Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Manifestazioa Bilbon

Aro berri baten lehen mugarria

ETAk armak uztea erabakita, aro berri bat hasi dela sumatu zuten atzo manifestaziora bildu ziren pertsonek. Hala ere, alde guztiek urratsak egin beharko dituztela uste dute.
Bilboko udaletxe aurrea, atzo, herritarrez gainezka.
Bilboko udaletxe aurrea, atzo, herritarrez gainezka. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS
Itxaropena», eta «ilusioa» izan ziren atzo Bilboko kaleetan bildu ziren milaka pertsonen ahotan gehien entzuten ziren hitzak. ETAk jardun armatuaren amaiera adierazi zuen ostegunean, eta herritarrak erruz bildu ziren gatazkaren amaiera eskatzeko. Eta eurek ere hartu zuten hitza. Izan ere, manifestazioko amaiera ekitaldian sindikatuetako ordezkari eta eragileek Gernikako Akordioaren izenean hitz egin baldin bazuten ere, atzo herritarren hitzak ere garrantzi azpimarragarria izan zuen. Bai kopuruz, bai aniztasunez .

«Orain zerbait berria hasiko dela iruditzen zait», zioen Antxonek (Bilbo, 65 urte). Hemendik aurrera Euskal Herriak duen helburua zein den ikusten hasiko garela azpimarratu zuen, hau da, «hemen denok oihukatzen ari garena: presoak kalera eta independentzia». Osteguneko adierazpenarekin, «denok espero genuena» gertatu dela adierazi zuen, baina garrantzirik kendu gabe. Horrelako zeresana izan du beregan, ezen olerki bat ere idatzi baitu egoera berri honi egokituta: «Haizeak ez dauka mugarik / Eta libre doa bide guztietatik / Hortaz, esan nahi izango nuke nik / Nire aldamenean haizeari / Hemen nagoela bizi bizirik eusko lurran zutunik / Zirrarez eta ziurtasunez / Oihu handiz mundu guztiari / Euskalduna izan gura dudala nik / Eta ez inoren menpean izanik».

Unea aprobetxatzearen garrantziaz jabetuta dagoelako, Antxonek alde guztien batasuna eskatu zuen, «era horretan bakarrik joango baikara aurrera». Bide hori hartu ezean, «betiko legez» jarraituko baitugu, haren ustez.

Presoen gaia mahai gainean

Ilusioa orokorra dela uste du Rosa Zubillagak (Arrasate, 54 urte) ere. «Jendartean nabaritzen da poztasun hori, baina orain hitz egitea falta da, eta denek euren aldetik hondar alea jartzea». Horregatik, politikariei dei berezia egin zien, gatazka honen amaierarako zeregin handia daukatela uste baitu. «Hitz ugari entzun ditugu, ordea, Patxi Lopezek presoen gerturatzea proposatuz ETAk armak utziz gero. Hori gertatu da, eta orain hitzak horretan geratzen dira, hitz hutsetan», dio. Izan ere, hitzetik aparte ez du inongo aurrerapausorik ikusten.

Nolanahi ere, irtenbidea inoiz baino gertuago dagoela uste du arrasatearrak. Baina gatazkaren betiko amaiera eman dadin presoen gerturatzea bermatu behar dela uste du, «familiari ezartzen zaion zigor hori kendu behar da», eta era horretako neurriekin mendekuaren sentimendua baztertzea eskatu du. «Alde horretatik, aurrerapauso handia izango litzatekeela iruditzen zait», adierazi du Zubillagak.

Kristina Elkorok (Bergara, 42 urte) ere uste du horren haritik pausoak eman behar direla. Semea haur kotxean darama, eta berak «etorkizun hobea» bizi dezan nahi du. Horretarako, ez da nahikoa izango ETAk eman duen pausoa; bestela, «herri honetako gatazka ez baitugu amaituko». Horregatik, egindako urratsa positiboki estimatzeaz gain, Espainiako eta Frantziako gobernuengan dauka jarrita esperantza Elkorok, «eurek erantzungo dutela espero dut; bestela, itxaropen eta ilusio guztia galduko dut». Eta ez da hori nahi duena. Semeak aitona espetxe arinduarekin ezagutu du, eta osaba ere kartzelan. «Ez dut nahi herri honetan bizi izan dugun hau guztia berak berriz bizi dezan», zehaztu du Elkorok.

