Konponbideari begira

Analisiak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Begiradak

Politika

 

2011-10-23 / Felix Iriarte

Bagenekien —imajinatzen genuen— ETAk Aieteko adierazpena hitzez hitz onartuko zuela. Hala ere, aitortu behar dut ez nuela espero hain esaldi biribila. «ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitzea erabaki du». Besterik gabe, inori ezer eskatu gabe trukean. Horrek ematen dio sinesgarritasuna eta geroari begira atzerabiderik ez izateko bermea. Beste hainbeste esango nuke Raxoiren erantzuna irakurri ostean. Zuhurra, bere alderdiko eskuin muturreko lagunei entzun gabe, biktimak gogoan, baina haien argudioak bereak egin gabe, halaber. Horrek ere lasaiago uzten nau. Espainiako hurrengoko presidenteak egoera berria zuzen kudeatzeko urratsa egin du. Ez da gutxi, jakinda gainera oposizioan ez duela oposiziorik izango.

Iritsiko da Raxoik aldarrikatu duen ETAren desegite atzeraezina, armak erakusteko eta desegiteko unea, iritsiko den bezala euskal presoak gerturatzekoa lehenengo eta kaleratzekoa gero, euskal gizarteak nahi duena betez. Batzuen eta besteen artean egoera berria sendotuko dute oinarri horren harira beste urrats batzuk egiteko. Estatuaren txanda da, ETAk jo dion erronkari modu positiboan erantzuteko. Raxoik ez du aukera galduko. Izan ere, nork ez zuen aprobetxatuko halako abagunea Espainian, Europan eta nazioartean duen babesa izanda?

Buka dezatela gatazkaren ondorioz sortu diren arazoen konpontzea, lehenbailehen hobe. Aldi berean politika bere izena aldarrikatzen hasiko da Euskal Herrian, bere lekua egiten. Indarkeria erabili gabe politikan dena posible dela entzun dugu maiz egunotan hain pozik azaltzen ari diren politikarien ahotik. Hori egia dela frogatzeko aukera iritsi da. ETA jada ez da oztopo. «Hemendik aurrera lorpen bakoitza euskal herritarren ahalegin eta borrokaren emaitza izango da», adierazi du alde batera egiteko garaian. Botoak dira lorpen horien oinarria, gehiengoak agintzen du demokrazian. Baina ez gaitezen engaina. Datozen hauteskundeetan, hilabete barru, Amaiurren aldeko boto tsunamia —hala aurreikusten du Egigurenek eta ez da oso oker ibiliko— eman arren, sakoneko aldaketa horiek itxaron beharko dute. Aldaketa horiek eman daitezen euskal herritarren elkarbizitza eta adiskidetzea aldez aurretik irabazi beharko da, elkarren arteko konfiantzarik gabe euskal gizartearen geroa bideratzea ez baita posible izango. Sendatu gabeko zauriek eragotziko lukete.

Itxaron beharko du Aieteko laugarren puntuak, baina ez da alferrik sartu zerrenda horretan. Bake jokalekua sendotzeko gatazka politikoari konponbidea ematea gomendatu dute nazioarteko adituek. Berandu baino lehenago iritsiko da egun hori. Orduan egiaztatuko dugu indarkeriarik gabe demokrazian edozer lor daitekeela.

Publizitatea