokia izan daiteke metodologia kritikoa edo dialektikoa erabiltzea. Alegia, alde guztietako biktimak azterketetan parte hartzea ahalbidetu behar da, ikerketa prozesuaren baitan, euren zein Euskal Herriaren errealitatea eraldatu dezaten. Ikerketak gure herriak bizi izan duen sufrimenduari buruzko informazioa biltzeko eta aztertzeko bidea izateaz gain, interbentzio moduak ere izan behar dira, biktimek dituzten arazoez jabetu daitezen, hauek konpontze aldera. Beste berba batzuekin esanda, biktimak ez dira izan behar ikerketen objektuak, subjektuak baizik.

Horrekin batera, ezinbestekoa da gertatutakoaren oroitza gordetzea, museoak, liburuak, memoriari eskainitako guneak, adierazpen publikoak, hitzaldiak, monumentuak, dokumentalakĀ… eginez. Izan ere, horiek denak lagungarri dira, bai zorigaitza bizi izan zutenen memoria gordetzeko, zein hauen senideekiko elkartasuna adierazteko eta belaunaldi berriei gertatu zena erakusteko.

Badakit historia modu desberdinetan interpreta daitekeela, eta memoriaren aldeko ekimenak mila eratara manipulatu daitezkeela. Dena dela, argi izan behar dugu biktima guztiek dutela egia jakiteko eskubidea, justizia eskubidea, eta konponketarako eskubidea. Horiek gabe, zauriak txarto zarratuko dira.

Publizitatea