Konponbideari begira

Analisiak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Begiradak

Errelatu historikoaren borroka

 
Orain, ETAren borroka armatua amaitu denean, Espainiaren zeregin nagusia historiaren errelatu zuzena egitea izango da, zalantzarik gabe; bereziki, Euskal Herriarekin liskartzen duen gatazka politikoa lehen lerrora igaroko denez, argudio politiko gutxi dutelako euskal aldarrikapenari aurre egiteko. Errelatu honek irabazleak eta galtzaileak nahi ditu, onak eta gaiztoak.

Agenda eta kategoriak inposatzeko ahalegin adostu honen adibide bat aurki genezake Donostiako Bake Konferentziaren ostean Antonio Basagoiti popularrak Jonathan Powelli bidalitako protestako gutunean: buruzagi espainolaren ustez, Euskal Herria eta Irlanda ezin dira alderatu, han biktimak bi aldeetakoak izan zirelako —IRAk 2.056 biktima eragin zituen, eta talde paramilitarrek, 1.020— eta hemen ETAk 857 eragin dituelako eta Espainiaren batasuna defendatzen duten indarrek 0 biktima eragin dituztelako, hain zuzen.

Ahantzi egiten ditu Basagoitik, noski, errepresioak eta talde paramilitarrek, Estatuaren biolentzia organizatuak sorrarazi dituzten 474 biktima zuzen; ahantzi egiten ditu, Brouard, Muguruza, Zabaltza, Arregi, Lasa, Zabala…; ahantzi egiten ditu Batallón Vasco-español, GAL… Noski, irabazle onak, a priori, zero biktima behar dituelako izan, zero akats; idealismoaren lege perbertsoaren arabera, on-ona denak zero gaiztakeria behar duelako izan. Hori oso espainola da. Beti izan dira onenak, beti betegintzarrekoak, beti urrezko aristokrazia bat.

Espainiak zero biolentzia erabili zuen, esaterako, Trantsizioa deitu denaren diseinuan: hegoaldeko euskaldunok geure kabuz onartu dugu bitan banatu gaituen geografia politiko bat, bigarren mailako hizkuntza eta nortasuna esleitu digun Konstituzio bat, ekonomian, hezkuntzan, kirolean, ikurretan, nazioartean, esparru politiko eta sindikaletan… subiranotasun adierazle bakar bat ere onartu ez digun ordenamendu juridiko bat. Frankismoa bera ez zen izan diktadura faxista kriminal bat, lasaitasun eta atseden aro bat baizik, Mayor Orejak esan zuenez. Atzerago ere egin genezake, sistematikotasun estu batez: Amerikaren konkista etnozida eta odolzalea kulturizazio ahalegin eskergarria izan zen, arraza espainolak asko dituenez; herri garatu-gabeekiko elkartasun adierazle bat, besterik gabe; mairuak eta juduak halako orekatze demografiko natural batek erbesteratu zituen —sua eta ezpata asmatu gabe zeuden—; Nafarroan ez zen konkistarik egon 1200.etik 1512.era; baskongadoek lehenik eta nafarrek ondoren onartu egin genuen Espainiaren boterea: historian sartzeko aukera paregabea eskaini ziguten.

Baina, orain, azken mende erdiaren irakurketak du lehentasuna: torturatuak, jipoituak, irainduak, kognitiboki kolonizatuak alde batera utzita, gutxienez 1.494 biktima eragin dituen sasoi horrek irabazleak eta galtzaileak behar ditu izan.

Horretarako, noski, gau eta egun, egunkarietan, telebistetan, irratietan —El Correo Español eta ETB jasanezintasuna ari dira ukitzen—, ETAk eragin zituen biktimak gogoraraziko dizkigute modurik hunkigarrienean, mugarik gabe, pertsuasio biolentoena erabiliz: suntsiketa erakutsi, odola erakutsi, kontzientzia txarra eragin, historiaren arrazionalizazioa —eta, beraz, katarsia— ekidin, konpultsiboki. Besteak beste, Meliton Manzanas torturatzaile sadikoa edo Carrero Blanco almirantea heroi bilakatuko dizkigute. Zero akats. Beste biktimei buruz, ezertxo ere ez.

Horrela erakutsiko digute Demokraziaren garaipena, Zuzenbide Estatuaren garaipena, Estatuko indar armatuen garaipena. Eta gainerakoak, galtzaile: ETA, lehen maila batean; baina baita ezker abertzalea ere; eta EA; eta Alternatiba; eta Aralar; eta, oro har, euskal nazionalismoa. Egun hauetan esan baitzaigu, ETA garaitu den bezala, Bildu eta Amaiur ere garaitu behar direla. Ahal bada propaganda erabiliz. Edo, paradoxak, alderdi politikoak debekatzen dituen Alderdi Politikoen Legea aplikatuz. Edo kartzelak disidentziaz betez, disidentzia horrek ETAren desagertzea ekarri badu ere. Horrela indartu da beti errelatu bakarra Espainian.

Gogoratuko dugunez, lehentxeago, diktadura frankista kriminalean nagusitu zirenek irabazle izaten jarraitzen dute errelatu horretan. Begira bestela zer-nolako legeak ebatzi diren Espainian Oroimen Historikoari buruz: hutsaren hurrengoak, irabazlearen memoria areago distirarazten dutenak. Kuraiarik ez dute.

Nora goaz jende horrekin? Ez baitigute beste biderik uzten: Amaiurrera, berriro ere. Areago urduri daitezen.

Publizitatea