Konponbideari begira

Analisiak

Larrepetit

Zapatuak Bilbon

 

2011-10-26 / Unai Iturriaga

Bilbon izan ginen zapatuan. Enegarrenez egin genuen Autonomiatik udaletxerako bidea. Hein batean asfalto horren higaduraren erantzule bagarela otu zitzaidan. Makina bat zapatu arratsaldetako siesta izorratu dugula, katarroren bat edo beste ere geure erruagatik hartu duela beti, estrainekoa balitz legez, leihora harridura aurpegiarekin ateratzen den emakume edadetuak.

Egongo da Autonomian autobusentzako erreia noiz egin zuten esango dizunik zelan manifa batean ez eta hurrengoan berriz, han zegoen ertzantzaren polizia etxea Zabalburun. Pausoa azkartzen dela Hurtado Amezagan behera abiatzerakoan. BBVAren egoitzaren alboan beti egongo dela talde bat pankartaren bati eusten eta, agian, beste manifa baterako deialdia egiten. Udaletxeko zubira iristerako ekitaldia amaituta badago, seinale ona, jende asko batu dela.

Behin eta berriz, eta beste behin.

Hamaikatxu bider egin dugu bidea oin batek besteari automatikoki jarraitzen ziola. Zabalburuko gaintxotik atzera begiratzeko beldurrez, erratzarenak eta borrarenak, biak batera egiten dituen ertzantzaren furgoneta ikusteko nagiz, esan gabeko»etorri gara-eta» bat begietan.

Bakanagoak baina izan dira ezpainetan irribarrea generamala egindakoak ere. «Oraingoan bai» zioten bostekoak eta besoa luzatuz urrutira jaurtitako agurrek, «Ze arraio! Atera beste bat!» lakoekin jarraitzen zutenek alde zaharrean.

Ez nuke esango joan zen zapatuan Bilbon gailentzen zen sentimendua euforia zenik. Poza bai (lagun batek «poz politikoa» izendatu du) baina txapligurik ez. Oihuen gainetik entzun zen aita eta ama zain daudela dioen kanta, ahotsik urratu gabe abestua.

Beharbada, denborak kendu dizkigu beroarenak, eta egin gaitu zuhurrago, eta, segurutik, guztiok generaman geure manifa partikularra barrenean, geure autonomiatik bestearengana doan zubira bidea egiten ari zena.

Itzuliko gara.

Publizitatea