Iritzi berekoa da Oihana Etxebarrieta ere (Hondarribia, 24 urte). ETAk jardun armatua baztertu izana «batzuentzat, pozgarria den albistea» baita, haren ustez, baina «familian presoak ditugunontzako gauzak ez dira aldatzen. Egoerak gordin jarraitzen du, kilometro pila bat egiten jarraitzen baitugu eurak bisitatzeko», dio. Horregatik, Espainiaren eta Frantziaren aldetik urratsak espero ditu, baina «guk borrokatu behar dugu hori; bestela, ez baitigute emango».

Nazioartekotasuna

Astelehenean Donostiako Aiete jauregian egin zen nazioarteko konferentziak, bestetik, prozesu honetan guztian garrantzi azpimarragarria duela ere uste du Etxebarrietak. «Era horretan Espainiari eta Frantziari presioa egiten ari zaie, Koffi Annan eta halako pertsonalitateak azpimarragarriak baitira». Baina bi herrialdeek hartu beharko lituzketen neurriak eskatzeaz gain, Europako Batasunari ere eskatu dio euskal gatazkari buruz hitz egiten hasteko, «bada eta garaia».

«Orain Espainiaren teilatuan dago pilota», Josu Pedruzoren hitzetan (Gasteiz, 21 urte). Izan ere «urrats handia egin da hemen, eta orain eurak dominak jartzen ari dira, eta guk, aldiz, neurriak eskatu behar dizkiegu», adierazi du. Horretarako bidean, datozen hauteskundeetan irtengo den garaileak zerikusi handia izan dezakeela uste du, «PPrekin gatazkaren amaiera zailagoa izango baita PSOErekin baino». Horregatik, datorren gobernua PPrena izango dela aurreikusita, egoera berria ilun ikusten du gasteiztarrak.

Pio Azkaratek ere (Arrasate, 48 urte) beldur berbera dauka. «Hobe litzateke Espainiako Gobernuan PSOE balego, baina hein berean ere uste dut PPk mugitu egin beharko duela». Nolanahi ere, gatazkaren amaiera «inoiz baino gertuago» ikusten du, eta jendearen itxaropena zapuztea axolagabekeria bezala ikusten du. Asteleheneko konferentziaz ere iritzi positiboa agertu du, «gatazkari nazioartekotasuna eman baitzaio, beharrezkoa zen ekitaldia, gobernuak apur bat mugitzeko», haren ustez.

Nazioartekotasun horren adierazle dira ere Rachid Seghayer eta Hassana Aalia sahararrak (37 eta 23 urte, hurrenez hurren). ETAren adierazpena urrats garrantzitsutzat hartu du Seghayer-ek, «armarik gabe errazago lortzen baita bakea». Biak ere gatazka sahararraren ondorioz preso egondakoak izaki, estrategia hobea iruditzen zaie elkarrizketa. «ETAk bide armatua errefusatu eta gero, Espainiak ez daki zer egin, eta hori garrantzitsua da», Aaliak adierazi duenez.

Itxaropena izan da Bilboko manifestazioko hitz azpimarragarriena, baina jarrera eszeptikoa zuenik ere bazen. Arantza Zuiagirre eta Aloña del Olmok (Gasteiz, 24 eta26 urte), aurreko bake prozesuak hartu dituzte giltzarri. «Beste prozesuetatik gaizki xamar irten gara, baina oraingo honek ezberdina dela ematen du». Horregatik, pausoak alde guztietatik eman beharko direla uste dute biek ala biek, baina lehenengoa ere emanda dagoela uste dute.

Publizitatea