Konponbideari begira

Analisiak

Jira

Ordena

 
Begiratzen duzu leihotik, eta hor dago Izarraitz zutik, eta hor dator igandea harro, bere buruaz seguru, bere aginteaz jakitun: denak hautsiko ditut. Ez daki ezer zure amets berrituez, ez daki ezer euskaldunaren pozaz, ez daki ezer bake prozesuaz. Berak ezarri beharreko ordena lehenagokoa da, sakonagoa, denbora ebaki behar du, gillotina bota asteari, atea itxi, biharamunik gabeko egun oso bat eman jendeari nahieran asper dadin, nor bere buruarekin egotera behartu, eta nor bere futbol taldearekin.

Egunkariak eta gehigarriak pilatzen dira sukaldeko mahai gainean, zopatua bukatuko duzu, dena irakurri nahi duzu, argazkiak ikusi, kronologiak aztertu, une historiko bat bizi duzula sentitu, historiaren parte izan, behingoagatik. Etorkizunak zer ekarriko duen hasten zara pentsatzen, eta ez dakizu, egia esan, zer pentsatu. Hitz handiak ondo daude, baina beldurra sartzen zaizu, ez ote diren beste zerbaiten ordezko, ez ote diren eguneroko bizitza erraldoi horren aldean oso gauza ñimiñoak.

Begiratzen duzu leihotik, eta harritu egiten zara, ez da inor kexatu, igandeak biolentzia handiz menperatu du jendea, bere galarik onenak jantzita doaz kalera, eta haurrak, etorkizuna, perfektuak dira.

Publizitatea