Konponbideari begira

Analisiak

Bira

Kontatzea

 

2011-10-23 / Onintza Enbeita

Duela urte asko lagun talde bat elkartu zen Espainiako diktadura militar ankerraren kontra eta Euskal Herriaren alde ekiteko. Hasierako ekintzek izan zuten eragina ikusita, konturatu ziren arerio hura mugitzeko armak behar zituztela. Bai, bai, armak; eta erabiltzeko konbentzimendu osoarekin erosi zituzten. Lehenengo etsai armatua hil eta berehala, etsai armatuek hil zuten taldeko bat, eta momentu hori, oso gogorra izan zen. Beste guztiek hartutako erabakiaren larria ulertu zutelako lagunaren gorpuan. Baina aurrera egin zuten, eta militarren bihotza zauritu: diktadorearen ondorengoa hil zuten. Gero urte nahasiak eta latzak etorri ziren: diktaduratik demokraziarako trantsizio faltsua, torturak, hildakoak, atentatuak, sakabanaketa... gazteagoek hartu zuten lekukoa, eta beti asmatu ez zuten arren, gure herriari bazela gai erakutsi zioten, Euskal Herriak noizbait bere etorkizuna erabaki ahal izango duela konbentzitu gintuzten. Eta hala, herriak erakutsi zuenean baduela indarra pertsona oro, hitz oro herriaren aldeko arma bihurtzeko, beste armak isildu egin ziren. Ez dakit borreroarena edo biktimarena den; berdin dit. Hau nire seme-alabei kontatuko diedan historia da, nik bizi izan dudana.

Publizitatea