Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera

«Indarkeria amaituta», gainerako arazoei heltzera dei egin du Lokarrik

Sortu legeztatzea atzeratu ezin daitekeen afera bat da Riosentzat, «aukera handien une honi heltzeko»

2011-10-27 / Erredakzioa

Aurreko asteko gertakariek, Donostiako Bakearen Etxean egindako Nazioarteko Konferentziatik hasi eta ETAren jardun armatuaren amaieraren iragarpeneraino, «poz handiko unea» ekarri dute Euskal Herrira Lokarrirentzat, akordioaren eta kontsultaren aldeko sarearentzat. «Indarkeria amaituta», oraindik arazo anitz konpontzeke daudela gogorarazi du, ordea, baina uste du «indarkeriarik gabe konponbideak topatzea errazago» izango dela.

Aieteko Bakearen Etxean eman zuen Lokarrik joan den asteak emandakoa baloratzeko prentsaurrekoa. Paul Rios koordinatzaileak «etapa berri bat» hasi dela adierazi zuen, baina ETAren jardun armatuaren amaierak arazo guztiak ez dituela konpondu ere gogorarazi zuen.

Horren harira, Lokarrik duela bi urtetik «bake prozesu itzulezin baterako» defenditu dituen baldintzen artean, ETAren jardun armatuaren behin betiko amaierarekin batera, ezker abertzalearen legeztatzea izan dela gogoratu zuen Riosek: «Indarkeriaren bukaera lortuta, Sorturen legeztatzea ez da atzeratu behar». Horrela, Lokarriko eledunaren hitzetan, «segurtasun, askatasun eta berdintasun egoera lortuko litzateke alderdi politiko guztientzat, eta aukera handien une honi aurre egitea ahalbidetu etorkizuna eta bizikidetza eraikitzeko».

«Zero puntua»

«Geure historiaren zero puntuan gaude», esan zuen Paul Riosek. Iraganean bizikidetzarako alderdi negatibo gehiegi egon direla esan zuen: indarkeria, giza eskubideen urratzeak, askatasunen murrizketak, elkarrizketa gabezia, adostasunak lortzeko ezintasun gehiegi... Orain, berriz, egoera hobetu egin dela erantsi zuen: «Orain da unea denon artean bat egiteko, egoerak merezi duen bezala jokatuz eta etorkizuna zentzuz kudeatuz».

Horretarako, Lokarriren helburua «bizikidetza barneratzaile baten eraikuntzarako erdibideko erraila erakutsiko duen eta lortutakoa defendituko duen espazio soziala mantentzea» izango dela esan zuen Riosek, eta alboratu beharrezkotzat jo zituen «porrotean eta irainean oinarritutako amaiera nahi dutenen eta indarkeriari esker haren amaiera lortu dela sinetsarazi nahi digutenen jarrerak».

Harrotasunez

Indarkeriaren amaieraren domina jartzeko egunotan izan diren jarreren aurka, garaipena euskal gizarte osoarena izan dela esan zuen Lokarrik, baina urteotan erakutsitako jarrerarekin eta egindako lanarekin gizarte sareak egin duen ekarpenaz harro egoteko esan zien Lokarriko kideei.

Publizitatea