Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Manifestazioa Bilbon

«Euskal herritarrak gara egoera berriaren giltza bakarra»

ETAren urratsa txalotu, eta Frantziari eta Espainiari elkarrizketak hastera dei egin die Gernikako Akordioak
Jokaleku berriaren «giltza erabakigarria» euskal herritarrak direla iritzita, bakearen, erabakitzeko eskubidearen eta herritar guztientzako eskubide guztien atea irekitzeko bultza egitera deitu ditu Gernikako Akordioak herritarrak. Belen Arrondok (EILAS) eta Ainhoa Etxaidek (LAB) hartu dute hitza, Gernikako Akordioko izenpetzaileen izenean, Bilbora gerturatutako milaka lagunen aurrean Euskal Herriak konponbidea nahi du lelopean egindako manifestazioaren amaieran. Unai Iturriagak eta Miren Amurizak egin zieten bertsotan agurra milaka lagunei. Arrondok, euskaraz, eta Etxaidek, gaztelaniaz, helarazi zuten mezua gero.

Prozesuari «bultza egitera» Bilbora gerturatutako milaka lagunei eskerrak ematearekin batera, gatazkaren gako guztiei irtenbidea ematera deitu zuten, «kausei eta ondorioei».

Astelehenenean Aieteko jauregian egindako nazioarteko konferentziatik gatazkaren gakoei erantzuteko proposamenak eratorri zirela esan zuten. Horiei segituz, ETAk ia erantzun duela esan zuen. «Ez dago zalantzarik. ETAren erabakiak jokaleku politiko berri bat ireki du, itxaropenerako jokaleku bat, orain arte ezagutu ez dena. ETAk albiste on bat eman dio euskal gizarteari, bake jokalekura gerturatzen gaituen albistea da».

Baina Gernikako izenpetzaileek uste dute orain gizarte osoak arduraz aritu behar duela. Eta dei zuzena egin diete Espainiako eta Frantziako gobernuei: ETArekin eseri eta lehenbailehen hitz egin dezatela, hamarkadak iraun duen konfrontazio armatuaren ondorioei irtenbidea emateko.

Gernikako Akordioak normalizaziorako zehazten duen bide orria ekarri zuen gogora: euskal preso politiko guztien oinarrizko eskubideen errespetua, talde politiko guztien legalizazioa, epaiketa politikoak amaitzea eta biktima guztien aitortza, besteak beste.

Akordio berrien beharra

Euskal gizartean jarri dute indarra Gernikako Akordioaren izenpetzaileek. Normalizazio prozesua akuilatu behar dutenak herritarrak direla uste dute. «Inoiz izan ez den egoera honetan, euskal herritarrak gara giltza bakarra».

Nazioarteko konferentziak itxaropenari leihoa ireki ziola uste dute, «eta guk ateak aurrez aurre irekiko ditugu. Bakearen, erabakitzeko eskubidearen eta eskubide guztien errespetuaren ateak irekiko ditugu. Asko gara. Eta ez gaude denok. Askoz ere gehiago izan behar dugu, eta askoz ere gehiago izango gara». Txalo zaparradarekin erantzun zieten manifestariek hitz horiei.

Denak mugitzea nahi izanez gero euskal gizarteak bultza egin behar duela berretsi zuten. «Eta bultza egingo dugu ate guztiak irekitzeko. Heldutasunaren garaia da». Elkarrizketarako garaia dela esan zuten, akordioak eraikitzeko ordua, «egin egin behar da, eta denon artean egingo dugu». Herri honen etorkizunaren jabe bakarra euskal gizartea bera dela esan zuten. «Gure etorkizunari buruz erabakiko dugu, bakean eta demokrazian, erabakiko dugu».

Publizitatea