Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Erreakzioak

Garai berrian EAJk «ausardiaz» jokatzea exijituko dio Patxi Lopezi

Iñigo Urkulluren ustez, ETAk agirian «inplizituki» onartu egin du indarkeriaren bidea «okerra» izan dela
Iñigo Urkullu, Joseba Egibar eta bozetarako EAJren hautagaiak, atzo, Donostian.
Iñigo Urkullu, Joseba Egibar eta bozetarako EAJren hautagaiak, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARP

2011-10-23 / Joxerra Senar

Benetan aste betea, borobila, izan da Euskadirentzat». Eusko Alderdi Jeltzaleak atzo goizean Donostiako Pasealeku Berrian hauteskundeei begira ekitaldi politikoa antolatu zuen, eta Iñigo Urkullu Euzkadi Buru Batzarreko presidentearen mezu nagusia, jakina, jardun armatua uzteko ETAren erabakiaren ingurukoa izan zen. Bezperan adierazi bezala, Urkulluk nabarmendu zuen bidearen hasiera besterik ez dela, baina era berean «hasiera ona» dela. «Denok nahi genuena». Batetik, indarkeriaren aurka EAJk betidanik jarrera sendoa azaldu duelako harro agertu da Urkullu, eta, bestetik, ireki berri den garai honetan «ausardiaz» joka dezala exijituko dio Patxi Lopez EAEko lehendakariari.

Ekitaldi xumea izan zen atzo goizekoa. Eguraldi ona eta freskoa lagun, hainbat herritar pasealekuan zehar gora eta behera zebiltzala, Jorge Oteizaren Eraikuntza hutsa eskulturaren alboan egin zen ekitaldia. Urkullu eta Joseba Egibar EAJren Gipuzko Buru Batzarreko presidenteaz gain, han ziren Gorteetarako bozetarako hautagaiak; hala nola Arantza Tapia, Joseba Agirretxea, Asier Aranbarri, Libe Amilibia, Lorea Leanizbarrutia, Edurne Egaña eta Iñaki Zuloaga.

Hitzaldian, aste honetako gertakarien garrantzia azpimarratu du Urkulluk. «Ez da dena aste honetan gertatu, baina gertatutakoa garrantzitsua izan da». Etorkizun hurbileko erronkei erreparatu aurretik begirada iraganerantz zuzendu du EAJren buruzagiak. Izan ere, haren ustez, ETAren indarkeria «izugarrikeria bat» izateaz gain, politikoki «akats bat» izan da: «Orain ETAk inplizituki aitortu egin du akats hori».

«Indarkeriarik eza»

Horren inguruan, Iñigo Urkullu harro azaldu da azken mende erdian EAJ alderdiak egin duen hautu eta ondare politikoaz. «Harro gaude gure ibilbideaz, harro gaude indarkeriaren bideari ezezkoa eman izanaz 1959an eta 1977n. Indarkeriarik ezaren alderdia izan gara, gara, eta izango gara. Bide zuzena hartu dugu».

Horren aldean, bai ETA sortu zenean bai Franko hil ondoren Xibertan ezker abertzaleak hartu zuen bidea «okerra» izan dela azpimarratu du. «Orain emaitzarik gabe utzi behar izan dute».

Era berean, Iñigo Urkulluk batez ere euskal gizartearen ekarpena nabarmendu du, «bakearen hasiera ez baita bakarrik etorri». Haren ustez, gizartearen borondateak ezarri du norabidea, eta hori da «kosta ahala kosta» eragile politiko guztiei geratzen zaien irakaspena.

Izan ere, Urkulluk argi utzi nahi izan du bakearen hasiera bakarrik etorri ez den bezala «herriari zor zaion bizikidetza ere» ez dela bakarrik etorriko, eta oraindik ere lan handia dagoela egiteko: «Gizarteak orain gehiago eskatuko digu».

Arlo politikoan, Patxi Lopezek herenegun deitutako bilera erronda izango da lehen hitzorduetako bat. Iñigo Urkulluk Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin biltzeko borondatea azaldu du. Bertan, une historiko honetan ausardiaz jokatzea exijitu diote Lopezi. Konponbiderako eta elkarbizitzarako bidea luzea izango dela aitortu arren, erronka hori gainditzeko konbentzimendua agertu du Iñigo Urkulluk.

Era berean, haren irudiko, euskal gizartearen beste erronka da krisi ekonomikoa «egiturazko arazo» ez bihurtzea, eta ohartarazi du ez dagoela krisiaren konponbidean denbora askorik pasatzerik. Aukera baliatu du EAJk arlo ekonomikoan egindako lana goraipatzeko. «ETAk pertsiana jaitsi du; guk, berriz, egunero pertsiana igotzen jarraituko dugu».

EAJk «proiektu bat, eredu bat» duela azaldu du; ezker abertzaleari, berriz, «paralisian» egotea aurpegiratu dio. «Non dago ezker abertzalea, non dago Bildu? Hodei artean, galduta daude», kritikatu du. Bildu koalizioa eguneroko beharrei «erantzun ezinean» dagoela iritzi dio, «egitasmo bateraturik eta errealistarik gabe, eredurik gabe, erantzunik gabe».

Estatus politiko berria

Arantza Tapia EAJren Kongresurako zerrendaburuak aipatu du etorkizunean EAJren helburua izango dela «estatus politiko berria» lortzea. Haren ustez, egungo egoera ekonomikoak erakutsi du autogobernu handiagoa lortzea bateragarria dela ekonomia produktiboa lortzearekin.

Publizitatea