Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera

Jimenez: «Elkarrizketa politikoan sakontzeko unea da»

«Gizarte hobea» lortzeko lan egin behar dela nabarmendu du PSNko idazkari nagusiak

2011-10-23 / Erredakzioa

Pistola eta xantaiaren zaindaritzapetik askatzea lortu dugun honetan, eztabaida politikoan sakontzeko ordua da», Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiaren irudiko. «Batzeko garaia dela uste du, itxaropen garaia, neurriko baikortasunerakoa, eta gizarte hobe bat lortzeko lanean hastekoa». ETAk armak uztea «garaipen» gisa ikusten du Jimenezek: «ETA demokraziaren eta demokraten aurrean errenditu egin da».

Nafarroan «elkarbizitzarako jokaleku berria» eraiki behar dela nabarmendu du PSNko idazkari nagusiak, eta hori «guztien arteko elkarrizketarekin» egin behar dela uste du. Izan ere, PSNren arabera, hala egiten ez bada, lehenago edo geroago, gizartea zatitu egingo da berriz ere. Uste du bere alderdia dela «beste indar politikoekin hitz egiteko gaitasuna duen bakarra», eta horregatik, «elkarbizitza aro berria» eraikitzeko «protagonista rola» jokatu behar duela nabarmendu du. Jakitun da ez dela lan erraza izango, eta arduraz zein inteligentziaz jokatzeko deia egin du; etorkizunera begira jokatzeko deia. «Izuz betetako mende erdia ez da lau egunetan ezabatzen». Haren esanetan, egoera «atzera bueltarik gabea» izatea lortzea da garrantzitsuena.

Publizitatea