Konponbideari begira

Analisiak

Bira

Osteguna

 

2011-10-22 / Onintza Enbeita

Gogoratu naiz Klara eta Balendinez: Herri Batasunarengan sinetsi zuten auzotar bakarrak izan zirelako orain hogeita hamar urte baino gehiago. Gogoratu naiz nola irakatsi nien Beñat eta Aintzinari Txikia kantatzen oraindik irakurtzen ere ez zekitenean, eta badakite bereziki poztu nintzela lehenengoz manifestazio batean topo egin genuenean. Ezin dut burutik kendu Maddik nola esan zidan arratsalde batean: «Onintza, badakizu gauza bat? Nire ama atxilotu egin dute». Lau urte baino ez zituen. Akorduan daukat amama Klarak nola eraman gintuen hiru ahizpok beheko errepidera Santi Brouarden hilkutxari ohore egiteko Lekeitiorako bidean Muxikatik pasatu zenean. Milaka aldiz errepasatu dut nire memorian Ina Zeberio Gernikan hil zuten eguna. Aurrean banu bezala ikusten dut gaur ere Alaitz, bederatzi hilabeteko umea besoetan duela, Fleuryko bisita gelara irribarretsu sartzen. Hainbeste sentsazio nahastu zaizkit barruan, eta ez dakit nola bide eman guztiei. Dakidana da osteguna berezia izan zela, eta bide luzeak ekarri gaituela ostegunera arte. Batzuek diote ez dela nahikoa, irabazi egin dutela, porrota izan dela... niri bost! Seguru nago, eguenean eta seguruenik barikuan ere, nire aldean gaizki lo egin zutela.

Publizitatea