Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Erreakzioak

Euskal presoen egoera konpontzeko eskatu dio Askatasunak Frantziari

Eri dauden presoak askatu eta baldintzapean atera daitezkeenak libre uzteko eskatu dio

2011-10-23 / Erredakzioa

Joan den ostegunean ETAk iragarri zuen behin betiko uzten zituela ekintza armatuak, eta horren harira, Askatasunak euskal preso politikoen egoera konpontzeko eskatu dio Frantziari. Horrekin batera, «euskal gatazkaren onarpena» egin dezala eskatu dio Frantziari, Askatasunaren iritziz, Frantzia gatazka horretako partaide edo eragile delako. Batetik, gatazka horretan esku hartze zuzena ukan duelako, eta bertze alde batetik, Euskal Herriaren onarpenari uko eginez, gatazkaren arrazoi ere badelako.

ETAren agiria ez dela deusen bukaera baizik aro berri baten hastapena azpimarratu du Askatasunak. Aro berri horri atea irekitzeko, presoen gaia bideratzea eskatzen dio Frantziari, lehenik eri dauden presoak libre utziz, baldintzapean libre egon daitezkeen presoak karrikan utziz edo presoen urruntzeari bukaera emanez eta Euskal Herrira hurbilduz. Presoen bakartze eta dispertsio politikei berehalako bukaera eman diezaion eskatzen dio Frantziako Gobernuari.

Iheslarien aldarria

Euskal iheslari politikoen egoera ere argira ekarri du Askatasunak. Horietako batzuk Frantziak berak deportatu zituen, Espainiaren eskaerari men eginez. Horrez gain, ehunka dira Frantzian edo Ipar Euskal Herrian bizi direnak, neholako baimenik gabe. Eta euskal iheslari politikoek pairatu dituzten erasoak argitzeko eskatzen dio Frantziari. Horien artean oraindik hauek argitzeke daude: 1983an Baiona Ttippian GALek bahitutako Joxi Zabala eta Josean Lasaren kasua; Frantziako Poliziarekin Leon (Landak, Frantzia) herrian izandako tiroketa batean desagertu zen Jean Louis Larre Popo IK-ko militantearen desagertzea, eta Baionako geltokian desagertu eta Frantziako Tolosa hirian egoera susmagarrian hilik agertu zen Jon Anzaren kasua.

Publizitatea