Konponbideari begira

Analisiak

Hizpideak

Herriak nahi duen tokira

 

2011-10-21 / Iñaki Petxarroman

ETAk iragarri du betiko amaitu duela aldi armatua. Ez du inor ezustean harrapatu. Ezker abertzaleak duela bi urte abiatutako alde bakarreko prozesuaren ondorio logikoa da erabakia. Aieteko konferentziak eskatu zionari baiezkoa eman dio, eta bidea ireki du estatuak mugitzen has daitezen. Izan ere, aurrerantzean haiei dagokie urratsak egiten hastea.

Erantzukizunez jokatu du ETAk. Herritar gehien-gehienek —baita ezker abertzalearen barruan ere— eskatutakoari men egin dio, eta horrek balio politiko handia du. Herritarren gogoan iltzatuta geratuko da atzoko eguna, aldi bat amaitu eta beste bat ireki delako ziurtasuna dakarrelako. Eta, erabileraren ondorioz adjektiboari esanahia higatu bazaio ere, atzokoa zinez da egun historikoa.

Belaunaldi berriak sortuko dira, eta iragan mingarriaren zama ez zaie hain astun izango. Arazoak ez dira amaitu, baina arinago eutsi ahal izango diete erronka handiei. Iparra galdu gabe: herriak nahi duen tokira iristea, inongo muga eta interferentziarik gabe.

Publizitatea